}

ISSrantz berriz ere

2001/04/17 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ostegunean abiatuko da NASAren Endeavour transbordadorea Nazioarteko Espazio Estaziorantz zazpi astronauta eta makina bat eginkizunekin.

NASAren aurrekontu-murrizketen oihartzuna atzean utzita abiatuko da transbordadore espaziala ostegunean ISSrantz. Lehen aldiz astronauta europar batek parte hartuko du misioan, Umberto Guidoni italiarrak hain zuzen eta ESAk, noski, ez du aukera galtzeko asmorik. Telebistaz eta Internetez emango ditu 10 eguneko misioaren xehetasun guztiak http://television.esa.int eta http://www.esa.int/guidoni helbideetan.

Endeavour-eko eskifaiaren eginkizun nagusia kanadarren Canadarn2 beso robotikoa instalatzea, aktibatzea eta frogatzea izango da. Izan ere, besoa funtsezkoa da ISSren muntaketa fasean eman behar diren hurrengo urratsetarako, besteak bestek ekainean gehitu nahi den aire-esklusa ipini ahal izateko. Canadarm2 besoa transbordadoreek dutena baino luzeagoa, sendoagoa, malguagoa eta trebeagoa da. Hiru aldiz masa gehiago higi dezake eta mugimendu oso finen bidez estazioaren kanpoalde guztia estaltzeko gai da. Bestalde, korronte elektrikoa horni dezake eta manipulatzen ari den objektuekin ordenagailu bidezko loturak egin ditzake.Gainera, lotuta eramango dituen lau kamerak estazioaren kanpoaldean instalatuko diren lehenak izango dira. Aurrera begira gailu txikiak jarri eta kentzeko gai izango den robot txiki bat lotuko da besoaren muturrean, hau ere kanadarrek eraikia.

Besoa instalatzeaz gain, italiarrek eraikitako Raffaello modulu logistikoa lotuko zaio ISSri. Aurreko bidaian garraiatutako Leonardo moduluaren anaia da hau eta estaziorako ekipoak, kontsumorako artikuluak eta esperimentuak garraiatzen ditu. Ikerketetako batean, adibidez, landareak haziko dituzte espazioko erradiazioak nola eragiten dien aztertzeko. Azkenik, UHF komunikazio antena ere lotuko zaio ISSri.

Informazio gehiago: http://www.shuttlepresskit.com/STS-100/OVR196.htm

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia