}

Itsaspeko nuklearren arriskua

2000/11/14 Urresti, Igor - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Diesel motorrek, oxigenoa behar dutenez, itsaspekoei ez diete autonomia handirik eskaintzen. Hain zuzen ere, ur azpian denbora gehiago pasatzeko aukera ematen dietelako erabiltzen dituzte erreaktore nuklearrak

Azken hilabeteotan, Gibraltarren dagoen HMS Tireless itsaspekoaren matxura eta Kursk-en hondoratzearen ostean, itsaspeko nuklearrak denon ahotan ditugu. Itsaspeko horiek normalean arma nuklearrak daramatzate, baina ez da hori itsaspeko nuklear izena ematearen arrazoia. Erabiltzen duten propultsio-motak ematen die izena, erreaktore nuklearrak erabiltzen baitituzte.

Hasierako itsaspekoek Diesel motorrak erabiltzen zituzten. Ur azalean mugitzeko ez zuten inongo arazorik, baina Diesel motorrek errekuntzarako oxigenoa behar dutenez, ezin zuten ur azpian martxan jarraitu. Itsaspeko horiek gutxienez bi Diesel motorrez hornituta daude, eta ur azalean daudenean, batak itsaspekoa propultsatzen duen bitartean, besteak bateria elektrikoak karga ditzake. Bateriak dira, hain zuzen ere, ur azpian dagoenean itsaspekoari indarra ematen diotenak. Halere, ez dute autonomia handiegirik eta horregatik, itsaspekoek sarri itzuli behar izaten dute azalera.

Hori dela eta, 60ko hamarkadatik, ohikoa da itsaspekoek indar nuklearra erabiltzea. Erreaktore nuklearrek ez dute oxigeno beharrik eta horrela itsaspekoa luzaroan egon daiteke ur azpian. Gainera, erregai nuklearrak gasolioak baino gehiago irauten duenez, ez dute sarri portura itzuli beharrik. Itsaspeko horiek munduari 40 bira emateko adina autonomia dute, eta ur azpian egotearen muga, eskifaiak bakardadea pairatzeko duen gaitasuna da.

Itsaspeko horien erreaktore nuklearrak ohiko zentral nuklearretan dauden erreaktoreen berdinak dira. Erreaktorearen beroak presiopean dagoen ura berotzen du. Lehenengo zirkuitu honen beroak, independentea den bigarren ur-zirkuitua berotu eta lurrun-turbina mugiaraziko duen lurruna sortzen du. Horrela, ondo dabilenean, ez dago erradioaktibitatea kanpora ateratzeko aukerarik. Azkenik, turbinek zuzenean eragin diezaiekete propultsatzaileei edo elektrizitate sorgailuei. Itsaspekoek daramaten erreaktore nuklearra zentraletakoa baino txikiagoa denez, erregai erradioaktiboa aberatsagoa da.

Istripuak

Tireless ontziaren kasuan, lehen zirkuituko ur erradioaktiboaren ihesa izan zuten. Malta irlaren parean ohartu ziren matxuraz, eta Gibraltarrera heldu bitartean, 200 litro ur erradiaktibo askatu zituzten nahita. Gainera, The Guardian egunkariak argitara eman duenez, erreaktore nagusia akats larria izateko gertu zegoen. Erresuma Batuko defentsa ministerioak onartu duenez, dituzten hamabi itsaspekoetatik zazpik berehalako konponketak behar dituzte.

Kursk -aren kasuan, zorionez badirudi egia dela ez zeramala arma nuklearrik, eta errusiarren arabera, itsaspekoaren bi erreaktore nuklearrek ez dute matxurarik jasan. Dirudienez, erreaktoreek deskonexio-prozesu automatikoa hasi zuten istripua gertatu bezain laster. Baina zoritxarrez ez dira hor bukatzen gure kezkarako arrazoiak. Kursk ontziak izandako larriuneko geldialdiaren ondoren, erreaktorea hoztu beharra dago. Hozte-sistema ondo dabilen bitartean eztanda izateko arriskurik ez dago eta ez da itsasora erradioaktibitate askatze masiborik izango. Horri esker, ez da egon hasierako isuri nuklearrik. Baina dirudienez errusiarrek ez dute Kursk azaleratzeko asmorik, eta litekeena da denborarekin ihes erradiaktiboa gertatzea. Etorkizun hurbilean hori gertatzeko aukera badago, are gehiago itsaspekoaren egitura bera nahiko matxuratua egonik. Gainera, Barents itsasoko arrain-kaletan dago hondoratuta eta inguruko ekosistemetan izango duen eragina argitzeke dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia