EHUko Materialen Propietate Termofisikoen taldeko ikertzaileek frogatu dute kobre kobaltatozko nanoorratz ultrabeltzek propietate termiko eta optiko bikainak dituztela, eta energia xurgatzeko oso egokiak direla. Horrek bidea erraztuko dio eguzki-energia kontzentratuari.
Halako instalazioetan, hainbat ispiluk dorre xurgatzaile batera bideratzen dute eguzki-izpien energia. Dorreetan xurgatzen den eguzkiaren beroa energia termiko gisa gordetzen da, eta gero erraza da energia termiko hori energia-sarera sartzea. Gaur egun eguzki-dorreetan erabiltzen diren materialek, silikona beltzek, argiaren % 95 xurgatzen dute. Hori asko da, baina emaitza are hobeak lortzeko ikertzen dabiltza hainbat ikerketa-talde mundu osoan.
«frogatu dute kobre kobaltatozko nanoorratzek argiaren % 99 xurgatzen dutela, eta are gehiago zink oxidoz estalitakoek: % 99,5»
EHUn, berariaz sortutako punta-puntako tresneriaren bitartez, material berrien propietateak neurtzen dituzte. Hain zuzen, San Diegoko Kaliforniako Unibertsitateak EHUko ikerketa-taldearen laguntzarekin patentatutako kobre kobaltatozko nanoorratzen karazterizazio termooptikoa egin dute. Eta frogatu dute kobre kobaltatozko nanoorratzek argiaren % 99 xurgatzen dutela, eta are gehiago zink oxidoz estalitakoek: % 99,5.
Gaur egun, Andaluzian eta munduko zenbait basamortutan daude eguzki-dorreen instalazioak. Espainian energiaren % 5 baino ez da hornitzen teknologia honen bidez, baina etorkizunerako abantaila asko dituela azpimarratu dute ikertzaileek, erabat garbia baita, eta eguzkiak distiratzen ez duenean ere erabil baitaiteke.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia







