Izotz-geruzen zartadurak iragartzen

Nola jakin mahaitik behera erortzen utzitako katilua hautsiko den edo lurraren kontra errebote egingo duen? Ez da batere erraza galdera horri erantzutea; oro har, oso zailak dira hausturen mekanikaren inguruko problemak. Eta horixe gertatzen zitzaien icebergak nola sortzen ziren jakin nahi zutenei; alegia, ez zuten lortzen ulertzea zeren arabera zartatzen diren izotz-plataformak, eta askatzen diren iceberg deritzegun izotz-puskak.

Pennsylvania Estatu Unibertsitateko talde batek, beste bost erakundetako laguntzaileekin batera, buruhauste hori argitzea lortu du. Susmoa zuten izotz-plataformek barreiatzeko duten joerak eragin handia duela zartaduretan, eta zuten susmoa baieztatu ahal izan dute.

Aurretik argitaratutako datuak eta haiek bildutakoak aztertuta ikusi dute proposatutako hipotesia zuzena dela. Adibide gisa esan zuten bi gandorren artean harrapatuta dagoen izotz-plataforma estu bat nekez barreia daitekeela, eta, horrexegatik, zartadurak ere gutxiagotan jasaten dituela.

Irudia: L. Padgham

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali