}

Kalamua, sendagai madarikatua

2003/12/21 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Madarikatuek gainerakoak baino hobeak direla erakutsi behar izaten dute onartuak izateko. Kalamuari ere halako zerbait gertatzen zaiola dirudi. Izan ere, hainbat gaixotasunen tratamenduan lagun dezakeela ikusi den arren, oraindik ere debekatuta dago herri askotan. Ikerketa berri baten arabera, esklerosi anizkoitzaren sintomak arintzen ere lagun dezake. Zer gehiago frogatu beharko du?
Cannabis sativa da THC gehien daukan kalamu espeziea.

Mendebaldeko herri garatuetan ari dira pixkanaka kalamua sendagai gisa onartzen, baina badira gutxienez lau mila urte zenbait gaitz tratatzeko erabiltzen dela ekialdean. Dirudienez, Napoleonek ekarri zuen Europara, eta arrakasta izan zuen sendagai gisa, baina, urte batzuen buruan, kalte ere egin zezakeela ikusita, farmakopeatik kendu zuten.

Kalamua terapeutikoak ez diren helburuetarako erabiltzen jarraitu zuten. Baina farmakologiak aurrera egin ahala, kalamuaren konposatu aktiboak berriz ikertzeari ekin zioten, eta, gaur egun, gaixotasun askorentzako botika gisa erabiltzen da.

Duela gutxi argitaratu den ikerketa baten arabera, esklerosi anizkoitza daukaten gaixoei ere lagun diezaieke. Izan ere, oraindik ez da lortu gaixotasun hori sendatzerik, baina kalamuaren osagai batzuek, THCak kasu, sintomak arintzen laguntzen duela ikusi dute.

THC tetrahidrokanabinol konposatu kimikoaren laburdura da. Nagusiki, THCa da kalamuaren eraginaren erantzulea: kalamua erreta lortzen den pizte-sentsazioa eta inguruaren pertzepzioaren aldaketa, esaterako, THCak eragindakoak dira. Horregatik, konposatu aktiboa deitzen zaio. Hala ere, kalamuak baditu erabilgarriak diren beste konposatu kanabinoideo batzuk ere.

Sendagaiak egiteko ere, normalean, THCa da landaretik erauzten den konposatua, eta esklerosi anizkoitzean onurarik ekartzen duen frogatzeko ere THCa erabili zuten. Hala, bi gaixo-talde egin zituzten. Bati THCa eman zioten, eta besteari bestelako kalamu-erauzkin bat.

Bi taldeetako gaixoek muskuluetan hobekuntza igarri zutela esan zuten: THCa hartu zutenen % 60k eta erauzkina hartu zutenen % 46k. Kontuan izan behar da esklerosi anizkoitza daukaten gaixoei muskuluak paralizatzen joaten zaizkiela, dardarizoa izaten dutela eta baita mina ere, besteak beste.

Gehienbat 20 eta 40 urte bitarteko jendeari eragiten dio esklerosi anizkoitzak.

Ikerketan erabilitako konposatuek ez dute gaixotasuna sendatzen, baina, gutxienez, sintomak arintzen dituzte. Izan ere, oraindik ez da lortu esklerosi anizkoitza sendatuko duen inolako tratamendurik.

Ikerketa horren emaitzak ikusita, Britainia Handiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak kalamuan oinarritutako sendagaiak legeztatzeko eskatu du. Britainia Handian hainbat gaixok baimena dute kalamuan oinarrituriko sendagaiak erabiltzeko, hala nola, minbizia edo hiesa daukatenek, baina ez esklerosi anizkoitza daukatenek.

Dena dela, ez dira asko kalamuan oinarritutako sendagaiak hartzeko baimena ematen duten herriak. Gehienetan guztiz debekatuta daude; eta kalamuarekin ikertzea ere ez da batere erraza izaten.

AEBetan, Kanadan eta Herbehereetan, besteak beste, kalamua erabiltzea baimenduta dago kimioterapiak eragindako goragalea kentzeko eta hiesa daukatenei jateko gogoa pizteko. Izan ere, eragin antiemetikoa daukaten sendagaiak ekoizten dira THCan eta beste zenbait kanabinoideotan oinarrituta.

Kanabinoideoak beste gaixotasun batzuk tratatzeko ere balio dezaketela uste da; adibidez, glaukoma daukatenei begi barneko presioa jaisteko, eta endekapenezko gaixotasun batzuetan, hala nola, Parkinson-en, Huntington-en eta Alzehimer-en gaixotasunetan.

Hala ere, ez da ahaztu behar droga gisa legez kanpo dauden substantzietan oinarritutako sendagaiek oso kontrol zorrotza izaten dutela. Ez bakarrik merkaturatu aurreko probei dagokienez, horretan ez dira gainerako sendagaietatik hainbeste bereizten, baizik eta merkaturatutakoan; errezeta bidezko sisteman sartzen dira behar dituzten gaixoek bakarrik jaso ditzaten, eta terapeutikoak ez diren helburuekin erabil ez daitezen.

Era askotako botikak egin daitezke kalamuaren eratorriekin.

Izan ere, bereizi beharra dago aisialdian helburu ludikoekin egiten den kontsumoa eta sendagai gisa egiten dena. Medikuak sendagai-eran ematen duenerako, dosia neurtuta dago, izan daitezkeen albo-ondorioak kontuan izan dira, eta onurak trabei gailentzen zaizkiela suposatzen da. Kalamua erretzen denean, ordea, kontrol zorrotzik ez da egiten, erre ahala igarritako eraginaren araberakoa ez bada. Hala, gorputzak ezin badu jasan, erretako dosia handiegia delako, normalean, haluzinazioak, ikara-krisialdiak eta psikosia ager daitezke.

Hala eta guztiz ere, batak ez du bestea kentzen; eta kaleko kontsumoak izan ditzakeen ondorioek ez daukate zerikusirik terapia-mailakoekin. Hasteko gorputzean barneratzeko era ez da berdina, eta, esan bezala, dosiak ere berebiziko garrantzia du.

Pena da orain arte hain emaitza onak eman dituzten sendagaiak gaixoen esku ez egotea; batez ere, horretarako arrazoi bakarra kalamuan oinarrituta egotea bada. Frogatuta dago kalamuaren eratorriak gaixotasun batzuen terapian eraginkorrak direla, baina landare madarikatua da, antza.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia