Kolpe batez pintada ezabatuta
1990/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Badirudi oraingo honetan fabrikatzaile britainiar batek graffitti edo pintadak ezabatzeko produktu bikaina lortu duela. Argazkian behintzat, Londreseko autobusean garbi ikusten da hori.
Delako produktua, pintura moduan saltzen da. Bi osagai dituen pintura aplikatu ondoren, gogortu eta distiratsu bihurtzen da. Lehortzen denean, kimikoki geldoa da, produktu kimikoek ez diote erasotzen eta ez du surik hartzen. Pintura honetan gertatzen den erreakzio kimikoan, molekula guztiek hartzen dute parte eta bat bera ere ez da geratzen pintadari itsasteko aukera emango dionik. Aerosol, igeltso, pintura edo zerbaitez gainean letrak edo beste edozer pintatzen bazaio, pintada hortxe "egoten" da itsatsi gabe, eta kentzeko aski da belakiz igurtzitzea.
Pintura berri honek hamar urtean mantentzen omen ditu bere ezaugarriak eta brotxaz nahi pistolaz eman daiteke metal, hormigoi ala adreilu gainean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia