Salmonella-ren zapore txarra
2002/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Salmonella enteritidis bakterioak gure digestio-hodian eragiten dituen gaitzei aurre egiteko, gure sistema immunearen mekanismoak ez ezik, amebek ere badute eragina. Amebak gure digestio-hodian bizi diren organismo zelulabakarrak dira, eta Salmonella eta antzeko bakterioez elikatzen dira.

Utah-ko Unibertsitatean ikusi dutenez, amebek nahiko eragin handia izaten dute Salmonella-ren populazioetan, eta, hori dela eta, bakterioek ameben aurkako babes-sistema bat garatu dute: kanpo-mintzaren konposaketa aldatzen dute amebentzat hain erakargarriak izan ez daitezen.
Zientzialariek kanpo-mintzaren konposaketa ezberdinak zituzten Salmonella-ren zazpi andui erabili zituzten esperimentuan. Amebek mota batekoak bestekoak baino 2,5 aldiz azkarrago jan zituzten. Beraz, zientzialarien ustez, Salmonella bakterioek amebentzako ‘zapore txarrena’ duen kanpo-mintza aukeratzen dute jan ez ditzaten.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia