}

Iturraran lorategia, zaletasun baten emaitza paregabea

2008/04/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Peoniak edo oinlodiak negu gogor samarra behar izaten du bere bizi-zikloa osatzeko. Abisiniako bananondoaren bizi-baldintzei buruz irakurriko bagenu, berriz, ikusiko genuke berez ez dituela jasaten 15 gradutik beherako tenperaturak. Beraz, pentsatzekoa da inoiz ezingo liratekeela elkarren ondoan hazi eta bizi. Bada, Iturraran lorategi botanikoan, ondo-ondoan daude bata eta bestea; eta ez dira ozta-ozta bizi, oso indartsu baizik.
Iturraran lorategia, zaletasun baten emaitza paregabea
2008/04/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Peoniak eta Abisiniako bananondoa ondo-ondoan, Iturraranen.
P. Garin

Pagoeta inguruko klima-kondizio epelek posible egiten dute berez bateraezinak diren inguruneetako landareak elkartu eta inongo arazorik gabe bizitzea. Urte osoan gutxi gorabehera dozena bat egunetan jaisten da tenperatura zero azpitik, eta udan ere ez da gehiegi igotzen. Mundu osoko 4.500 zuhaitz eta zuhaixka inguru dituzte Iturraran lorategi botanikoan; eremu handi bateko lorategi aberatsenetako bat da espezieei dagokienez, eta dituzten haritz- eta astigar-bildumak mundu-mailako bi edo hiru bilduma hoberenen artean daude.

Gaur egun hain aberatsa den lorategia Pagoetako parkearen kudeaketaren arduraduna zen Paco Garinen zaletasun batetik abiatu zen, 1986ko neguan. Aldundiak erosi berri zuen Iturraran baserriaren inguruan zuhaitz apaingarri batzuk landatzea erabaki zuen parkeko lantaldeak, udazkenean kolore ugari zituzten zuhaitzak: astigarrak, zuhandorrak eta abar.

Hasi, bai, horrelako landaketa txikiekin hasi ziren, baina Garinek zaletasun handia zuen zuhaitzetarako, eta, pixkanaka, leku batetik eta bestetik ekarritako zuhaitz eta zuhaixkak landatzen joan ziren orain Iturrarango interpretazio- eta harrera-zentroa den baserriaren inguruan. Zuhaitz-mota jakin batzuen bildumak egiten ere hasi ziren haritzena, astigarrena, likidanbarrena, eta abar.

Ohartu orduko, lorategi txiki bat egiteko adina landare zituzten, eta horri ekin zioten. Lorategia zortzi gunetan banatu zuten, eta bakoitzari zuhaitz-mota nagusi bat esleitu zioten: haritzen gunea, astigarrena, mimosena, Mediterraneoko landareena, zumar eta intxaurrondoena, errosazeo (gereziondoak, sagarrondoak eta abar) eta palmondoena, txilarrena eta koniferoena.

Inondik ere ez erraza

Paco Garin Quercus guliemi-treleasei batekin. Europan ez dago espezie horretako beste zuhaitzik.
P. Garin

Hasieran oso erraza zen banaketa horri jarraitzea, baina bildumak gero eta handiagoak ziren, eta mota bakoitzeko landareen jatorria, eta eskakizunak, gero eta ugariagoak. Ikusi zuten ezinezkoa zela mota bateko landare guztiak elkarrekin jartzea. Adibidez, haritzentzat gune berezi bat zuten definituta. Baina tropikoetako haritzak ekarri zituztenean ohartu ziren ezin zituztela gainerakoen ondoan jarri, haritzen gunea iparraldera begira zegoelako, eta haritz tropikalak ezin zirelako kondizio haietan bizi. Hala, eguteran jarri zituzten haritzok. Gaur egun, beraz, lorategiaren gune bakoitzean landare-mota bat da nagusi, baina tartean beste hainbat motatako landareak ikus ditzakegu.

Batzuetan denbora asko behar izaten dute landare jakin batentzat leku egokiena zein den bilatzeko, eta ez bakarrik Iturrarango klima-kondizioak landareen jatorrizko bizilekuarekiko desberdinak direlako. Inguruan duten lurzoruaren ezaugarriek ere eragin handia dute landareen biziraupenean, landare bakoitza ezaugarri jakin batzuk dituen lurzoru batean bizitzera moldatuta dago eta.

Hala ere, askotan, landare baten moldagarritasuna landarearen egokitzeko eta jasateko gaitasunaren araberakoa da. Hala, landare batzuk berehala egokitu dira Iturrarango kondizietara, hemengoarekin inongo antzik ez duen klima batetik etorri arren.

Dagoeneko 4.500 landare-mota inguru dituzte lorategian, eta gehiago handitzeko asmoa dute. Bildumagilea den neurrian, Garinen helburua --edo nahia-- da lorategiko bilduma nagusiak osatzea. Adibidez, asko gustatuko litzaioke munduko haritz-espezie guztiak biltzea. Denera bostehun haritz-espezie daude, eta dagoeneko erdia biltzea lortu dute.

Hainbat bidetatik biltzen dituzte landareak. Batetik, munduan zehar egiten dituzten bidaietan zuhaitzen haziak bilatzen eta biltzen dituzte; bestetik, bildumagileentzat dauden haztegi berezietatik ere lortzen dituzte batzuk, eta munduko beste bildumagile batzuekin haziak eta landareak trukatzen dituzte. Bestalde, urtean asteburu batean, landare berezien azoka bat antolatzen dute Iturraranen bertan. Edozeinek eros ditzake ohiko denda eta mintegietan saltzen ez dituzten landareak. Noski, Iturrarangoek ere probetxua ateratzen diote horri. Apirilaren azkeneko asteburuan izango da aurten azoka; beraz, oraindik garaiz zaude, irakurle, hara hurbiltzeko!

Ezkerretik hasita, Prunus accolade , lorategietarako sortutako hibrido bat, Kniphofia rooperi landare hegoafrikarra eta Leucojun vernum , Europako pagadietako landarea.
P. Garin

Bizikidetzaren arazoak

Klima ez da landareen ongizatea mugatzen duen faktore bakarra. Pagoeta natura-parkean bertan dago lorategia, eta hango basapiztiekin --orkatz, basurde, untxi eta abarrekin-- batera bizi dira landareak. Lorategia, berez, hesitua dago, baina gune batzuetan zuloak daude, eta, gainera, hesiaren azpitik ere sartzen dira batzuetan.

Lorategian daudenean, egin beharrekoak egiten dituzte, hala nola landareen kimu berriak jan, noski. Horretaz gain, orkatzek, adibidez, zuhaitzen azal-puskak kentzen dituzte araldian, lurraldea markatzeko. Lorategian sartzen direnean, nora joango lurraldea markatzera, eta zuhaitz arraroenetara joaten dira. Eta basurdeak, landatu berri dauden landareen eremuetan iraulkatzen dira.

Hala ere, Iturraranen badakite ingurune natural baten erdi-erdian daudela, eta ezin dutela gauza handirik egin horren kontra. Saiatzen dira, ordea, horiek saihesten; adibidez, zuhaitz bat baino gehiago dute hesiz inguratuta.

Bestelako 'basapiztien' eragina ere jasan behar izaten dute: tarteka, lapurtu egiten diete ekarri berri duten landareren bat. Garinek susmoa du ez ote den izango inguruko landare-bildumagile bat, lorategia bisitatzera joan, eta, atentzioa ematen dion landare bat ikustean, bere lorategira eramaten duena.

Pagoetako basapiztien eragina saihesteko, zuhaitz bat baino gehiago hesiz inguratu dute; adibidez Magnolia 'Milky Way' hibridoa.
P. Garin

Pena handia ematen dio Garini horrek, batetik, lapurtzen dituzten landare batzuk oso arraroak direlako, eta, beraz, ia ezinezkoa izango delako berriro landare berdinak eskuratzea, eta, bestetik, ez dakielako lapurrek zer kondiziotan zainduko dituzten, batzuek, atera ere, une edo garai desegokian ateratzen dituzte eta.

Zailtasun horiei guztiei aurre egin behar izaten diete, eta, hala ere, inguruko lorategi aberatsena dutela esan dezakete Iturraranen. Noiz arte handituko duten ez dakite; muga, seguru asko, lorategiaren azalera izango da: 25 hektarea dituzte hesituta, eta, oraingoz, 10-12 hektarea baino ez dituzte landarez beteta. Beraz, handitzen eta handitzen jarraituko dute. Bisitarien gozamenerako.

Landareak kontrolpean
Kanpotik ekarritako landare batzuek moldatzeko arazoak dituztela badakite, baina jakin badakite, baita ere, ere beste batzuk arriskutsu bihur daitezkeela haien sorlekutik kanpo; inbaditzaile izan daitezkeela, alegia. Eta ez dute ez ikusiarena egiten balizko arazo horren aurrean. Landare bat behin betiko kokalekuan jarri aurretik, proba-fase bat egiten dute, zer kondizio behar dituen eta zer arazo eman ditzakeen jakiteko. Zerrenda bat egin dute landare arriskutsuenekin, eta hartu beharreko neurriak hartzen dituzte kontrolpean izateko; alegia, ez dituzte saltzen edo banatzen, eta urtero jaiotzen diren landare berriak moztu egiten dituzte.
Hala ere, Garin ez du gehiegi kezkatzen gai horrek, ez baitu oso zaila ikusten lorategira ekartzen dituzten landareak kontrolpean izatea. Izan ere, handi samarrak dira eta urte batetik bestera ikusteko modukoak izateko adina hazten direlako.
Helburu didaktikoa duen lorategia
Iturraran lorategi botanikoko bisitariek bertatik bertara ikus ditzakete zuhaitz eta zuhaixka guztiak. 4,5 kilometro inguruko bide-sarea dute horretarako lorategiko guneetan barna. Ikusgai dauden espezie guztiak etiketatuta daude, eta, etiketetan, bakoitzaren familiaren izena, izen zientifikoa, eta berez duen banaketa adierazten dituzte.
(Argazkia: P. Garin)
Horrez gain, bisita gidatuak egiten dituzte aurrez eskatuta, eta haraino joan ezin denak 5.000 argazkitik gora dituen web orrialdean (www.aiapagoeta.com) ikus ditzake lorategiko landareak, baita inguruko parajeetan, lorategitik kanpo, dauden espezieak ere. Argazkiez gainera, pixkanaka, espezie bakoitzaren inguruko informazioa jartzen ari dira.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
241
2008
4
027
Botanika; Museoak
Artikulua
18

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia