}

Jakiterik ez dagoena ez jakitearren kondenatuak

2012/12/01 Apraiz, Arturo - Geodinamika saileko irakaslea, Zientzia eta Teknologia Fakultatea, EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

jakiterik-ez-dagoena-ez-jakitearren-kondenatuak
Arg. Irudia: G. Roa/Elhuyar Fundazioa

2009ko apirilaren 6an, Richterren eskalan 5,8ko magnitudea izan zuen lurrikara gertatu zen L'Aquilan (Italia); 309 pertsona hil ziren eta 35.000 pertsona etxebizitzarik gabe gelditu. Aurreko egunetan, eskala txikiagoko lurrikarak sumatzen hasi ziren ingurune hartan, ohikoak baino zerbait indartsuagoak, eta urduritasuna eta larritasuna hedatu zen gizartean. Mugimendu sismikoak zirela eta, Italiako Arrisku Handien Batzorde Nazionala bildu zen, eta, gizartea lasaitzeko, lurrikara handiren bat gertatzeko arriskua betikoa zela iradoki zuen. Baina lurrikara gertatu egin zen eta, orain, batzorde horretako zazpi partaideek 6 urteko espetxea eta kalte-ordainen kargu egiteko zigorra jaso dute, hilketa anizkoitza, hondamen-arriskuko delitua eta nahi gabeko lesio pertsonalak eragitea leporatuta.

2011ko martxoaren 11n, 9,0 magnitudeko lurrikarak astindu zuen Japoniako kostaldea: 20.000 lagun inguru hil ziren eta herrialde osoa alerta egoeran jarri zen, ondorengo tsunamiak Fukushimako zentral nuklearrean sortutako kalteengatik. 2010eko otsailaren 27an, Txilen, 8,8 magnitudeko lurrikara gertatu zen: 525 hildako eta 500.000 etxebizitza kaltetu. 2010eko urtarrilaren 12an, Haitin, 7,0 magnitudeko lurrikarak 200.000 hildako eragin zituela kalkulatu da. 2004ko abenduaren 26an, Indonesian, 8,9 magnitudeko mugimendu sismikoa sortu zen, eta, ondoren gertatu zen tsunamiarekin batera, 300.000 pertsonatik gora hil ziren. Horiek, gertuen ditugun zenbait lurrikara aipatzearren. Munduko sismologo ezagunenek lurralde horietan egiten dute lan, lurrikarak hobeto ezagutzeko asmoarekin. Inork ez zuen ezer aurreikusi, guztietan aurretik eskala txikiagoko hainbat lurrikara gertatu baziren ere. Zergatik? Ezinezkoa delako, gaurkoz behintzat, lurrikarak non eta noiz gertatuko diren aurreikustea.

Kaliforniako penintsularen inguruan egunero gertatzen dira eskala txikiko lurrikarak, eta sismologoek jakin badakite, estatistika aztertuz, laster indar handiko dardara bat gertatuko dela, historikoki ehun urtetik behin eskala handiko lurrikara bat gertatu delako lurralde horretan. 106 urte pasatu dira San Frantzisko hiria guztiz suntsitu zuen azken lurrikara bortitza gertatu zenetik, eta hurrengoa noiz etorriko zain daude sismologoak, bai eta gizartea ere. Nahiz eta etorriko dela jakin, ezin da zehaztu noiz eta non gertatuko den, eta kasu honetan ez da baliabide faltagatik izango. Estatu Batuetan, eta Japonian berdin, arrisku sismiko handiko lurraldeak izanik, sismologo eta baliabide ekonomiko gehien dituzten ikerketa-taldeak ari dira jo eta ke lanean. Baina, nahiz eta lurrikarei buruzko datuak gero eta gehiago izan eta ezagutzak aurrera egin, oraindik ez dago lurrikarak aurreikusteko eredu zientifiko fidagarririk. Zer egin behar da lurralde horietan lan egiten duten sismologo guztiekin? Lurrikarek eta tsunamiek eragindako hildakoak haiei egotzi eta denak espetxeratu?

Berriz diot, ez dago lurrikarak aurreikusteko eredu zientifiko fidagarririk , ez eta hurbilketa egokirik ere. Noizbait ikerketa-talderen batek horrelako eredurik garatuko balu, Nobel saria ziurtatua izango luke. Baina, oraingoz, egin daitekeen hurbilketa bakarra estatistika erabiliz egiten dena da. Lurralde bakoitzaren erregistro sismikoak aztertuz jakin dezakegu zenbat urtetik behin gertatuko den eskala konkretuko lurrikara bat ingurune zehatz batean. Beraz, Kaliforniako penintsularako bi aukera daude.

Lehenengoa, hiri guztiak hustu eta landa-eremuetan kanpamentuak sortzea, lurrikara handiaren zain; horrela, inor ez litzateke hilko. Argi utzi behar da lurrikaren ondorioz hildakoen % 95 inguru eraikinak behera etortzean hiltzen direla. Baina horrela urtebete, bi urte, hamar edo berrogeita hamar egon gaitezke eta egoera horrek, zalantzarik gabe, gizarteak nahi ez duen bizitza-aldaketa bat dakar, ekonomiaren gainbehera eta beste hainbat arazo larri.

Bigarren aukera lurrikarekin bizitzen ikastea da, dardara datorrenean hildako-kopurua ahal bezainbeste murriztuz. Azken aukera honetan --jorratu beharreko bakarra, zalantzarik gabe--, bi dira landu beharreko esparruak. Alde batetik, lurrikaren mugimenduak jasateko gai diren eraikinak altxatu, eta horretarako gastu ekonomiko bat onartu. L'Aquila herria eraikin historikoz josita zegoen --asko eta asko egoera tamalgarrian--, eta arrisku sismikoa duen lurralde batean onartezina da hori. Eraikinen egonkortasuna sendotzeko dirurik jarri ez zuten instituzioek ere, agian, hildakoen erruaren parte bat izan zezaketen, ez? Bestetik, gizarteari lurrikarak zer diren eta lurrikaren aurrean zer egin erakutsi behar zaio, eta hori hezkuntzaren bitartez baino ezin da egin. Beharrezkoa da jakitea lurrak nola jokatzen duen, eta historia geologikoan zehar lurrikarak zein jarduera bolkanikoa normalak direla eta haiek ekiditeko ezer ezin dela egin. Hala ere, ildo honen aurka doa Espainiako hezkuntza-ministroak esku artean darabilen hezkuntza-plan berria. Plan horretan, Geologiak eta horren hurbileko ikasgaiek ez dute tokirik batxilergoan, guztiz desagertzen dira. Horrela, Lorcan (Murtzia) bezala, beste edozein tokitan hildakoak edo kalte material ugari sortzen duen hurrengo lurrikararen errua, mugimendu sismikoa aurreikusi ez duten sismologoena izango dela sinetsiko du gizarteak, ez baitu irizpide propiorik izango.

Adi ekonomistak! Agian epaile batek gainean dugun krisi ekonomikoaren neurria behar bezala ez igartzearren espetxera bidaliko zaituzte eta. Aldiz, sekula ez dituzte kartzelatuko krisia bazetorrela jakinda ere neurri egokirik hartu ez zuten politikariak, horiek ez. Kontuz medikuntzan ikerketa egiten duzuenok, agian epaile batek hiesez edo minbiziz hildakoak zeuon errua direla esango baitu, aurretik sendagai egokirik ez aurkitzeagatik, baina inoiz ez baita behar beste diru inbertitzeko gai izan ez diren politikarien errua izango. Tentuz ibili meteorologoak, nonbait zuek aurreikusi baino euri-jasa handiagoa erortzen bada agian kalte-ordainen kargu egin beharko duzuelako, kalte horiek konpontzeko aurretik egin zitezkeen inbertsioak egin ez dituzten politikariek ez baitute, noski, inolako errurik. Nik argi daukat: lurrikarei buruz galdetuz datorren hurrengoari ez diot ezer erantzungo, ez dudalako nahi nire seme-alabek aita espetxera bidean ikustea erantzunik ez duen galdera bati erantzuten ez jakitearren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia