}

"Itsas kultura gure inguruan zabaltzea da helburua"

2003/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ría de Bilbao Itsas Museoak bisitarientzat ateak ireki aurretik egin dugu elkarrizketa hau. Museoan bertan genuen hitzordua, eta iritsi orduko konturatu gara benetan toki berezian dagoela.
Hasteko, Museoa bisitatzeko aukera izan dugu, kanpotik eta barrutik, eta, ondoren, Pablo Atelak eta Izaskun Etxanizek adeitasunez azaldu dizkigute hango xehetasun guztiak. eMarCon, itsas museoak elkarrekin sarean

Oraintxe zabaldu duzue Museoa. Zein helbururekin?

(Argazkia: A. Galarraga).

Helburu nagusia itsas kultura gure inguruan zabaltzea da. Kontuan izan behar da toki honetan, Euskalduna ontzioletako kai zaharrean, mendeetan zehar metatzen joan den ondare ikaragarri bat dugula. Egia da azken garaiotan garrantzia galtzen joan dela, baina, hala ere, ondare hori Bilboren, Bizkaiaren eta Euskal Herriaren nortasunaren parte da.

Helburua ondare historiko eta kultural hori gordetzea eta zabaltzea da, eta, horrekin batera, gaur egungo errealitatea ere erakutsiko dugu. Izan ere, orain ere itsasoak pisu handia du Euskal Herrian, baina beste ikuspuntu batetik bizi dugu: industria-jarduerak jarraitzen du eta, aldi berean, aisialdiarekin lotutako jarduerek indarra hartu dute.

Bisitaldian argi gelditu zaigu jendearen parte-hartzea bultzatu nahi duzuela, ezta?

Halaxe da. Ikusi ahal izan duzuen bezala, museoa erabat irekia eta integratzailea izatea nahi dugu. Horregatik, museoaren zati eta jarduera nagusietako bat tailerrak dira. Ezin dugu ahaztu non gauden. Hain zuzen ere, museoa ontziola garrantzitsuenetako bat egon zen lekuan dago, eta horrek ontzigintzari bultzada bat ematera behartu gaitu, oraingoan helburu hezitzaile eta kulturalarekin, besterik ez bada ere. Nolabait, bizi dugun errealitatera moldatu nahi dugu jarduera hori, eta jendeari parte hartzeko aukera eman, nahiz zuzenean —modelismoko, arotzeriako edo ontzigintzako tailerretan parte hartuz— nahiz nola lan egiten duten ikusiz soilik.

Titan , 1923an Herbehereetan, egindako draga, museoko bildumaren ontzi berezienetako bat da. Orain, draga hau berritzen ari dira. (Argazkia: J. Segoviano © Fundación Museo Marítimo Ría de Bilbao Ría de bilbao Itsas Museoa Fundazioa).

Tailerrak museo parte-hartzailetzat ulertzen dugunaren adibide dira, baina beste jarduera batzuk ere jarriko ditugu martxan, bisitariak itsasoaren eta ontzien iraganean eta etorkizunean esku hartzera bultzatzeko asmoz.

Nabarmena da, bestetik, itsas museoaren kokapena ez duzuela aliritzira aukeratu...

Noski. Horretan zorionekoak gara, iragan zoragarri bat izan duen tokian baikaude eta, aldi berean, Abandoibarrak pisu handia izango baitu Bilboren etorkizunean; iragana eta etorkizuna batuta gure alde ditugu. Iraganeko are gauza gehiago gorde izan balira, hainbat hobe, baina ez gaude kexatzeko moduan: Ponpa-etxola, Carola garabia eta dikeak gorde dira, horietako bat XIX. mendearen erdialdekoa. Hain justu, ontzigintza eta konpontze-lan zibiletarako lehenengo dikea izan zen Espainian. Beraz, ondare izugarri aberatsa jaso dugu.

Batzuetan, ondarea berreskuratzeko hainbat lan egin behar izan ditugu; adibidez, aipatutako dike hori lurperatuta zegoen. Itsasontziak handitzen hasi zirenean, ez ziren dikean sartzen eta zabalago bat egin behar izan zuten. Guk dike zaharra indusi eta erabilera kulturalerako berreskuratu dugu.

Bestetik, hemen egoteak badu beste abantaila bat: gurearekin zerikusirik ez duten gaiei buruz ospe handiko museoak ditugu inguruan: Guggenheim Museoa eta Arte Eder Museoa. Euskalduna Biltzar Jauregia ere ondoan daukagu. Horri esker, bisitari-kopurua handia izatea espero dugu, museo erabat desberdinak izanik osagarriak baitira. Baina, batez ere, ikaragarrizko balio sinbolikoa du leku honek, hemen bertan aritu baitziren honetan lan egiten zutenak.

Nori zuzenduta dago Itsas Museoa?

Museoa denentzat dago irekia, noski. Hala ere, umeei eta esperientzia hau bizi izan duten helduei zuzenduta dago gehienbat. Izan ere, umeek ez dute gure herriaren historiaren alderdi hau ezagutu, eta, gure ustez, garrantzitsua da errealitate honetaz jabetzea, beren iraganaren zati bat baita. Eta historia hori gertutik bizi izan dutenak, berriz, identifikatuta sentituko dira. Era batera edo bestera, adin-tarte batean, ia denek izan dute itsasoarekin zerikusia izan duen norbait hurbil: aita, aitona, osabaren bat... Horregatik, itsas historia gogoratzea garrantzitsua da, ez bakarrik herriaren nortasunaren aldetik, baita gizatasunaren eta sentimenduen aldetik ere.

Tailerren bidez, ontzigintzaren sekretuak erakusteaz gain, jendeari parte hartzeko aukera ematen dio museoak. (Argazkia: © Fundación Museo Marítimo Ría de Bilbao Ría de bilbao Itsas Museoa Fundazioa).

Beste era bateko bisitarientzat ere prestatu dugu museoa. Itsasoko edo museologiako gaietan sakondu nahi duen edonori zerbitzua emateko, liburutegi bat egongo da hemen. Museoko sarrera ordaindu gabe sartu ahal izango du kontsultaren bat egin nahi duenak, eta liburuak eta dokumentuak maileguz emango ditugu. Halaber, gela bat prestatu dugu tesiak edo proiektuak egiten ari diren ikertzaileentzat, lana lasaitasun osoz egin ahal izan dezaten.

Lantegiak, liburutegia... zer gehiago eskaintzen du museoak eta nola dago banatuta espazioa?

Museoak bi espazio ditu: kanpokoa, 20.000 m 2 -koa, eta barrukoa, 4.500 m 2 -koa gutxi gorabehera. Barruan, tailerrak alde batera utzita, hiru ardatzen inguruan banatu dugu tokia. Lehenengoa “Itsasadarra, itsas portua” da, eta itsasadarraren bilakaera historikoa azaltzen du. Bigarrenean, “Itsasadarra, merkatua eta lantegia” izenekoan, historian garrantzi gehien izan duten jarduerak eta errealitate ekonomikoa eta soziala agertzen da, eta hirugarrenean ontzigintza dago ikusgai, hasierako zurezko ontzigintzatik hasi eta gaur egungora arte. Hori guztia, zubiaren azpiko eraikinean.

Baina, beharbada, kanpoko espazioa da bereziena. Izan ere, gure bildumako ontziak lehengo ontziolako hiru dikeetan daude. Bisitariek dikeetara jaitsi eta ontzietara sartu ahal izango dute. Ontzi bakoitzaren barruan ontzi-mota horretan egiten diren lanak azalduko dira, eta baita han lan egiten zutenen bizimodua ere.

Museoaren espazio bereziena kanpoan dago, han baitaude Carola garabia, ponpa-etxola, dikeak, ontziak eta ontziola zaharretik gorde diren gainerako elementuak. (Argazkia: © Fundación Museo Marítimo Ría de Bilbao Ría de bilbao Itsas Museoa Fundazioa).

Horretaz gain, Carola garabia eta ponpa-etxola ditugu kanpoan, eta bestelako elementuak ere badaude: buiak, aingurak... Berez, aldi baterako erakusketentzako tokia barruan dagoen arren, inoiz toki gehiago behar izanez gero, kanpoan ere jar dezakegu erakusketaren bat.

Beraz, erakusketa iraunkorraz gain, aldi baterako erakusketak antolatzeko asmoa ere baduzue...

Bai. Era honetako beste museoekin oso harreman ona dugu, eta elkarrekin proiektuak egiteko asmoa dugu, ez bakarrik gure bildumetako elementuak trukatzeko edo elkarri uzteko, baita bestelako proiektuak aurrera eramateko ere.

Euskal Herrian badaude beste itsas museo batzuk, adibidez, Bermeokoa, Donostiako Ontzi Museoa, Plentziakoa, Donostiako Aquarium-a... Baina beste era batekoak dira. Euskal Herrian, gurea da mota honetako lehenengoa, eta, horregatik, beste herrialdeetako gainerako museoekin harremana izatea oso garrantzitsua da guretzat.

Ría de Bilbao Itsas Museoak eMarCon izeneko proiektuan parte hartzen du. Izena Itsas Kultura Eduki Elektronikoa-ren akronimoa da, eta Europako Batzordeak finantzatutako egitasmo bat da. Helburua geografikoki urrun dauden museoak eta haien bisitariak hurbiltzea da. Horretarako, Internet bidez erakusketa birtualak egitea ahalbidetuko duen software bat sortzeko asmoa dute. Gainera, datu-base bera izango dutenez, itsas ondare digitala partekatuko dute.

Egitasmo horretan, Europako zazpi herrialdetako bederatzi erakundek hartzen dute parte. Horien artean lau museo daude: Alemaniako Bremerhaven-go Itsas Museoa, Lisboakoa, Poloniako Gdansk hirikoa eta Bilbokoa. Horietaz gain, erakunde akademikoek eta informatikan eta teknologia berrietan lan egiten dutenek osatzen dute taldea. Hala ere, guztien nahia denborarekin museo gehiago biltzea da, eta denen artean sare osatu bat sortzea.

Informazio gehiagorako egin klik hemen .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia