}

Klonazioa, hain gertu eta hain urrun

2002/02/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Bi ikerketaren emaitzek klonazioari begira jarri gaituzte berriz ere. Japoniako ikertzaileek klonatutako saguak besteak baino gazteago hiltzen direla ikusi dute eta, Estatu Batuetakoek, berriz, zelula helduak enbrioi zelula bilaka daitezkeela frogatu dute. Baina goazen pausoz pauso.

Klonazioa zertan datzan behin eta berriz errepikatu dugu: zelula heldu baten material genetikoa nukleorik gabeko obulu batean txertatzen da, ezaugarri genetiko jakin batzuk dituen enbrioia garatzeko. Ikuspuntu praktikotik klonazioak ez dauka gaur egun misterio handirik; saguak, ardiak, behiak, txerriak, etab. nahiko ‘erraz’ klonatu dira. Zientzialariek teknika menderatzen dutela dirudi, eta izugarri azkar pasa gara ardietatik gizakiez hitz egitera, baina oraindik orain oinarrizko galderak erantzuteke daude.

Horietako asko birprogramazioaren ingurukoak dira. Zelula helduaren material genetiko ‘zaharra’ obuluan txertatzen denean, obuluak ADN hori ‘gaztetu’ egiten du; hau da, enbrioi baten ADNak izango lituzkeen ezaugarriak ematen dizkio. Prozesu hori oso azkar gertatzen da eta klonazioaren akats gehienen jatorria dela uste da.

Ildo horretatik, Gaixotasun Infekziosoen Japoniako Institutuak klonatutako saguen biziraupena aztertu du. Klonatutako 12 saguren eta bestelako 7ren biziraupena konparatu du. Gainera, obuluetan esperma txertatuz beste 6 sagu sortu dituzte, horrela klonazioan egiten diren urratsak simulatzeko. Klonatutako 12 saguetatik 10 pneumoniak eta gibeleko gaitzak jota hil ziren 800 egun bete baino lehen –saguen biziraupena 800 egunekoa da–; besteetatik, aldiz, hiru besterik ez ziren hil.

Japoniako ikertzaileen ustez, klon gehienak jaio aurretik edo jaio eta berehala hiltzen dira, eta aurrera egiten duten urriek ‘markatuta’ egiten dute aurrera. Hau da, aurreikus ezin daitezkeen akatsak epe luzean erakutsiko dituzte. Japoniarren ustez klonazioa bera da akastuna, eta akats horiek beti agertuko dira neurri handiagoan edo txikiagoan. Beste batzuen ustez, ordea, teknika erabat menderatuz gero, akats horiek eragoztea lortuko da.

Zelulak aukeratzean egon daiteke gakoa

Cambridge-ko Whitehead Institutuko ikertzaileek klonazioaren erroetara jo dute, eta oinarrizko galderetako bati erantzuten saiatu dira. Zelula helduen ADNa birprogramatu eta enbrioien ADN bilaka al daiteke? Edo, bestela esanda, orain arte klonatu diren animalia guztiak benetan zelula helduetatik abiatuta lortu al dira?

Orain arte, ontzat jo da galdera horren erantzuna baiezkoa zela, nahiz eta inoiz ezin izan den frogatu. Dolly eta beste guztiak zelula helduen ADNtik abiatuta lortu direla esan zaigu, baina baliteke hala ez izatea. Posible da klonatutako animaliak zelula helduekin nahasita zeuden zelula ama berezien ondorio izatea.

Hipotesia frogatu nahian, Whitehead Institutuko ikertzaileek, B eta T linfozito helduetatik abiatuta, saguak klonatu dituzte. Sistema immunologikoaren osagai horiek marka genetiko bereizgarriak dituztenez, klonatutako saguak ere izango lituzke, klonatutako enbrioia benetan zelula helduetatik abiatuta garatuz gero.

1.000 saikera egin ondoren, 260 enbrioi ezarri dituzte, eta horietatik 21 sagu jaio dira. Horrela, zelula helduen material genetikotik abiatuta klonak lor daitezkeela frogatu dute, nahiz eta emaitzak oso kaskarrak diren. Dolly-ren ondoan, esaterako, esperimentuaren arrakasta askoz mugatuagoa izan da.

Horregatik, behin betiko frogarik lortu ez dutelakoan daude. Alde batetik, agerian geratu da zelula helduen material genetiko ‘zaharra’ birprogramatu eta klonatutako enbrioiak lor daitezkeela, baina prozesu horren arrakasta hain txikia izaki, klonatutako animalia guztiak zelula helduen fruitua direnik ezin da ziurtatu. Izan ere, baliteke zelula batzuk besteak baino egokiagoak izatea. Galderak, beraz, airean dirau, klonazioaren konplexutasunaren erakusle.

Informazio gehiago:
Nature aldizkarian

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia