Janarien eta botiken arteko elkarrekintza
2004/12/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria
Oro har, botika janariarekin eta edariekin batera hartzen bada, sendagaiaren xurgapena moteldu egiten da, eta, beraz, askoz zailagoa da sendatzeko behar den kontzentrazioa lortzea odolean. Adibidez, L-dopa eta penizilina botikak urdaila beteta dagoenean hartzen badira, aktibitaterik gabe gelditzen dira urdaileko azido klorhidrikoaren eraginez. Beste zenbait botika, ordea, errazago xurgatzen dira urdaila beteta badago, adibidez, nitrofurantoina eta hidralazina botikak.
Botika bakoitzak bere eragina
Digestio-aparatuan egon daitezkeen mantenugaiek botikaren xurgapenean eragiten dute; adibidez, tetraziklina antimikrobianoa kaltzioarekin elkartzen bada, xurgatu ezin den egitura bat eratzen da. Hortaz, tetraziklina ez da hartu behar esnearekin, esnekiekin edo kaltzioa duten osagarriekin batera. Tetraziklina, penizilamina, metildopa eta tiroxina botikekin eta burdinarekin ere antzeko zerbait gertatzen da; beraz, ez dira batera hartu behar.
Antibiotikoak hartu behar direnean, oso garrantzitsua da hesteak zaintzea. Izan ere, antibiotikoak hesteetako bakterio guztietan eragiten du; mesedegarriak eta kaltegarriak, denak deuseztatzen ditu. Bakterio mesedegarriak lehenbailehen berreskuratzeko, oso lagungarria da bifidobakterioak dituzten elikagaiak hartzea.
Beste botika batzuek, berriz, hesteetako mintzean eragiten dute, eta, ondorioz, mantenugai askoren xurgapenean eragiten dute. Horien artean daude laxanteak eta hanturaren kontrakoak. Bestetik, laxanteek hesteen mugimendua azkartzen dute, eta mantenugaiek denbora gutxiago pasatzen dutenez hesteetan, zailagoa da xurgatzea. Batez ere, A eta D bitaminei eta kaltzio eta fosforo mineralei eragiten die horrek.
Bestalde, badira mantenugaiak kanporatzen laguntzen duten sendagaiak, eta, luzaroan hartuz gero, mantenugai horien gabezia eragiteko arriskua dago. Esaterako, oso sarri hartuz gero, aspirinak C bitaminaren, potasioaren eta burdinaren gabeziak sor ditzake. Gabezia prebenitzeko, aspirina asko hartzen dutenei C bitaminan eta potasioan aberatsak diren frutak eta barazkiak hartzea komeni zaie.
Kortikoideek ere badute eragina: likido- eta elektrolito-orekan eragiten dute, eta baita D bitaminaren mailan ere. Horregatik, D bitamina duten janariak hartzea komeni da. Tratamendu luzeetan, kaltzioari ere jarri behar zaio arreta, D bitamina beharrezkoa baita kaltzioa xurgatzeko.
Diuretikoek ere zailtzen dute kaltzioa xurgatzea giltzurrunean. Halaber, potasio, sodio, magnesio eta zink mineralak kanporatzen laguntzen dute, eta, denbora luzez hartuz gero, gabeziak sortzeko arriskua dago.
Antiazidoek azido foliko eta burdin gutxiago xurgatzea eragiten dute, baita odolean kolesterol-maila jaisten duten botikek ere. Horiek, gainera, A, D, K eta B12 bitaminak xurgatzea ere zailtzen dute.
Metabolismoan ere eragiten dute
Botiken eragina ez da bakarrik xurgatzean antzematen; mantenugaien metabolismoan ere eragiten dute batzuetan. Esate baterako, artitrisa sendatzeko erabiltzen diren botika batzuek azido folikoaren metabolismoan eragiten dute. Tuberkulosia sendatzeko erabiltzen den botika, isozianida, B6 bitaminarekin elkartzen da eta horren gabezia eragin dezake. Bi kasu horietan, botika hartzen ez dugun otorduetan bitamina horiek dituzten janari gehiago hartzea komeni da. Azido folikoa barazki berdeek, frutak, eta fruitu lehorrek dute gehienbat eta B6 bitamina batez ere haragiak, lekaleek eta aguakateak.
Beste batzuetan gerta daiteke sendagileak esatea ez direla janari batzuk hartu behar hainbat botikarekin. Horren helburua botikaren eragina areagotzea da. Odola ez koagulatzeko botikekin, kasu, K bitamina asko duten janariak ez dira hartu behar: azaren familiakoak, perrexila, espinakak... Hain zuzen ere, K bitaminak odola koagulatzen laguntzen du.
Horretaz guztiaz gain, kontuan hartu behar da botika askok jateko gogoan eragiten dutela. Antihistaminikoek eta kortisonak gose-sentsazioa areagotzen dute, eta kontrakoa egiten du metilfenadoak. Bestalde, desnutrizioa izateko arrisku-talde nagusietako bat minbizi-gaixoek osatzen dute, tratamenduaren ondorioz askotan goragalea eta okadak izaten baitituzte. Gaur egun, gaixo horiekin probak egiten ari dira, kolore eta usain gutxi duten janariez osatutako dietak emanaz; horien bidez, goragale eta oka gutxiago izatea espero dute, gaixoen nutrizio-egoera ez okertzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia