}

Karl von Frisch: Erleekin dantzan

2018/11/30 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

karl-von-frisch-erleekin-dantzan
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Munich, 1941aren hasiera. Unibertsitatetik zetorren gutun hura ikusi orduko, susmo txarra hartu zion. “...alde egitera behartzen zaitugu, 1937ko legearen arabera, ez baitituzu irakasle izateko baldintzak betetzen”. Lehenago ere ohartarazpenak jasoa zen, bere laborategian judu gehiegi hartzen zituelako. Eta hara non aurkitu zuten amona judua zuela jatorriz, eta, beraz, ez zela ariar garbia. Oraingoan, ez zuen ihesbiderik ikusten.

Hainbat lankide saiatu ziren babesa ematen, unibertsitatean jarrai zezan. Baina, azkenean, erleek salbatuko zuten. Urte haietan milaka erlauntz ari ziren galtzen Europa osoan, Nosema onddo bizkarroiaren eraginez. Arazoa larria zen, are gehiago gerra-garaian, elikagaiak urriak zirenean. Elikagaiak ekoizteko hain garrantzitsuak ziren polinizatzaileak galtzea hondamena izan zitekeen. “Nosema batzorde berezia” sortu zuten, eta batzorde haren buruak lortu zion ikertzen jarraitzeko baimena, Elikagaien Ministerioak emana. Izan ere, batzorde-buruaren esanean, “munduko erle-ikertzaile arrakastatsuena” zen Karl von Frisch. Ez zebilen batere oker; handik 30 urtera, Nobel saria emango zioten, erleekin egindako lanagatik.

Karl von Frischek txikitatik izan zituen gustukoak animaliak. Vienan jaio zen, 1886an. Eskola-garaiko eguneroko batean jasota dago logelan 123 animalia-espezie edukitzera iritsi zela: “9 ugaztun-espezie, 16 hegazti-espezie, 26 odol hotzeko lehorreko ornodun, 27 arrain, eta 45 ornogabe”. Animalia haien portaera behatzea zen von Frischen pasioa. Eta zenbait behaketa argitaratu ere egiten zituen naturalista amateurrentzako aldizkari batean; adibidez, bere akuarioko itsas anemonek, begirik izan ez arren, argiari erantzuten ziotela aurkitu zuenekoa.

Aitaren pausoei jarraituz, Medikuntza ikasten hasi zen Vienako Unibertsitatean. Baina bere bidea ez zela hura konturatu, eta, hirugarren ikasturtearen erdian, Medikuntza utzi eta Municheko Unibertsitatera joan zen, Zoologia ikastera. Doktoretza-tesian ezkailuen argi-pertzepzioa eta kolore-aldaketa ikertu zituen. Ezkailuek buru-gainean “hirugarren begi primitibo” bat dutela aurkitu zuen, eta hark jasotzen duen argiaren arabera aldatzen dutela kolorea.

Garai hartan uste zenaren kontra, arrainek entzumena bazutela ere frogatu zuen. Janaria ematen zienean txistu eginda, arrainek ikasi egiten zuten txistu-hotsa janariarekin lotzen; eta, hura entzutean, janari bila hasten ziren, baita janaririk ez bazegoen ere.

1912 inguruan hasi zen erleekin esperimentuak egiten. Hasteko, koloreak ikus zitzaketela frogatu nahi zuen. Izan ere, uste zen intsektuak ez zirela horretarako gai. Von Frischek, ordea, ez zuen ulertzen orduan zergatik zituzten loreek halako koloreak, polinizatzaileak erakartzeko ez bazen. Kartoi urdin bat jarri zuen hainbat gris-tonutako beste kartoi batzuen artean, eta urdinaren gainean almibarrez betetako erretilu bat. Erleek almibarra kartoi urdinarekin lotzen zuten, eta almibarra kendutakoan ere urdinera joaten jarraitzen zuten; baita kartoiaren kokapena aldatuta ere. Erleek primeran bereizten zituzten koloreak.

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Eta beste gauza batez ere ohartu zen. Erretiluak hutsak zaudenean, noizean behin erle esploratzaileren bat baino ez zen agertzen. Baina esploratzaile haietakoren batek erretilu bat beteta aurkitzen bazuen, berehala betetzen zen mahaia erlez. Von Frischek pentsatu zuen esploratzaileek nolabait abisua pasatzen zutela erlauntzara.

1919ko egun batean, pinturaz puntuak margotuz markatu zituen erretiluko almibarra aurkitzen zuten esploratzaileak, eta erlauntzara joan zen jarraian. “Ia ezin nuen sinetsi nire begiak ikusten ari zirena. Esploratzailea biribilean dantzan ari zen, ondoko erleek antenekin ukitzen zuten bitartean. Gero, erle haiek zuzenean joan ziren erretilura”. Dantza huraxe zen janari bila joateko abisua, eta ikusi zuen zer bilatu behar zuten usainaren bidez erakusten zietela esploratzaileek. Hala, taldeak osatzen ziren, esploratzaileek aurkitutako iturri bakoitzerako.

Familiak uda pasatzeko zuen etxean zituen erleak von Frischek, Wolfang aintziraren ondoan, Austriako Alpeetan. Hantxe egiten zituen esperimentu gehienak. 1944an, aliatuen bonbaketariak Munich erasotzen hasi zirenean, von Frischen taldekide batzuk, laborategitik ahal zuten material guztia hartu, eta etxe hartara joan ziren, von Frischen familiarekin batera. Handik gutxira, suntsituta gelditu ziren unibertsitateko laborategiak eta von Frischen etxea.

Uda hartan, erleen dantzari buruzko aurkikuntza are txundigarriagoak egin zituen. Almibar-erretilua erlauntzatik gertu jarri beharrean, 150 bat metrora jartzea otu zitzaion. Izpiliku-usaina eman zion erretiluari, eta usain bereko beste bi erretilu jarri zituen, bat almibarra jarritako lekutik gertu, eta bestea erlauntzatik gertu. Abisua jaso zuten erleek bilaketa nola egiten zuten ikusi nahi zuen. Espero zuen erlauntzaren ingurutik hasiko zirela bilatzen. “Nire harridurarako, erlauntzaren ondoko erretilura ez zen erlerik joan, eta, urrun zegoena, berriz, erlez bete zen. Posible ote zen, beren ‘hizkuntzan’, distantziarentzako ‘hitz’ bat izatea?”, idatziko zuen.

Halako beste hamaika esperimentu eginda, ikusi zuen, elikagaia gertu edo urrun egon, dantza era batera edo bestera egiten zutela. Gertu zegoenean, biribilean egiten zuten, eta 50 bat metrotik aurrera, zortzi bat eginez. Gainera, zortzi hark distantziaren eta norabidearen informazioa zuen. Zenbat eta urrunago, polikiago osatzen zuten zortzia, eta dantzaren zati zuzenaren norabidearekin elikagai-iturriak eguzkiarekin osatzen zuen angelua markatzen zuten.

“Erleen dantzak komikoa dirudi. Baina ez da komikoa, izugarri interesgarria baizik. Intsektuen munduan gertatzen den gauzarik txundigarrienetako bat da. Eta hori asko esatea da”, idatziko zuen.

 

Bibliografia

HEIDBORN, T. (2010) “Dancing with bees”. Max Planck Research

KEARNEY, M. (2016): “Bees, Nazis and the Nobel prize: the amazing life of Karl von Frisch”. The Spectator

PAULSON, S. (2018): “Waggle Dancing with Karl von Frisch”. To The Best Of Our Knowledge

VON FRISCH, K. (1967): “A biologist remembers”. Pergamon Press

VON FRISCH, K. (1973): “Decoding the language of the bee”. Nobel Lecture

WINSTON, M. L. (2016): “Ethology: Intrepid translator of the hive”. Nature

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia