Nobel Akademiak azaldu duenez, hiru sarituek arkitektura molekularraren forma berri bat garatu dute. Arkitektura horretan, ioi metalikoek molekula organiko luzeak lotzen dituzten giltzarri gisa funtzionatzen dute, eta egitura kristalino bat sortzen dute. Egitura horiek poro izugarri handiak dituzte, eta kimikariek beren neurrira diseina ditzakete. Gainera, erreakzio kimikoak eragin ditzakete eta elektrizitatea eroaten dute.
Ezaugarri horiek sekulako aukerak ematen dizkiete, lehen pentsaezinak ziren aplikazioetarako. Nobel Akademiak hauek aipatu ditu, besteak beste: basamortuko airetik ura erauztea, frutaren etilenoa harrapatzea (inguruko frutak ontzea eragiten baitu), karbono dioxidoa eta gas toxikoak biltegiratzea, uretako PFASak iragaztea, baita tumoreetara farmakoak bideratzea eta askatzea ere.
«hiru sarituek arkitektura molekularraren forma berri bat garatu dute»
Diamante-itxurako egitura
Richard Robsonek jarri zuen lehen harria, atomoen berezko propietateak beste modu batean erabiltzean. Zehazki, 1989an, positiboki kargatutako kobre-ioiak lau beso dituen molekula batekin konbinatu zituen, tetrazianotetrafenilmetanoa. Molekula horrek, beso bakoitzaren amaieran, nitrilo-taldea du, zeinak positiboki kargatutako kobre-ioak erakartzen dituen. Konbinazio horrek diamante-itxurako egitura kristalino bat eratzen zuela ikusi zuen.
Robsonek berehala antzeman zuen bere eraikuntza molekularraren ahalmena, eta, konbinazioak aldatuz, molekula desberdinak har zitzaketen egiturak aurkeztu zituen. Desegonkorrak ziren, ordea, eta erraz kolapsatzen ziren.
Egonkorra eta malgua
Hala ere, lehen pàuso hark jarraipena izan zuen. Susumu Kitagawak “alferrikakoaren erabilgarritasuna” bilatu zuen, sinetsita baitzegoen hasieran baliagarria ez zen zerbait gero onuragarria izan zitekeela. Hala, 1992an bere lehen egitura molekularra aurkeztu zuen. Ez zen bereziki erabilgarria: bi dimentsioko egitura bat zen, poroetan azetona gordetzen zuena.
Probak egiten jarraitu zuen, eta 1997an bere lehen arrakasta lortu zuen: egitura egonkorrak sortzea lortu zuen, gasak hartu eta bota zezaketenak. Gerora, MOF malguak ere egiteko gai izan zen: biriken antzera, bolumena egokitzen zuten gasak hartu eta askatzean, egonkortasuna galdu gabe.
Bere aldetik, Omar Yaghi ere material berrien sorreran ikertzen ari zen. Bere helburua zen diseinu arrazionala erabiltzea, nahi zituen egiturak lortzeko. 1999an, bere lehen egitura metal-organikoa aurkeztu zuen, MOF-5. Klasiko bat bihurtu da: egitura egonkorra da, poro bereziki handiak dituena, eta 300 ºC-ra arte berotu daitekeena kolapsatu gabe, baita hutsik egonda ere.
Nobel Akademiaren aitortzak hiru sarituek egindako lanaren garrantzia eta eragina berretsi du.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia