}

Kontinente zuriko laborategi naturala

2000/01/30 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Lurrean toki bitxien bila hasi, eta nekez aurkitu ahal izango litzateke Antartika baino bitxiagorik. Bere paisaiaren lasaitasun eta edertasun paregabea alde batera, Lurrean nazionalitaterik ez duen toki bakarrenetarikoa da. Ikerketak egiten boladaka egoten direnak izan ezik, han ez da gizakirik bizi eta, oraingoz bederen, bere baliabide naturalak ez dira merkataritzako zirkuituetan sartu. Horregatik, zientzialarien ikuspegitik, Antartikak interes handia du.

Gaur izotz dena duela 100 milioi urte toki bero eta oparoa zen, landarez betea. Hasierako bereizketaren eta kontinenteen jitoaren ondorioz, eremu polarrera iritsi zen eta, poliki-poliki, gaur egun duen itxura hartu zuen. Gaur egun, hango izotz-azalaren sakonera, batezbeste, bi kilometrokoa da. Lurrean dagoen izotzaren % 90 han dago.

Antartika egon bazela, aspaldiagotik esaten zen arren, XVIII. mendera arte ez zen bere ezaugarriei buruzko benetako daturik izan. Horren erruduna James Cook nabigatzaile ingelesa izan zen, 1772-75 epean Antartikari bira eman baitzion. Lehia-giroan jardun zuten hainbat esploratzaileren ekimenez, XIX. mendean Antartikaren perimetroari buruzko datu geografikoak bildu ziren. Hego Polora iritsi zen lehen gizakia Roald Amundsen izan zen, 1911ko abenduan. Mende honetako erdialdetik hona, gizakien presentzia Antartikan ohikoa izan da.

Ikerketa-gune

Kontinente zurian ikerketa ugari egiten ari dira; beharbada, izan ditzakeen eraginagatik, interesgarrienak klima globalarekin zer ikusia dutenak izan daitezke. Izan ere, Antartikan, dagoen tokian egoteagatik eta bere ezaugarri fisikoen eraginez, ozono-geruzaren suntsipena beste inon baino handiagoa da. Kontinente izoztuaren gaineko ozono-geruzaren zuloa -ez da benetako zuloa, ozono-geruzaren lodieraren mehetzea bakarrik-, hondamendiaren eboluzioaren erakuslerik argiena da.

Zulo hori ikertzea arazoaren jatorria ezagutzeko, arazoaren garrantziaz jabetzeko eta, arazoari balizko irtenbideak aurkitzeko ezinbestekoa gertatu da. Zulo hori behar bezala aztertzea, Lurraren osasun-egoera aztertzearen pareko izan daiteke.

Antartikako airea planetako garbiena da. Horri esker, kimika atmosferikoari buruzko ikerketak lurrazalean egin daitezke, hegazkinak erabili gabe. Eta erabiltzea behar izanez gero ere, eremu horretako ezaugarriak ezin egokiagoak dira globo-zundentzat.

Bestalde, Antartikako izotza ozono-geruzaren galeraren bezain garrantzitsua den beste fenomeno bat ikertzeko baliozkoa ere bada: berotze globala. Lurreko klima hain aldakorra eta konplexua denez, tenperaturaren igoera globalaz ohartzea zaila da. Izotzaren eta uraren arteko orekak horretan lagun dezake. Gaur egungo satelite artifizialei esker, teledetekzio-teknikez baliatuta erraza da begirada bakar batean Antartikako izotz-kopuruaren inbentarioa egitea. Kontuan hartuz gero Lurreko izotzaren % 90 kontinente zurian dagoela, izotz-masa apur bat txikitzea berotze globalaren adierazlerik nabarmenena izango litzateke.

Bizia muturrera eramanda

Klimaren ikuspegitik ez ezik, biologiaren aldetik ikusita Antartika ezin interesgarriago bihurtu da. Azken urteetan ustekabeko aurkikuntza ugari gertatu da, hango baldintzetara egokitu behar izan duten izaki bizidunek irauteko estrategia harrigarriak erabiltzen baitituzte.

Arroka-barruetan bizi diren mikroorganismoek, izotz azpiko lakuetan bizi direnek… guztiek habitat gogorretara ohitu behar izan dute. Zientzialariek uste baino izaki gehiago aurkitu dituzte izozpean, uste baino harrigarriagoak gainera. Eta ikerketa bera ere interesgarria izan da, Hego poloko ikerketetan teknologiaren azken aurrerapenak erabili dituzte eta. Adibidez, izotz azpian dauden lakuetako bizitza ikertzeko, besteak beste, errealitate birtualeko sistemak urrutiko agintez kontrolatzen duen mini-itsaspekoa erabili da. Kamerak dituen ibilgailu txikia da, urrun dagoen pilotuak kontrolatzen duena, laginak jasotzeko besoak ere izan ditzakeena.

Ura bezala, zientzialariak arduratu dira Antartikako lur-azpia ikertzen ere. Horretarako, urteetan ohiko tresnez eta ikerketez baliatu dira Erebus sumendia ikertzeko. Sumendi hori oraindik bizirik dago; hortaz, pentsaezina da sumendira jaistea. Robotikak irtenbidea eman die: Dante robota. Armiarma-itxura duen robot honek 8 hanka ditu, 2,5 metroko altuera, 3 metroko luzera eta 1,7 metroko zabalera du. Armiarmek amarauna egiteko egiten duten antzera, sumendi barrurantz jaisten den bitartean kablea -haria- askatzen du. Dante erdi autonomoa da. Norabideari buruzko aginduak gizakiengandik jasotzen ditu, baina berak erabakitzen du zein eta zenbat hanka zein tokitan eta nola jarri. Arriskua sumatzen badu, gelditu eta aginduen zain egoten da. Ikusteko, kolorezko sei kamerez baliatzen da, bi metrotik infinitura enfokatzeko aukerarekin. Sumendien ikertzaileentzat Erebus sumendiak eta Dante robotak aro berria ireki dute, behintzat ikertze-lanetan ez baitute arriskurik hartu beharrik izango.

Ikusten denez, bere ezaugarriak direla eta, kontinente zuria ikertzaile eta ikerketa askoren topaleku bihurtu da. Eta, aipatutakoez gain, espero da hurrengo urteetan Antartikan ikerketa gehiago ere abian jarriko direla. Izan ere, Antartikan egoki aurreikusten diren ikerkuntza-lerroak ugariak dira: Eguzkian gertatzen diren ekaitzen azterketa, neutrinoen detekzioa, meteoritoen azterketa, ekosistemaren ikerketa…. Antartikari buruz, Lurreko laborategi naturala dela dio batek baino gehiagok. Eta hemen aipatutakoagatik ez dirudi txorakeria denik. Laborategi izan edo ez, behintzat natural izaten jarrai dezala.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia