}

Kopepodoentzat algak ez dira batere toxikoak

2002/09/30 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Xabier Irigoien hondarribiarrak zuzendutako ikerketa Nature aldizkariaren azalean agertu da irailaren 26ko zenbakian.

AZTI fundazioko Xabier Irigoienek, beste bost herrialdetako ozeanografia
eta ikerketa-institutuekin elkarlanean, kopepodoei buruzko ikerketa bat burutu du: kopepodoen ugalketan elikagaiek izan dezaketen eragina aztertu dute.

Kopepodoak itsasoan bizi diren animalia mikroskopikoak dira. Itsasoko elika-katean betetzen duten maila garrantzitsua da, arrainen oinarrizko elikagaietako bat baitira. Horregatik, kopepodo asko egotea ezinbestekoa da gero arrain asko izateko.

Aldi berean, kopepodoak fitoplanktonaz elikatzen dira. Fitoplanktona hainbat alga mikroskopikok osatzen dute, eta horien artean garrantzitsuenak diatomeoak dira. Beraz, diatomeoek, kopepodoek eta arrainek itsas ekosisteman elika-kate garrantzitsua osatzen dute.

Kopepodoekin eta diatomeoekin hainbat azterketa egin dira laborategian eta, horietako batzuetan, diatomeoek kopepodoen ugalketan eragina izan zezakeela proposatu zen. Dirudienez, diatomeoek kopepodoen arrautzentzat toxikoa izan litekeen konposatu bat ekoizten zutela esan zen.

Irigoienek, eta berak koordinatu duen zientzialari-taldeak, naturan horrelakorik gertatzen den aztertu dute, hau da, itsasoan diatomeoen populazioa asko handitzeak kopepodoen ugaltzeko gaitasunean eragiten duen edo ez. Horretarako, diatomeo ugari dagoen itsas-ekosistema batzuetan hartu dituzte laginak, esaterako, Oregonen, Namibian eta Norvegiako fiordoetan.

Diatomeoen lagin horiek toki bakoitzeko kopepodoen ugaltze-tasarekin konparatu dituzte eta batak besteari ez diola eragiten ondorioztatu dute. Haien esanean, bi arrazoi egon daitezke laborategietan kopepodoen ugaltze-tasa jaisteko: batetik, litekeena da diatomeoek elikagai gutxi izatea eta, ondorioz, horiek bakarrik janez gero, kopepodoen ugaltze-tasa jaistea. Bestetik, litekeena da baita ere kopepodoak elikatzeko erabiltzen den diatomeo-mota toxikoa izatea.

Edonola ere, zientzialariek egin duten azken ikerketa horrek naturan horrelakorik ez dela gertatzen frogatu du; beraz, diatomeoek ez dute inolako kalterik eragiten elika-katean.

Xabier Irigoien 35 urteko hondarribiarra da. Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan, egin zituen biologia ikasketak, Bordeleko Unibertsitatean osatu zituen ozeanografia-ikasketak, eta han egin zituen masterra zein doktore-tesia. Bartzelonako Itsas Zientzien Institutuan bi urtez jardun zuen ikerketa-lanetan eta azken 6 urteak Britainia Handian eman ditu. Plymouth Marine Laboratory eta Southampton Oceanography Centre
ikerketa-guneetan burutu du Nature -k argitaratu berri dion ikerketa-lana. Gaur egun, Pasaian, AZTI fundazioan, dihardu Xabier Irigoien-ek 5 urterako Ramon y Cajal beka eskuratu ondoren.

Ikerketaren nondik norako guztiak datorren asteazkenean kontatuko dizkigu Xabierrek berak Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla saioan, arratseko 8etatik aurrera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia