}

Izar masibo baten desagerpenak astrofisikarien arreta piztu du

2020/06/30 Elhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria

izar-masibo-baten-desagerpena
Lehertu aurretik Kinman galaxian kokatutako izarrak izan zezakeen itxura, irudikapen baten arabera. - Arg. ESO/L. Calçada

Galaxia nano batean dagoen izar masibo ezegonkor bat desagertu dela konturatu dira Europako Behatoki Australeko (ESO) astrofisikariak, eta horrek orain arte ezagutzen ez den fenomeno baten adierazle izan daitekeen susmoa piztu du. Monthly Notices of the Royal Astronomical Society aldizkarian eman dute horren berri.

Zientzialariek azaldu dutenez, baliteke izar horren distiraren desagerpena espazio-hautsak sortutako ezkutaketa baten ondorioa izatea, baina bestelako azalpen posible bat proposatu dute: izar hori azken fasera iritsi dela, eta zulo beltz bihurtu dela, baina supernoba bat eragin gabe. Horrela izanez gero, halako izar mota baten amaiera behatzen den aurreneko aldia litzateke. Izar aldakor urdin argitsu motakoa zen izarra, Eguzkia baino 2,5 milioi aldiz distiratsuagoa.

75 milioi argi-urtera dagoen Kinman galaxian zegoen izarra, eta, haren bizitzaren azken uneetan egonik, duela hogei bat urtetik zientzialariek jarraipena egin diote. Alabaina, iaz Txileko VLT teleskopioa galaxia horri begira jarri zutenean konturatu ziren izarra desagertuta zegoela. Supernobarik egon ez bada ere, aurreko urteetan hainbat leherketa atzeman dira galaxia horretan, eta horiek ere izarraren amaierarekin lotuta egon daitezkeela uste dute zientzialariek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia