Jan eta lo potolo, edo egin lo ez gizentzeko?
2007/03/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Izan ere, lo egitea ez da egoera pasibo bat. Adibidez, ikastean eta oroimenean eragin handia duela frogatu dute zientzialariek. Horrez gain, loak funtzio fisiologiko askotan eragiten du, baina oraindik asko dute ikertzeko arlo horretan.
Nolanahi ere, argi dago nahikoa lo ez egiteak ondorio larriak ekar ditzakeela. Ondo frogatuta dago lo-gabezia akutuak adimenean eta arretan eragiten duela; esate baterako, lo falta da errepidean edo lanean gertatzen diren istripu askoren eragile nagusietako bat.
Orain dela urte gutxi batzuk arte, ordea, ez da ikertu nola eragiten duen lo-gabeziak, hain handia izan gabe ere, kronikoa denean. Eta askoz ohikoagoa da era horretako lo-gabezia akutua baino. Hau da, gau osoa lorik egin gabe ematea edo oso ordu gutxi egitea baino askoz ere ohikoagoa da gauero loari ordu gutxi batzuk lapurtzea, eta irakurtzen, lanean, telebista ikusten edo ordenagailuan ibiltzen ematea.
Lo-orduak behera, obesitateak gora
Batez beste, herrialde garatuetan duela 50 urte baino bi ordu gutxiago egiten du lo jendeak. Denbora-tarte berean, obesitatea osasun-arazo handienetako bat bihurtu da. Kasualitatea? Baliteke, baina bi parametroak elkarrekin aztertu diren epidemiologia-ikerketen arabera, badirudi nolabaiteko lotura dagoela lo gutxi egitearen eta kilo gehiegi izatearen artean, bai helduetan bai haurretan.
Adibidez, 5 urteko 1.031 haurrekin Frantzian egindako ikerketa batean, ikusi zuten 11 ordu baino gutxiago lo egiten zuten haurrak besteak baino dezente gizenagoak zirela. Japonian, berriz, 6-7 urte bitarteko 8.274 haur aztertuta, hiru aldiz obeso gehiago zeuden 8 ordu lo egiten zutenen artean 10 ordu egiten zutenetan baino. Helduetan ere antzeko emaitzak izan dituzte, besteak beste, AEBn, Suitzan eta Espainian egindako ikerketetan.
Azalpen bila
Bi parametroen arteko lotura azaltzeko, badaude arrazoi erraz batzuk. Bat izan daiteke obesoek gaizki egiten dutela lo; hau da, kilo gehiegi izateak ekartzen du lo gutxi egitea, ez alderantziz. Beste arrazoi bat da lotan igarotzen ez den denbora jaten ematea, eta ondorioz gizentzea. Alabaina, guztia ez da hain erraza: loak gosean nola eragiten duen ikertu dutenek argi dute mekanismo biologikoak daudela tartean.
Ikertzaile horietako bat Chicagoko Unibertsitateko Eve van Cauter da. Unibertsitateko laborategian, ikerketa zehatzak egin ditu loak metabolismoan eta hormonen kontzentrazioan nola eragiten duen aztertzeko. Esaterako, ikerketa batean, 12 gizon gazte bi gau jarraian lo gutxi egitera behartu zituen, eta beste bi gautan bederatzina ordu lo egiten utzi zien. Esperimentuan zehar, hainbat hormonaren kontzentrazioak neurtu zizkien, tartean leptina (asetasunaren seinale) eta grelina (gosearen seinale) hormonenak, eta bi egoeretan jasotako emaitzak alderatu zituen.
Bada, lo gutxiegi egindako bi gauren ondoren, leptina-kontzentrazioak normalean baino % 18 txikiagoak ziren, eta grelina-kontzentrazioak, % 28 handiagoak. Gainera, gizonek adierazi zuten gose zirela, eta karbohidrato sinpletan aberatsak diren elikagaiak jateko gogoa zutela batez ere, hala nola gailetak eta opilak.
Beste ikerketa batzuetan, hormonetan ez ezik, nerbio-sisteman ere hauteman dituzte aldaketak, eta saguekin egindako ikerketetan ere antzeko emaitzak izan dituzte. Beraz, gutxiago jateko eta kirol gehiago egiteko ez ezik, beste hau ere aginduko diete medikuek argaldu behar duten pazienteei: gauero nahikoa lo egitea. Ez da txarra, ezta?
Deia-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia