}

Izotza, giro-tenperaturan

2005/08/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Izotza, giro-tenperaturan? Ez da kontraesan bat, ez, litekeena da. Hori bai, horretarako, eremu elektriko gogorra behar da; egoera horretan, ur epela izotz-itxuran gelditzen dela frogatu dute ikertzaileek.

Ur-molekulak dipoloak dira: elektroi gehienak molekularen mutur batean biltzen dira; beraz, alde horrek karga negatiboa hartzen du, eta besteak, berriz, positiboa. Ur likidoan, kargak antolatuta daude, baina ez oso zorrotz. Eremu elektriko batean, ordea, molekula denak kargaren arabera antolatzen dira.

Ura tenperatura hotzagatik izozten denean, molekulak hexagonotan antolatzen dira. Fisikarien teorien arabera, gauza bera gertatu beharko luke eremu elektriko indartsu baten ondorioz. Baina, simulazioak eginda, bazirudien eremu elektriko horrek ikaragarria izan beharko zukeela (109 volt metroko).

Simulazioak, ordea, oker zeudela frogatu dute Seulgo Unibertsitateko ikertzaileek. Hain zuzen ere, simulazioek iragarritakoa baino mila aldiz indar elektriko txikiagoa erabilita lortu dute efektu hori. Zehazki, metroko 106 volteko indarra erabilita eta 20 ºC-ko tenperaturan, ur-tanta batean solidoa dirudien geruza bat sortzen dela ikusi dute.

Ikertzaileek oraindik ez dute baieztatu geruza horretako molekulak izotzean bezala daudela antolatuta, baina izozte-prozesua nola abiatzen den ikusteko aukera izan dute, behintzat.

Argazkia: Richard Olsson/www.freenaturephotos.com