Elhuyar zientziaren komunikazioa

Komunitate autonomoko ibai-arroetako uren egoera

1986/08/01 Barandiaran, Mariaje | Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pasa den maiatzean, Gipuzkoako Foru-Aldundiak "Ura bizia da" lemapean urari buruzko kanpaina bati eman dio hasiera. Badirudi, gure agintariak arduratzen hasi direla horren baliagarri eta ordezkaezin den uraz. Ur-arazo larriak ditugu, eta ez Gipuzkoan bakarrik; Euskal Herri osoan baizik. Entzuna dugu alde batetik aspaldidanik Euskal Herriko ibaiak munduko zikinenetakoak direla. Bestetik, asko dira uda partean ur-hornikuntzaz arazo larriak dituzten herriak (Lazkao, Irun,...) gure Euskal Herri euritsu honetan.
Zein da bada, Euskal Herriko uren egoera? Ondoko lerroetan honen azalpen bat egin nahi dugu. Oinarria 1983.ean Eusko Jaurlaritzak agindutako ikerketa izango dugu(1). Tamalez, ikerketa hau komunitate Autonomoko ibai-arroei mugatzen zaie eta hori izango da gure esparrua beste informaziorik ezean.

Gazteok Euskal Herriko ibai nagusienak beti zikin eta kiratsu ezagutu izan baditugu ere, badirudi, eta horrela diote gure guraso eta aiton-amonek, garai batean ur garden eta garbiak isurtzen zituztela. Kolore deskribaezinezko estolda nardagarriak, elur zikin itsurako apar harroak eta itotzen gaituen kirats higuingarria, badirudi lehen ez zirela. "Begira, bestela, ibaien errepresetan izokinentzako dauden mailak" diote batzuk. Eta guk, zuhurrak garenez, eta izokinek ur garbiak laket dituztela jakin badakigunez, sinetsi egiten ditugu istorio mitologiko horiek.

Komunitate Autonomoko arroak

Komunitate Autonomoko hiru euskal probintziak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hurrenez hurren, 25 ibai-arrotan banaturik daude hidrologiaren ikuspegitik. Hauetako batzuk Bizkaiko Golkora isurtzen dituzte beren urak eta besteak Ebro ibaiaren bidez Mediterranio itsasora isurtzen dituzte. Mazela mediterraniar eta kantauriarraren muga, ia bat dator Araba/Bizkaia eta Araba/Gipuzkoa probintzi mugekin.

Araxes Amaroz baino gorago.

Gipuzkoako sei arroek Bizkaiko Golkoan dute bukaera. Hauek, Oiartzun(2), Urumea(3), Oria(4), Urola(5) eta Deba(6) ibaienak dira (*). Bidasoa ibaiak, Euskal Herriko garbienetako batek hain zuzen, Gipuzkoako lurraldean uzten ditu urak itsasoan, nahiz eta bere tarterik luzeena Nafarroan eduki.

Bizkaian 11 ibai-arro bereizten dira. Hauek ere Bizkaiko Golkora eramaten dituzte euriaren ondorioz biltzen dituzten urak. Bi ibai-arro nagusi dira: Ibaizabal(13) eta Kadaguarenak(14) alegia. Gainera, Butroe(10), Oka(9), Lea(8), Artibai(7), Karrantza(18) eta Barbadun (16) ibaiak ditugu tartean.

Azkenik, Araban 6 arro kokatzen dira, eta beraien ur guztiak, Ebro ibaiaren partaide bihurturik, Mediterraniora joaten dira. Probintzia honetako azaleraren gehiengoa Zadorra(21), Baia(20) Omecillo(19) eta Ega(24) ibai-arroek osatzen dute. Badira Araban beste arro batzuk ere: Mayor(17), Inglares(22), Araia(23) eta Errioxa(25) alegia, baina hauek oso txikiak dira eta ez daukate garrantzi berezirik.

Oiartzun ibaia Errenterian.

Bestalde, Arabako Aiara eta Laudio bailarek, Bizkaiko Kadagua eta Nerbioi ibaiei ematen dizkiete heuren urak, eta Aramaio herri arabarra Deba arroaren parte da. Era berean, Bizkaiko Otxandio eta Ubide herriak, Zadorraren sisteman sartzen dira.

Egungo egoera

Ibaien uraren kalitatea (eta edozein ur-masarena orokorki) adierazteko, erizpide desberdin asko erabil daiteke. Erabilitako erizpidea ur hori zertarako erabili nahi denaren araberakoa izango da. Erizpide desberdinak egongo dira, ur horrek bete behar dituen baldintza biologiko/kimiko/fisikoak, kontutan harturik: ura industria bateko hozte-sisteman erabili nahi bada edo herri baten ur edangarriaren hornikuntzarako erabiltzen bada, adibidez.

Leizaran, Gipuzkoako ibai birjina.

Artikulu honetan hiru erizpide desberdinetatik aztertuko da Komunitate Autonomoko ibaietako uraren kalitatea: biziaren euskarri izateko balio duen, elikapenerako erabil daitekeen eta aisian erabil daitekeenaren arabera.

Ondorio moduan

Eusko Jaurlaritzak agindutako ikerketa honek, denok somatzen genuena atera du agerira; Komunitate Autonomoko ibaien egoera guztiz tamalgarria eta grabea dela alegia.

Ondorio asko eta eritzi asko sor litezke egoera honen iturburu eta kausari buruz eta baita hondamena zuzentzeko hartu behar diren neurriez ere. Hori norberaren lana da eta norberak iritsi beharko du ondorioetara eta ondorio horiek defendatzeko hartu behar diren jarreretara. Orain, behinik behin, gertatzen ari dena ezagutzen ez dugunik ezin esango dugu.

1. MAPA: Euskal Komunitate Autonomoko uren egoera, biziaren euskarri diren heinean.

Hiru klasetan banatzen da ura biziaren euskarri izan daitekeen ikuspegitik, Europako Ekonomi Elkartearen arabera.

    Klasea: Salmonido (izokin eta amuarrain) eta ziprinidoen (karpa) familietako arrain-populazioak mantentzeko gai diren urak.
    Klasea: Honetan ziprinidoak mantentzeko gai diren urak sartzen dira.
  1. Klasea: 2. klasea baino kalitate eskasagoa duten urak.
    Egia esan mapa honek irazkin handirik ez du behar. Gainbegiratu batez berehala oharterazten gara Komunitate Autonomoko ibaietako uren kalitatea oso eskasa denaz. 2. eta 3. klaseko urak dira nagusi, Kantauriar mazelan batez ere. Gutxi dira beren ibilgu osoan zehar salmonidoak mantentzeko gai diren ibai nagusiak. Lea ibaia litzateke salbuespenik adierazgarriena. Bestalde 3. klaseko urak dira nagusi euskal arro nagusietan. Honek, urak bizia mantentzeko gai ez direla esan nahi du.

2. MAPA: Euskal Komunitate Autonomoko uren egoera, elikapenerako erabil daitezkeen heinean.

Lau klase bereizten dira ikuspuntu honen arabera:

  1. Klasea: Tratamentu sinple baten bidez, (klorazioaren edo iragazketa azkarraren bidez esate baterako) edangarri bihur daitezkeen urak.
  2. Klasea: Tratamentu arrunt baten bidez (hau da jalkipen/iragazpen delakoa dela medio) edangarri bihur daitezkeenak.
  3. Klasea: 2. klasekoek jasan behar dutenaz gain tratamentu sofistikatua behar dutenak (ikatz aktibatu edo ozonizazioa adibidez).
  4. Klasea: Elikapenerako erabili ezin diren urak, tratamentu berezia duten aparteko kasuak salbu.

Aurreko mapari egindako irazkinek ia-ia osorik balio dute honetarako, zenbait kasutan egoera, itxuraz, hobeago dela badirudi ere. Hala ere, azpimarragarria zera da: kasu honetan ere, Oria, Deba eta Ibaizabal ibaien arroak hilak egotea.

3. MAPA: Euskal Komunitate Autonomoko uren egoera erabilpen laketgarrien ikuspegitik.

Bi ur-klase desberdintzen dira atal honetan.

  1. Klasea: Ura ukitzen deneko erabilpen laketgarrietarako egokiak diren urak.
  2. Klasea: Ura ukitzen deneko erabilpen laketgarrietarako desegokiak diren urak.

Euskal ibai eta erreketan ez bainatzea hobe dela ondorioztatzen da hemendik.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia