Jolastuz ikasi GEOGRAFIA
2001/09/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erabiltzailea edozein adinetakoa izan badaiteke ere, DBHko ikasleei zuzendutako CD ROMa da hau. Jolasen bidez, munduko kontinente guztietako geografia fisiko eta politikoa ikasteko aukera izango du erabiltzaileak, baita Espainiako, Frantziako eta Euskal Herriko geografia ere.
Bi eratara jokatzeko aukera dago CDan: libreki jolastuz edo lehiaketa moduan. Erabiltzaileak libreki jolasteko aukera izango du Zeuk hautatu ! botoia erabiliz. Libreki jolastean, norberak hautatuko du zertan jolastu nahi duen, hau da, zein kontinente edo herrirekin jolastu eta zer gairi buruzko galderei erantzungo dien: geografia fisikoa edo politikoa, eta horien barruan zein ataletakoak izango diren galderak. Hainbat atal daude: geografia politikoan estatuak, hiriak, monetak, banderak, etab.ekin jolas daiteke; eta geografia fisikoan ibaiak, mendiak, aintzirak, basamortuak, etab.
Hautatzen duen kontinentea edo herrialdea hautatzen duela, 400 segundo izango ditu jolasteko, eta galdera bakoitzaren iraupena hautatutako zailtasun-mailaren araberakoa izango da. Ongi erantzuten duen galdera bakoitzeko 20 euro lortuko ditu. Galdera bat ongi erantzuteko bi aukera izango ditu beti, eta bigarren aukeraren ondoren erantzuna emango zaio. Segidako hiru galderari ongi erantzunez gero, zailtasun-mailaren araberako denbora-saria izango du.
Laguntza eskatzeko aukera ere izango du, baina laguntzaren truke zailtasun-mailaren araberako denbora galduko du.
Lehiaketa moduan jolastu
Lehiaketa moduan, jolas bat gehiago izango da aukeran: Argazki-rallya. Joko horretan argazkiz hornitutako milaka galdera izango ditu erabiltzaileak. Baina rallyan parte hartzeko, gutxienez, 1.500 euro lortu beharko ditu gainerako jokoetan. Horretarako, gutxienez, Euskal Herria, Espainia, Frantzia eta bi kontinenterekin jolastu beharko du, eta horietako bakoitzean gutxienez 300 euro lortu. Horietakoren batean 300 euroko mugara iristen ez bada, berriz jolastu beharko du herrialde edo kontinente horrekin, gutxieneko euro-kopurua lortu arte.
Joko guztien artean gutxienez 1.500 euro lortzen dituenean jolastu ahal izango da rallyan, eta, hor lortzen dituen postalen arabera, sailkapen nagusian bere izena idazteko aukera ere izango du erabiltzaileak.
Libreki jolasteko aukeran bezala 400 segundo izango ditu, eta galdera bakoitzaren iraupena hautatutako zailtasun-mailaren araberakoa izango da. Ongi erantzuten duen galdera bakoitzeko 20 euro lortuko ditu. Galdera bat ongi erantzuteko bi aukera izango ditu beti, eta bigarren aukeraren ondoren erantzuna emango zaio. Segidako hiru galderak ongi erantzunez gero, zailtasun-mailaren araberako denbora-saria izango du.
Laguntza eskatzeko aukera ere izango du, baina laguntzaren truke zailtasun-mailaren araberako denbora galduko du.
Aurten beste bi CD-ROM
Elhuyarrek aurten argitaratzen duen bigarren CD-ROMa da hau, eta beste bi argitaratzeko asmoa du. Lehena Kantuketan izan zen, haurrek musikaren mundua ezagutzeko CD-ROM interaktiboa. Oraingoan Geografiako CDa argitaratu da eta, urtea amaitu baino lehen, Piratekin munduan CD-sailarekin jarraitzeko asmoa dago. Irailean, Piratekin Hizkuntzaren munduan 3 CD-ROMa argitaratuko da eta abenduaren hasieran Piratekin Matematikaren munduan 2 , iaz argitaratutako CD-ROMaren jarraipena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia