}

Izokinak Sarrakarian gora

2001/04/01 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zuhaitzen adarretatik plastiko zikinak dingilizka, goiko enpresa ur zikinak jaurtitzen, bidoi herdoildua eta zementuzko ibaiertzak. Horra, hor, Euskal Herriko ibai askoren egoera penagarria. Zorionez, hala ere, batzuetan behintzat bertako arrainak aurkitzen dira. Azken hogei urteetan, Urdazurin sortu eta Donibane-Lohizunen itsasoratzen den Sarrakaria ibaian, adibidez, aitzindari izango den izokin-populazioaren dinamikari buruzko lana osatzen ari dira.

Erreka edo ibai baten egoera definitzeko, ez da aski uraren kalitatea aztertzea. Ibaiak, funtsean beste ekosistema guztiak bezala, oso konplexuak dira eta erreka edo ibai bat kalitate onekoa den ala ez esateko faktore asko hartu behar izaten dira kontuan.

Arrabalekura heltzeko zein bokaletan sartu behar duten jakiteko usainaz baliatzen dira. Argazkian itsasoko izokinak.
Inra/ D. Marie

Besteak beste, ur-emariaren aldaketak, arrain migratzaileek goiti-beheiti ibiltzeko topa ditzaketen trabak, arroako jarduerak, lur azpian sartutako ura, etab. aintzat hartu behar dira.

Ondorioz, ez da beti erraza izaten ibaiaren kalitatea baloratzea, baina badago era oso sinple eta adierazgarri bat. Ibaiaren fauna eta flora kalitatearen araberakoak izaten dira eta, beraz, ideia orokor bat egiteko aski da adierazle biologikoei so egitea. Horietako bat da, hain zuzen ere, izokina. Horregatik eta ibai horretan desagertzen ari zen arrainetako bat zelako hasi ziren 1980 aldera Sarrakarian izokinen dinamika aztertzen eta kontrolatzen. Senpereko INRAko ikertzaileek (Agronomia Ikerketarako Institutu Nazionala) eta inguruetako arrantzaleek elkarlanean hasitako proiektu aitzindaria da eta azken 20 urteetan benetan emaitza onak eta baliotsuak lortu dituzte.

Izokin-populazioaren dinamikari buruzko ikerketa hau egiteko Sarrakaria ibaia hautatzeak arrazoi sinpleak eta praktikoak ditu. Izan ere, horrelako ikerketa bat aurrera eramateko bi baldintza betetzen dituen ibaia izan behar du. Alde batetik, ezinbestekoa da bokazio salmonikola duen ibaia izatea eta, aldi berean, ikerketak egiteko tamaina egokia izatea. Izan ere, Aturri eta Bidasoa bezalako ibaiak, bokazio salmonikola duten arren, handiegiak dira ikertzaileek bertako arrain guztiak kontrolatu ahal izateko.

Arrain migratzaoñeek Senpereko ur-jauzia gainditzeko bide artifiziala egin zen.
J. Mendiburu

Sarrakaria ibaiak bi baldintzak betetzen ditu. 45 kilometroko ibilbidea duen ibaia da eta Atlantikoko izokinaz gain, honako beste zazpi espezie migratzaile hauek ere aurki daitezke bertan: itsas amuarraina, aingira, kodaka, korrokoia, platuxa, itsas lanproia eta ibai-lanproia. Nafarroa eta Senpere artean, nahiko ur-laster eta malda handiak dituen ibaia da, baina hortik aurrera, uraren abiadura asko mantsotu eta ibaiaren zabalera dezente handitzen da. 238 km2 dituen arro guztia zaindu eta kontrola daiteke eta dirudienez, nekazaritza-ekoizpenak ez du poluzio handiegirik sortzen. Ur-emaria ere ez da handia, urteko batez besteko 5,4 m3/s-koa, nahiz eta uholde eta agorraldi-garaiak izaten dituen.

Hasierako lan eta helburuak

Ikertzaileek eta arrantzariek 1980. inguruan martxan jarri zuten planaren helburu nagusiak izokinak Sarrakaria ibaia birpopulatzea eta, aldi berean, espezie horren jokabidea (nola orientatzen diren, noiz ugaltzen diren, noraino bidaiatzen duten...) eta populazioaren dinamika ikertzea ziren.

1980an ibai horren egoera nahiko penagarria zen; 30 bat izokin heldu besterik ez zegoen eta, gainera, itsasotik 4,5 km-ra dagoen Uxondoa ur-jauziak ez zien ugal-tokietara heltzen uzten. Egoera hori aldatzeko, izokinkumeak eta arrautzak sartzeaz gain, traba horiek gainditzeko beharrezko instalazioak jartzea premiazko iruditu zitzaien.

Arrautzatik izokinkume bihurtu arteko faseak iruditan.
Inra / Marty

Birpopulaketari ekiteko 1986an izokin-arrautzak eta haztegietako izokinkumeak sartzen hasi ziren. Proiektu horretan hasieratik parte hartu duen Dumas jaunak aitortu duenez, esperientzia faltagatik hasiera batean ez zuten oso fin jokatu. Garai hartan Eskoziako arrautzak modan zeudenez, horiexek sartzen hasi ziren, baina fite jabetu ziren hori ez zela bidea. Bertako espezieak urteetako egokitzapena izan du eta, gainera, Euskal Herria izokinaren banaketan hego-latitudearen mugan dagoenez, itzultzen ziren Eskoziako izokin-kopurua bertakoena baino askoz ere txikiagoa zen. Hori ikusirik, Eskoziako izokin helduak azkar eliminatu eta bertako izokina sartzen hasi ziren.

Urteak aurrera joan ahala, izokinek —eta beste espezie migratzaileek— ezin gaindi zitzaketen ur-jauzietan eskalak jarri zituzten eta, 1990ean, izokin gehiago ez sartzea erabaki zuten. Jadanik, ugalketa naturala nahikoa zen izokin-kopurua ziurtatu eta emendatzeko. Azken finean, helburua gizakiak esku hartu gabe izokinak ugaltzen eta birpopulatzen jarraitzea zen.

Izokinaren jokabide eta populazioaren dinamika ikertzen, berriz, 1985 ezkeroztik ari dira. Ikertzaileen lana etapa bakoitzeko ezaugarriak identifikatzea da. Hau da, zenbat arrautza egiten dituzten, harri azpitik zenbat izokinkume ateratzen diren, zenbat itsasoratzen diren, zenbat itzultzen diren, norainoko bidaia egiten duten, etab. aztertu dute.

Arrautzatik izokinkume bihurtu arteko faseak iruditan.
Inra/Marty

Lan hori egiteko ikertzaileek hiru instalazio dituzte: izokinen igoerak kontrolatzeko Uxondoko tranpa, ugalketa artifiziala egiteko instalazioak eta ugalketa naturalerako Lapitxuri erreka egokitu eta zaindua.

Uxondoko tranpara egunean bi aldiz joaten dira, bertan harrapatuta dauden izokinen luzera, pisua eta beste hainbat datu biltzera. Lapitxuri errekan, berriz, ernalketa eta enbrioi-larba fasea aztertzen dute. Behatokia errekaren bazterrean, lur azpian, kokatua dago. Errekaren ibilguaren altuerara egokitua dagoen kristalezko leiho handi batetik behatzen dituzte ernalketa eta enbrio-larba fasea. Esan bezala, hogei urte daramatzate Sarrakaria ibaian izokin-populazioaren dinamika aztertzen. Datu ugari bildu dute eta poliki-poliki helburuak aldatu eta proiektu berriak sortzen ari dira.

Oraindik badago zereginik

Arrautzatik izokinkume bihurtu arteko faseak irudietan.
Inra/Marty

Orain arteko datu aberats horietaz baliatuz, espezie horren zikloaren eredua definitu nahi da. Eredu hori ingurugiro aldaketek (ur-emaria, esekiduran dauden partikulak, etab.) duten eraginaz jabetzeko edo aurreikuspenak egiteko erabilgarria izango da, batez ere, arrantzarako. Hamabost urteetako datuek, izokinaren zikloko fase bakoitza bereiziz, eredua sortzeko balio izan dute eta azken bost urteetako lanarekin, berriz, eredua baliozkotu egin dute.

Enbrioi-larba fasean gehien landu duten eragina ibaiertzetako lur-higadurek sortzen dutena da. Ibaiertzetako lurra higatzean, uretan esekita dauden partikulak ugaritzen dira eta horrek ondorio txarrak izaten ditu izokin-arrabalekuetan. Materia horiek arrabalekua lohiz bete eta arrautzak ito egiten dituzte. Azpimarratu behar da, izokin-populazioa ugaritzea hein handi batean enbrioi-larba faseetan lortzen den emaitzen araberakoa izaten dela.

Garai horiek dira sentikorrenak eta aldaketa txikienak ere heriotza-kopuru handia eragin dezake. Bizirauten duten arrautzen kopurua erruten direnen % 0,6-38 bitartekoa izaten da. Ikusten denez, oso fase sentikorra izateaz gain, heterogeneotasun handia dago. Dirudienez, arrabalekuaren eta, batez ere, goi-estratuaren hasierako kalitatearen araberakoa izaten da bizirik irteten diren arrautzen kopurua.

Arrautzatik izokinkume bihurtu arteko faseak iruditan.
Inra/Marty

Datu horiek ondorioztatzeko, lehenik arrabalekuaren egitura ikertu eta sailkapenak egiten dituzte. Lehen pausoa arrabalekua erauztea da, baina funtsezkoa da arkitektura bere horretan atxikitzea.Baldintza hori betetzeko, nitrogeno likidoak sortzen duen “zementu”-aren efektua erabiltzen dute. Zehatz esanda, ikertutakoa ernalketa aurretik eta ondoren, eta uholdeak pasatu ondoren, arrabalekuaren substratuaren porositatea eta granulometria izan dira.

Enbrioi-larba fasetik bizirik ateratzen diren arrainkumeen proportzioa ondorioztatzeko, berriz, bi teknika daude. Orain arte, izokinkumeak harrapatzeko arrabaleku horien gainean sare batzuk jartzen zituzten, baina ez zaie oso teknika egokia iruditzen. Orain, arrabaleku natural zein artifizialetan, hamarna arrautza dituzten 15 hoditxo, 20 cm-ko sakoneran sartzen dituzte, eta martxo aldera hoditxo bakoitzean zenbat izokinkume dauden ikusten dute.

Izokin gazteen faseari dagokionez, habitataren ezaugarrien eta izokin-populazioaren arteko lotura eta ibaiaren urteko ekoizpen naturala neurtzen ari dira. Bederatzi urtetan zehar iraila eta urria artean, ibaiaren adierazle diren lekuetan arrantza elektrikoa deituriko teknikari esker inbentarioak egin dituzte. Neurketa horiek aintzat hartuta, urtero bizirauten duten izokin gazteen kopurua 2.000 eta 10.000 bitartekoa izaten da. Harrigarria bada ere, kopuru hori erruten diren arrautzen % 1,5 baino gutxiago da. Itsasoratu baino lehen aurreko urteko izokinkumeen % 50 besterik ez da gelditzen.

Azkenik itzultzen diren izokinen ezaugarriak hartzen dituzte, besteak beste, neurria, pisua, noiz atzemana izan den, zenbat urte dituen, etab. Gaur egun, urtero 200-500 izokin itzultzen dira.

Izokinen ugalketa lagundu eta kontrolatzeo, Lapitxuriko errekan eginiko arrabaleku artifiziala.
Inra/Marty

Oraingoz, eginiko lanarekin oso gustura agertu dira ikertzaileak, birpopulaketa-planak oso emaitza onak eman dituelako eta moldatu duten eredua ebolutiboa eta beste ibaietan ere aplikatzeko modukoa delako. Horrela, Sarrakaria ibaia “ibai adierazle” bihurtu da.
Bestalde, izokin-populaziora mugatu gabe, aurrerantzean ibai honekin lotura duten eragile guztiak inplikatzeko “erreka-kontratu” deritzon plana gauzatzekotan dira, baina horretan ez da aitzindaria, Errobi ibaiak bai baitu gisa honetako plangintza.

Izokina jaio eta hil erreka berean

Izokina, salmonidae familiako arrain migratzaile eder eta preziatua da. Berezitasun nabarmena itsasoan bidaia luzea egin ondoren, ugaldu eta hiltzeko jatorrizko errekara itzultzen dela da.

Ugalketa kontrolatzeko, Lapitxuriko behatokitik ateratako argazkia. Izokinak arrautzak eta arrain-hazta botatzeko unean.
Inra

Ernalketa-garaia abendua eta urtarrila bitartean izaten da eta, normalean, izokin emeak bizitza osoan behin bakarrik ugaltzen dira. Izokinen ugaltzeko lekuak harri-koskorrezko sakonera txikiko lekuak izaten dira. Emeek beren buztanekin harriak mugitu eta harri azpian arrabalekua egiten dute. Enbrioi-larba faseak hiru hilabete inguru irauten du, martxo arte. Fase horretako arrisku nagusia uretan eskiduran dauden partikulek arrabalekua lohiz bete eta arrautzak itotzea, eta traktoreek eta mendizaleek zapaltzea izaten da.

Hiru hilabeteren buruan, arrainkumeak harrietatik atera eta inguruetan zabaltzen hasten dira. Hasiera batean ur-lasterretara jotzen dute, baina handitzen doazen heinean, leku gehiago behar izaten dutenez, beste toki batzuetara hedatzen dira.

Ugalketa kontrolatua egiteko izokin emeari arrautzak kentzen.
Inra

Hazkundearen arabera, urte baten edo pare baten buruan itsasora abiatzen dira sei hilabetetik hiru urte bitarte iraungo duen bidaia hasteko. Urrutien joaten diren izokinak Groenlandiaren mendebalderaino iristen dira. Nahiko fite gizentzen direnak, berriz, heldutasun sexualera Irlanda inguruan daudenean iristen dira eta ez dute Groenlandiaraino joateko betarik izaten. Itzulera osoan ez dute ezertxo ere jaten. Ugaltze-tokira heltzeko zein bokaletan sartu behar duten jakiteko usainaz baliatzen dira.

Sarrakariara itzultzen diren bost izokinetatik lau Irlandaraino joandako izokin gazteak dira. Udaberrian Sarrakarian igotzen lehenak izokin zaharrenak izaten dira, itsasoan bi eta hiru urte bitarteko bidaia egindakoak. Igoera abuztuko ur-emari apalak heltzean eten egiten da, baina udako etenaldiaren ondoren, udazkeneko lehen uholdeekin hartzen dute goranzko bidea izokin gazteenek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia