}

The International J. of Developmental Biology munduari begira

2002/05/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Filadelfiako Zientzia Informazioaren Institutuak, ISIk, argitaratu dituen zerrenden eskutik iritsi zaigu The Internatioanl Journal of Developmental Biology aldizkariaren berri. Gure artean ezezaguna izanagatik, nazioartean ospea duen argitalpena da, dudarik gabe. Izenez atzerritar dirudien arren, Leioan egiten den aldizkaria da eta garapen-biologian urteak daramatza gorengo mailan argitaratzen.

Granadako Unibertsitatean bazen Anales del Desarrollo izeneko aldizkari bat gaztelania hutsean argitaratua. Aldizkari hura Espainian bakarrik zabaltzen zen eta Juan Aretxaga editore izendatu zutenean aldaketa baten beharra sumatu zuen. Anales del Desarrollo aldizkaria eguneratu, lehiakorrago bilakatu eta mundu zabalera irekitzeko asmotan jaio zen The International Journal of Developmental Biology . Ideia hura Juan Aretxaga Euskal Herriko Unibertsitatera heldu zenean gauzatu zen, hau da, orain dela 14 urte. Bertan topatu zuen aldizkariak behar zuen laguntza guztia eta ustekabean unibertsitateko zerbitzu editoriala mundu mailako proiektu batean murgildu zen. Aldizkari zientifiko onenen mailara iristea lan izugarria izan da eta, gainera, maiz kritikatua izan den lana.

Aldizkaria gaur egun garapen biologian egiten den ikerketara zuzendua dago. Biologiaren barnean lehiakorrena den atala eta, hain zuzen ere, biologiaren eta medikuntzaren barnean adierazgarriena. Ingeles hutsez egiten da, hura baita nazioartean zientziaren hizkuntza eta zabalkuntzako tresna. Zabalkuntza horren lekuko dira aldizkarian idazten duten zientzialarien jatorriak: Alemania, Japonia, AEB, Kanada, Frantzia, Australia, Israel, Italia, Finlandia, eta abar. Guztiek aldizkariak atzerrian zenbateko oihartzuna duen adierazten dute.

Kalitatezko kontrola

Ikerketa baten emaitza gehienetan ez da patente bat izaten, ezta txosten bat ere, aldizkari bateko artikulua baizik. Beraz, urtetako ikerketa baten emaitza aldizkarietan jasotzen da eta, aldizkariak duen ospearen arabera, ikertzaile gehiagok edo gutxiagok argitaratuko dituzte beraien lanak bertan. Aldizkariak ospe horri eusteko, ordea, argitaratu beharreko lanen aukeraketa zorrotza egin behar izaten du. Aukeraketa-prozesu horren irizpideak ezagunak dira nazioartean, baina oraindik orain Espainian ez dira aintzakotzat hartzen.

The International Journal of Developmental Biology -k, ordea, hasieratik aplikatu ditu irizpide horiek. Egileek artikuluaren lau kopia bidaltzen dizkiete eta horietatik hiru mundu mailan arlo horretan aditu diren hiru pertsonari igortzen zaizkie. Aditu horiek, anonimoak autoreentzat, hilabeteko epean gutxi gorabehera, artikuluaren inguruko balorazioa ematen dute. Plazaratzeko moduan badago, zuzenean kaleratzen da, baina, bestela, zuzendu beharreko atalak aipatuz iradokizunak bidaltzen dituzte. Iradokizunekin batera, egileari itzultzen zaio artikulua beharrezko aldaketak egin ditzan. Azkenik, artikulua berriz editoreen eskuetara bidali eta argitaratu egiten da. Sistema horri peer-review deritzo, eta mundu zabalean ezagutzen da.

Plazaratzen diren artikuluez gain, esan beharra dago ezeztatzen diren artikulu asko daudela. Osperik handiena duten aldizkarietan, % 60-70 bitartekoa izaten da artikuluen ezeztapen-tasa, eta The International Journal of Developmental Biology -ren kasuan % 40koa. Tasa horrek ez luke inoiz % 25etik behera egin behar kalitatezko zientzia dibulgazioa egin nahi izanez gero. Tasa horrek, beraz, kalitatearekin eta ospearekin zerikusi handia duela esan daiteke.

Inpaktu Faktorea eta Prestigio Faktorea

Tasa horretaz gain, badira beste bi ere: Inpaktu Faktorea eta Prestigio Faktorea. The International Journal of Developmental Biology -ren ospea bi faktore horien arabera eman du ISIk. Sailkapen horietan, Espainian kaleratzen diren 1.000 aldizkarietatik 26 soilik onartzen dira. Horietatik, Leioako aldizkaria lehena da bi faktoreetan, baina ez orain, baizik eta atera zenetik; hau da, duela 14 urtetik hona.

International J. of Developmental Biology garapen-biologian egiten den ikerketara zuzendua dago.

Faktore horiek datu objektiboetan oinarrituta daude. Inpaktu Faktorea kalkulatzeko, mundu zabaleko aldizkarietan artikulu bat zenbatetan aipatu den zenbatzen da. Artikulu baten amaieran erreferentzia- edo bibliografia-atalak egoten dira, eta bertan beste artikulu edo publikazioen berri ematen da. Datu horiek prozesu oso konplexu baten bidez jaso eta prozesatzen dira, eta urtean behin emaitza kaleratzen da. Artikulu bat beste idazki zientifikoetan aipatzen bada, ona dela pentsa daiteke eta artikulu guztiak onak badira, aldizkariaren Inpaktu Faktorea igo egiten da.

Bigarren faktoreak edo Prestigio Faktoreak lanen originaltasunari begiratzen dio. Hau da, argitaratzen diren artikuluetatik zenbat diren lan originalak eta zenbat aurreko lanen berrikuspenak. Beraz, bi faktore horietan gorengo maila izatea ez da erraza.

Arazo nagusia

David J. Fogarty, Neurozientzietan doktorea EHUn, eta Juan Aretxaga, katedraduna, dira goi-mailako aldizkari honen erantzule eta beraiek aipatu dizkigute dituzten zailtasunik handienak. Arazorik larriena ez da artikulu-falta, eta/edo artikuluak zuzentzeko aditu-falta, baizik eta laguntza-falta. Orain arte aldizkariaren bulego editoriala bi pertsonen artean eramaten bazen ere, beste pertsona baten eta diru laguntzen beharrean aurkitzen dira. Bi pertsonarekin ezinezkoa da geroz eta handiagoa den merkatuari erantzutea eta, gainera, azken urteetan aldizkariak Internet bidez zabaltzeko joerarekin, lan eskerga asko handitu zaie.

Mentalitate-aldaketa bat ere sustatu nahi dute: kalitatea kanpoan soilik aurki daitekeen ustea. Ikerketen emaitzak, hau da, gehienetan artikuluak, kanpora ateratzen dira eta horrela ikerketa horien onurak ere kanporatu egiten dira, Alemaniara, AEBetara, eta abar. Zientzian kalitatea bultzatu nahi bada, ordea, kalitatezko aldizkari zientifikoak behar dira. Kalitatezko zientzia hori hemen ere egin daitekeela aski frogatua gelditu da, The International Journal of Developmental Biology aldizkariarekin. Beraz, ospea eta kalitatea bultzatzea gure esku dago.

Espainian, Inpaktu Faktorearen eta Prestigio Faktorearen arabera lehena da euskal aldizkaria.
Grafikoa hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra
Bere arloko nazioarteko lehiakideen artean igotzen doa aldizkariaren ospea.
Grafiko hau ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia