}

Kontuz! Segada prestatu dute inurriek

2005/04/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Amazoniako inurri ñimiño batzuek eurek baino askoz handiagoko harrapakinak ehizatzen dituzte. Horretarako, bizi diren landarean abaraska-itxurako tranpa bat prestatzen dute, eta zulotxoetan gordeta itxaroten dute harrapakina tranpan erori arte. Orduan, gogor heltzen diote hanketatik eta antenetatik, eta berehala iristen dira inurri gehiago, harrapakinari koska egitera, guztiz paralizatzearren.

Ordutik aurrera, prozesua motelagoa da. Izan ere, harrapakina, askotan, inurriak baino askoz ere handiagoa da, eta denbora dezente behar izaten dute hura txikitzeko.

Inurriek Allomerus decemaarticulatus izena dute, eta Tolosako Paul Sabatier Unibertsitatean egin dute ikerketa. Orain, Nature aldizkarian argitaratu dute. Ikertzaileen ustez, deigarriena da inurriek onddoak hazten dituztela landarean, eta, dirudienez, landarez landare eramaten dituztela onddoak. Onddo horien bidez, tranpari egitura sendoa ematen diote. Nonbait, orain arte ez dute horrelakorik ikusi inurrietan.

Bideoa ikusi nahi baduzu, egin klik hemen.