}

Kimikako Nobel saria: proteinen degradazioa

2004/10/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

2004ko Kimikako Nobel saria Aaron Ciechanover eta Avram Hershko israeldarrei eta Irwin Rose estatubatuarrari emango diete. Biokimikariak dira, eta batez ere proteinen degradazio kontrolatua ikertu dute.

Zelula etengabe ari da proteinak sintetizatzen eta ezabatzen, eta bi prozesu horiek abiadura handian gertatzen dira. Oso prozesu kontrolatuak dira: beharrezkoak diren proteinak bakarrik sintetizatzen ditu zelulak, eta behar ez dituenak bakarrik ezabatzen ditu. Proteinen sintesiak arreta handia sortu zuen biokimikariengan hasiera-hasieratik, baina proteinen ezabatzea, aldiz, ez zuten askok ikertu. Hain zuzen ere, ezabatzea nola gertatzen den argitu zutenei emango diete aurtengo Kimikako Nobel saria.

Aaron Ciechanover, Avram Hershko eta Irwin Rose.

Proteinen ezabatzea molekula baten ziklo baten bitartez gertatzen da. Molekula hori ere proteina bat da, tamainaz txikia eta beste edozein proteinari itsas dakiokeena: ubikitina. Eta huraxe da zelulak erabiltzen duen trikimailua ezabatu beharreko proteinak markatzeko: ubikitina itsatsita duen edozein proteina txikituko du zelulak.

Horretarako, proteosoma izeneko egitura batean sartzen du markatutako proteina. Beste proteina askoz osatutako egitura da proteosoma, eta haren barruan bi prozesu gertatzen dira: alde batetik, markatutako proteina txikitu egiten du zelulak, eta, bestetik, itsatsitako ubikitina berreskuratu egiten du. Berriz ere markatzaile moduan erabiltzeko berreskuratzen du zelulak ubikitina. Horrela, itxi egiten da zikloa.

zelulak ubikitinaz baliatzen ira ezabatu beharreko proteina markatzeko.

Ziklo horren funtzionamendua funrsezkoa da zelularentzat. Kontuan hartu behar da proteina degradatuta aminoazidoak lortzen dituela, eta beste prozesu batzuetan erabil ditzakeela aminoazido horiek. Beraz, aminoazidoak ere birziklatzen ditu zelulak.

Azken batean, zikloz osatutako katea da zelularen funtzionamendua. Adibidez, proteinak sortze eta ezabatze horiek huts egiten badute, oreka apurtu egin daiteke, eta gaixotasun larriak ager daitezke. Kasu batzuetan, minbizia ere sortu da ubikitinaren zikloan arazoak izateagatik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia