Itxaropen zapuztua, hiesaren aurka
2007/10/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
V520 izena zuen txertoak, eta Merck farmazia-konpainia ospetsuak hamar urte baino gehiago zeramatzan hura garatzen; batzuk eta besteak probatzen ari diren hogeita hamar bat txertoetatik, huraxe zen aurreratuena.
Txertoa egiteko, hotzeria sortzen duen birusa eta hiru gene erabili zituzten ikertzaileek. Birusak genearen garraiolari-lana egiten zuen; adenobirus arrunt bat zen, hotzeria eragiten duena, hain justu, baina ahulduta, gaitza sortzeko ahalmenik gabe. Geneak, berriz, hiesa sortzen duen birusaren hiru gene sintetiko ziren: gag, pol eta nef. Hala, txertoak ez zuenez hiesa sortzen duen birusik bizirik, ezinezkoa zen gaixotasuna eragitea, baina immunologia-sisteman eragina izatea espero zuten.
Hain zuzen ere, pertsona bat txertatu ondoren hiesaren birusarekin infektatuz gero, ikertzaileek uste zuten haren immunologia-sistemak birusaren geneak ezagutuko zituela, eta infekzioari aurre egiteko antigorputzak sorraraziko zituela. Horrela, hiesetik babestuta geratuko litzateke pertsona, txertoari esker.
Txertoak emaitza onak eman zituen tximinoetan, eta, pertsonekin egin zuten lehen proba batean, bazirudien erantzun immunologikoa sustatzeko gai zela. Orain, saio klinikoen bigarren fasean zegoen txertoa. Bai txertoek bai beste botikek hiru fase gainditu behar dituzte merkatura atera aurretik, eta V520ak lehen iragazia pasatzea lortu zuen.
Bigarren fasean
Bigarren fase horretan, hiru mila boluntarioekin probatu behar zuten txertoa, eta bi alderdi begiratu nahi zituzten. Batetik, txertoak infektatzea galarazten ote zuen jakin nahi zuten, eta, bestetik, lehendik infektatuta zeudenetan, ea gutxitzen zuen odoleko birus-kopurua
Lehenengo, mila eta bostehun boluntariorekin probatu zuten. Hiesik ez zuten baina kutsatzeko arrisku handia zuten pertsonak ziren denak, hainbat herrialdetakoak (Australia, Brasil, Kanada, Dominikar Errepublika, Haiti, Jamaika, Peru, Estatu Batuak...). Boluntarioen erdiei txertoa jarri zieten, eta gainerakoei plazeboa eman zieten. Denbora-tarte bat igaro ondoren, behin-behineko emaitzak bildu zituzten, eta benetan etsigarriak ziren: txertatutako taldean 24k hartu zuten hiesa, eta txertatu gabekoenean, 21ek. Alegia, txertoak ez zuen infekzioa galarazi. Infektatuetan birus-kopurua gutxitzen ote zuen ere begiratu zuten, eta horretan ere, kale.
Emaitzak ikusita, ikerketa bertan behera uztea erabaki zuten. Hala ere, hiesaren birusa ikertzen eta haren aurkako txertoa sortzeko bide berriak bilatzen jarraituko duela adierazi du Merck konpainiak.
Txertoa, itxaropen bakarra
(Argazkia: OME/PAHO)
Izan ere, adituen ustez, ia ezinezkoa izango da hiesa garaitzea txertorik gabe. Herrialde industrializatuenetan, neurri batean, hiesa gaixotasun kroniko bihurtzea lortu da, baina bizi-kalitatea hobetzeko lan handia egin behar da oraindik.
Dena den, egoera are okerragoa da garatze-bidean dauden herrialdeetan. Haietan, hiesa gaixotasun hilgarria da, eta, gainera, prebentzio-neurriak eskasak dira. Arrazoi ekonomiko eta kulturalengatik, jende askok ez du inolako neurririk hartzen hiesetik babesteko, eta gaitza izugarri ari da zabaltzen. Egunean 14.000 pertsona kutsatzen dira hiesaz, eta, adituen kalkuluen arabera, txerto eraginkor batek 70 milioi infekzio eragotziko lituzke hamabost urtean. Hortaz, ez dute zalantzarik: ikertzen jarraitu beharra dago.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia