}

Iturriko ur garbia zeolitazko iragazkiei esker

2002/04/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Mikroorganismoek hamaika bide erabiltzen dituzte gizakiengana iristeko. Horietako bat ura izan daiteke, beti baitago estolderietako urek, hobi septikoek eta zabortegiek kutsatzeko arriskua. Horrela, hepatitisaren birusak edota Escherichia coli bakterioak erraz iristen dira bere helmugara, hau da, gizakiarengana.

Arazo hori eragozteko, zientzialariak aspalditik ari dira iragazki eraginkor baten bila. Texasko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek zeolita mineralarekin egin du lan, eta ura kutsatzen duten infekzio eragileak desagerrarazteko iragazki egokia prestatu dute.

Zeolita, buztina bezala, zabalean heda daiteke, baina, buztina ez bezala, ez da uretan desegiten. Mikroorganismoak erakartzeko gaitasuna izango balu, iragazki moduan erabili ahal izango litzateke. Baina ez da hala gertatzen: uretan birusek karga elektrikoa izaten dute azalean, eta zeolitak ere karga bera du. Ondorioz, mikroorganismoak aldaratu egiten ditu. Zeolitaren karga elektrikoa aldatzeko, ikertzaileek ile egokitzaileetan eta ahoa garbitzeko likidoetan erabiltzen den gai kimiko bat gehitu diote: HDTMA.

Tratatu gabeko zeolitazko eta burdin oxidoz inguratutako hondarrezko iragazkiekin alderatu dute HDTMArekin tratatutako zeolita, eta zalantzarik gabe eraginkorrena dela frogatu dute. Batetik, tratatu gabeko zeolitak ez zuen ureko birusak kentzerik lortu; bestetik, hondarra iragazki ona zen laborategian, baina egoera errealean ez zuen emaitza onik ematen. Ikertzaileek prestatutako zeolita, berriz, birusen % 99 eta E. coli en % 100 kentzeko gai zela ikusi zuten, bai laborategian bai egoera errealean.

Oso eraginkorra izateaz gain, merkea da. Hala ere, erabilgarria dela erabakitzeko, iragazkiak zenbat denbora irauten duen eta gizakiarentzat toxikoa den ala ez ikertu behar dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia