}

Kautxu eroalea

1989/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

autxua ezagutzen den materialik isolatzaileenetako bat izanik ere, eroale bihurtu du Bell Laboratories delakoetan lan egiten duen Minal Thakur kimikariak. Iodoaren bidez dopatuz, 10 mila milioi bider handiagotu du kautxuaren eroankortasuna.

Azken hamarkadan zehar, kimikariek polimeroak eroale bihurtzeko metodo sofistikatuak garatu dituzte. Thakur-en lanaren arabera, polimerorik arruntena, kautxua alegia, alde batera utzi dute.

Kimikarien eritziz, polimeroa eroale izan dadin, katea polimerikoko atomoek lotura bikoitz konjokatuz (hots, lotura sinple eta bikoitz alternatiboz) loturik egon behar dute. Horrela, elektroiak errazago higitzen dira katean zehar. Elektroi bat higitzen denean, zulo positibo bat uzten du. Zulo hau beste elektroi batek beteko du, azken honek zulo positibo berri bat utziko duelarik. Polimero eroaletan elektrizitatea, zuloak eta elektroiak katearen mutur batetik beste batera higitzen direlako eroaten da. Poliazetilenoa hauetako bat da.

Polimero gehienek, kautxuak esaterako, ez dute lotura bikoitz konjokaturik. Kautxua makina bat aldiz errepikatzen den 5 karbono-atomoz osatutako unitateek osatzen dute eta unitate bakoitzean lotura bikoitz bakarra dago.

Iodoa oxidatzaile kimikoa da eta lotura bikoitzari erasotzen dio. Iodoak gainera eroale bihurtzen du kautxua. Iodoak lotura bikoitz isolatuetatik elektroiak erauzten ditu zuloak utziz. Zuloek kateatik kateara jauzi egiten dute eta elektrizitatea eroan daiteke lotura konjokatuen kasuan legez.

Kautxuak eta antzeko beste polimeroek abantaila nabarmenak dituzte ohizko polimero eroaleen aurrean. Lotura bikoitz gutxiago izanik, malguagoak dira eta errazago moldeatzen eta maneiatzen dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia