Izoztuta gordetako organoa transplantatzea lortu da
2002/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Organoen transplanteen arazoetako bat organo freskoen gabezia da. Izan ere, oraingoz ez dago organoak izoztuta gordetzeko modurik, izozte-prozesuan eratzen diren izotz kristalek ehunak zulatu eta hondatu ohi baitituzte. Alabaina, egunen batean gizakientzat baliagarria izatea espero duten teknika bat landu dute Montrealgo Nôtre-Dame ospitalean.
Ospitale horretako ikertzaileek nitrogeno likidoan gordetako arratoi-obulutegia beste arratoi eme bati transplantatzea lortu dute. Hori izan da izoztutako organo bat arrakastaz transplantatzen den lehenengo aldia. Transplantatutako obulutegiak lehen bezain eraginkorrak ez baziren ere, arratoien erdiak baino gehiagok ohi bezala obulatu zuten, eta haietako bat ernaldu egin zen.
Zalantzarik gabe, kimioterapiaren ondorioz antzutzen diren emakume eta haurrentzat irtenbide egokia izango litzateke. Hala ere, zenbait ikertzaileren ustean, zaila izango da gizakietan aplikatzea, giza organoak handiagoak direlako eta, beraz, izoztean kalteak jasateko aukera gehiago dituztelako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia