}

Kirola egitean jariatzen den hormona bat isolatu dute: irisina

2012/01/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kirola-egitean-jariatzen-den-hormona-bat-isolatu-d
Korrikalariak, Idiazabalen jokatutako lasterketa batean. - Arg. Izal krossa

Ariketa fisikoa egitean giharretako zelulek jariatzen duten hormona batek, irisinak, osasunean dituen onurak frogatu ditu ikertzaile-talde batek. Horrez gain, hormona isolatu dute, eta, saguei injektatuta, ariketaren bidez lortzen diren ondorio berberak eragiten dituela erakutsi dute. Hori ikusita, iradoki dute irisinak erabilera terapeutikoa izan dezakeela, bereziki, obesitatean eta diabetesean, baina, agian, baita minbizi batzuetan ere. Ikerketaren xehetasunak Nature zientzia-aldizkarian argitaratu dituzte.

Ikerketaren arabera, irisina hormonak eragin zuzena du ehun adiposoan: ariketa eginez jariatuta zein odolean injektatuta, irisinak gantz zuria (osasunerako txarra) gantz arre (onuragarria) bihurtzen du. Gainera, glukosarekiko tolerantzia areagotzen du.

Halaber, sagu sedentarioekin egindako esperimentu batean frogatu dute hamar egunez irisina injektatu ondoren odoleko glukosa-kontzentrazioa eta intsulina-maila hobeak zirela, esperimentua hasi aurretik baino. Aldi berean, ez zuten inolako albo-ondoriorik hauteman. Saguen irisina eta pertsonena berdinak direnez, pazienteak tratatzeko erabili ahal izango dela espero dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia