}

Komunikazio ultrasonikoa igeletan

2006/03/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Amolops tormotus, horrela du izena zientzialariak harritu dituen Txinako igelak. Uharretako belarri ahurreko igela ere deitzen diote; ondo izen deskriptiboa, alajaina! Hala ere, egokia da esaldi bakar batean biltzeko igelaren berezitasunetako batzuk. Hain zuzen ere, uharretan bizi da, eta belarri benetan bitxia du, barrurantz sartuta baitu.

Baditu, baina, bitxikeria gehiago: hasieran, abestu egiten duela jakinarazi zuten igela aztertzen zebiltzan ikertzaileek; gero konturatu ziren ultrasoinuak igortzen zituela, eta orain frogatu dute gaitasuna duela beste batek igorritako ultrasoinuak jasotzeko eta horiei erantzuteko. Antza denez, belarriaren itxurari zor dio ultrasoinuak entzuteko gaitasuna.

Illinoisko Unibertsitateko ikertzaileak aritu dira igela aztertzen, eta ikusi dute igel arrek erantzun egiten diotela beste igel batek igorritako soinuari, bai entzun daitekeenari bai ultrasoinuetan igorritakoari. Ikertzaileen ustez, horretarako gai izatea oso lagungarria da bizi diren inguruan komunikatu ahal izateko, ur-soinuak beste guztiak estaltzen baititu uharretan.

Saguzarrek, itsas ugaztunek eta karraskari batzuek ere badute ultrasoinuen bidez komunikatzeko gaitasuna, baina ugaztuna ez den animalia batean hori ikusten duten lehenengo aldia da. Ikerketaren emaitzak Nature zientzia-aldizkarian argitaratu dituzte.

Argazkia: Albert Feng, Illinoisko Unibertsitatea.