}

Jogurta: janari funtzionala

1999/11/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Esnekiez luze eta zabal hitz egin badugu ere, gaurkoan jogurtaz jardungo dugu.
Joan den apirilean Bartzelonan egin zen jogurtari buruzko III. nazioarteko kongresua hartu dugu horretarako aitzaki. Eta, ezer baino lehen, aurreratu behar dugu bertan elkartu ziren mundu osoko 300 aditu bat etorri zirela jogurtak izaera funtzionala duela baieztatzerakoan.

Gero eta gehiago aipatzen dira janari funtzionalak eta, gainera, datorren mendeko elikadura-mota elikadura funtzionala izatea nahi dute.

Baina, zer dira janari funtzionalak? Gorputzak beharrezkoak dituen mantenugaiak emateaz gain, zenbait gaixotasunetatik gorputza babesten dituzten osagaiak —mantenugaiak edo ez— eskaintzen dituzten janariak dira janari funtzionalak. Jogurta, fruta eta barazkiak dira horietako batzuk.

Jogurtaz ari garenez, elikagai honek proteinak, koipeak, bitaminak eta gatz mineralak eskaintzeaz gain, heste eta gorputz osoaren egoera osasuntsua lortzen eta mantentzen laguntzen diguten bakterio onuragarriak dituela esan behar dugu.
Mary Ellen Sanders doktorea (AEBetako Littleton-eko Dairy and Food Culture Technologies-eko aholkularia) eta Ascensión Marcos doktorea (Madrileko CSICeko Nutrizio eta Bromatologia Institutuko zuzendaria) bat datoz puntu honetan: jogurtak inmunitate-sistema indartzen laguntzen duela esaterakoan. Marcos doktorea gaixo anorexikoekin egin duen ikerketa batetik heldu da aipatu ondoriora, terapiaren hasieran jogurta sartzeak gaixo horien inmunitate-sistema nabarmen hobetzen omen du.

Sanders doktorea haratago joan da oraindik eta jogurtari honako onura hauek ere esleitu dizkio:

  • Minbizitik babesten du.
  • Antipatogenikoa da, hau da, batez ere hesteetan egon daitezkeen bakterio kaltegarriak gutxiarazten ditu eta hesteetako hormak zeharkatzea oztopatzen die, bide horretatik sor daitezkeen gaixotasunen arriskua —salmonelosia, esaterako— urrituz.
  • Beherakoari aurre egiten dio.
  • Gernu-sistemaren osasun-egoera areagotzen du.
  • Urdailaren egoera hobetzen du.
  • Hipertentsioa jaitsi egiten du.
  • Kolesterol-maila beheratu egiten du.

Ikerketa ugari egin da ondorio horietara iristeko, baina oraindik ikusteke dago NOLA egiten duten lan bakterioek onura horietara ailegatzeko.

Aipatu behar da bestalde, hozkailuan gorde behar ez diren jogurtak (esneki-postre izenaz ezagutzen direnak) ez direla janari funtzionaltzat hartzen, ez baitute bizidun bakteriorik.

Beraz, janaria ahoratzeko garaian gure ardura elikagaiak soilik eskuratzea bada, bi produktuak —jogurtak eta esneki-postreak— dira egokiak, baina horiez gain zenbait gaixotasuni aurre egin nahi badiogu, jogurtaren aldeko apostua egin beharko dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia