Konposizio anitzeko nanoalanbrea

Mutur batetik bestera konposizioa aldatzen zaion nanoalanbrea sintetizatu dute Harvard Unibertsitateko ikertzaileek. Nanoalanbreak miniaturazko barra-kode, diodo eta argi-iturri gisa joka dezake.

Konposizio anitzeko egitura laser mikroskopikoetako ispiluak egiteko edo argia harrapatu eta gordetzeko erabiltzen da. Gaur egun, erdieroaleen geruzez egindako sandwichak zatituz egiten da. Harvard Unibertsitatean, berriz, lurrunetik abiatuta sintetizatu dute.

Duela bi urte, nanoalanbre erdieroaleak egiteko teknika hobetu zuten. Alanbrearen muturrari itsasten zitzaion katalizatzaile-tanta bat erabiliz, lurrundutako atomoak harrapatu eta alanbrea osatu zuten. Alanbre oso finak egitea lortu zuten, merkatuan dauden txikienak baino meharragoak, alanbrearen loditasuna partikula katalizatzailearen tamainarekin kontrolatuz.

Orain, teknika beraz baliatu dira konposizio anitzeko nanoalanbrea egiteko. Laser baten bidez partikula erdieroaleak lurruntzea lortu dute, ondoren alanbre gisa kondentsa daitezen. Konposizio-aldaketa egiteko, hazten ari den alanbrea beste atomo-mota bat duen lurrunetan jarri dute. Oraingoz, galio fosfuroa eta galio artseniuroa txandaka diuten alanbrea sintetizatu dute, 20 nanometro zabal dena.

Informazio gehiago:
Nature aldizkarian

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Nanoteknologia