Klonatutako behi-ehunak transplantatu dituzte errefusarik gertatu gabe
2002/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Klonazioaren abantaila handietako bat norberaren neurrira egindako transplanteak izango direla esaten da eta, ildo horretatik, aurrerapauso garrantzitsua eman dutela iragarri dute Advanced Cell Technology (ACT) laborategi estatubatuarrak, Harvard Mediku Eskolak eta Bostongo Umeen Ospitaleak. Klonazioz lortutako behi-ehunak laborategian hazi eta bihotz, hezur eta giltzurrun bihurtu dituzte. Horretarako, klonatutako
enbrioia 5-6 astez behi baten sabelean hazten utzi dute, organo-ehunak
era zitezen, gero erauzi eta prozesua laborategian amaitzeko. Horrela,
miniorganoak lortu omen dituzte. Gero, behi emaileari, hau da, jatorrizko
klonari, giltzurrun horietako bat transplantatu diote. Ikertzaileen arabera, berria oso garrantzitsua da errefusarik sortzen ez duten transplanteak egin daitezkeela frogatu dutelako. Izan ere, ohiko transplanteekin beti dago errefusa gertatzeko arriskua, beste baten organoa eta beste baten informazio genetikoa direlako; baina organoa norberaren material genetikotik abiatuta hazten bada, hau da, klonazioz, errefusaren arazoa errazago gaindi daiteke. Behitik gizakira alde biologikoak eta legezkoak daude, ordea. Legez, giza enbrioiak ezin dira 14 egun baino gehiago in vitro hazi eta ezin da horiek baino helduagoak direnetatik ehunik erauzi. Beraz, giza organoak zeluletatik abiatuta garatu beharko lirateke laborategian, eta ez, behiekin egin duten bezala, enbrioien ehunetatik.
|

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia