
Kilauea sumendia Hawaiiko Irla Handiko sumendi gazteena da.Topografikoki, Mauna Loa sumendiaren konkor bat dirudi. Izan ere, Mauna Loaren hego-ekialdean dago eta urte askotan haren satelitetzat hartu izan da, eta ez sumendi bakantzat. Gainera, Kilauearen zati handi bat itsaso azpian dago. Alabaina, azken hamarkadetan egindako ikerketetan, magma-biltegia eta sistema propioa dituela jakin dute geologoek. Hain zuzen ere, lurzoruaren azpian 60 km baino handiagoko sakonerara iristen da Kilauea sumendiaren magma-biltegia.
Kilauea munduko sumendi aktiboenetakoa da, eta, oraintxe bertan, bizi-bizirik dago, etengabe ari da magma kanporatzen. Hawaiiko sumendien erupzioak beste sumendi-mota batzuenak bezain bortitzak eta gogorrak ez izan arren, Kilauearen jarioa izugarria da, eta labak harrapatzen duen guztia eraldatzen du. Irudiek agerian uzten dute Kilauearen ahalmena.
Elhuyar Zientzia







