Izarren hautsa, bizigai
2008/12/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Azken urteotan, astronomoek molekula organikoak detektatu dituzte meteoritoetan, eta baita espazio zabalean ere. Ez dira, noski, teleskopio optikoen bidez ikusten; irrati-teleskopioak erabilita detektatu dituzte. Molekula horiek irrati-uhinak igortzen dituzte, eta seinale horiek jasotzen dituzte irrati-teleskopioek. Horrela, biziarekin erlazionatutako 140 molekula baino gehiago aurkitu dituzte astronomoek, bereziki Esne Bidearen erdialdean dagoen eremu batean, LMH izeneko gasezko eta hautsezko hodei trinko batean.
Astronomoek molekula organiko bat detektatu dute, Esne Bidearen erdialdetik kanpo, eta Lurretik 26.000 argi-urtera.
(Argazkia: NASA)
Molekula horietako batzuk Lurrean ere badaude. Besteak beste, azido azetikoa topatu dute, hau da, ozpina, eta baita etilen glikola ere, izotzaren kontrako produktuen osagai nagusia. Horiez gain, glikol aldehidoa ere detektatu dute Esne Bidearen erdialdeko eremu horretan.
Molekula hori karbonoz, hidrogenoz eta oxigenoz osatuta dago, eta azukre sinpleena da. Beste molekula batzuei lotuta, molekula konplexuagoak sortzen ditu, hala nola erribosa. Erribosa, berriz, RNAren oinarrizko osagaia da, eta hori zuzenean erlazionatuta dago biziaren sorrerarekin.
Bada, hipotesi baten arabera, espaziotik etorritako molekulei esker sortu da Lurreko bizia. Eta espazioan molekula organikoak detektatzeak indarra ematen dio hipotesi horri. Baina, orain arte, ez zuten halako molekularik aurkitu Lurra jaio zen inguruaren parekoak izan daitezkeen eremuetan.
Orain argitaratu duten artikuluan, ordea, glikol aldehidoa aurkitu dutela jakinarazi dute, Esne Bidearen erdialdetik urruti, izarrak sortzen ari diren eremu batean. G31.41+0.31 izena du eremu hark, eta, izar masiboak ez ezik, Eguzkia sortzeko gertatu ziren fenomenoen antzekoak ere detektatu dituzte; astronomoen ustez, Eguzkiaren tankerako izarrak sortzen ari diren leku bakarrenetakoa izan daiteke hura.
Aurkikuntza garrantzitsua
Eta han, Alpeetan dagoen IRAM irrati-teleskopioari esker aurkitu dute glikol aldehidoa. Aurkikuntza egin duten astronomoek azaldu dutenez, glikol aldehidoa han topatu izana garrantzitsua da, bi arrazoirengatik. Batetik, Esne Bidearen erdialdean erradiazio handia dago, eta horrek bizia sortzeko aukerak gutxitzen ditu. G31.41+0.31 eremua, ordea, erdialdetik urruti dago; horrenbestez, prozesu biologikoak gertatzen hasiko balira, aurrera egiteko aukera gehiago izango lukete.
Bestetik, glikol aldehido asko topatu dute, eta horrek pentsarazten du molekula hori ohikoa dela izarrak sortzen ari diren eremuetan. Are gehiago, litekeena da izarrak eta planetak jaiotzearekin bat sortzea molekula organikoak.
Edonola ere, molekula organikoak sortzetik bizia sortzera tarte handia dago. Izan ere, planeta jaioberrietan kondizioak muturrekoak izaten dira, eta oso zaila da molekula organikoek irautea kondizio horietan. Hori bai, denborarekin, planeta gazteen inguruneak egonkortzera eta baretzera jotzen du, eta, agian, orduan bai: orduan, litekeena da kometa edo meteorito batek molekula organikoak ereitea planetaren azalean, eta haietatik bizia sortzea. Hipotesi hutsa da, baina aztarna bat, behintzat, aurkitu dute.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia