}

Iruzurra zientzian

2015/01/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Betidanik izan da iruzurra zientzian. Iazko kasu nabarmenena RIKEN ikerketa-zentroak zelula amekin egindakoa izen zen. Ez bakarrik iruzurraren neurriagatik, baita izan zituen ondorioengatik ere: ikerketan parte hartu zuen zientzialari ospetsuenak bere buruaz beste egin zuen.

Yoshiki Sasai izena zuen, eta zelula arruntak zelula ama bihurtzeko STAP errezetaren egileetako bat zen. Errezeta ia magikoa zen, ordura arte garatutakoak baino askoz ere errazagoa. Nature aldizkarian argitaratu zituzten osagaiak eta prozedura osoa, iazko urtarrilean, bi artikulutan.

Ia berehala azaldu ziren lanari buruzko zalantzak; gutxienez zortzi ikertzailek esan zuten ezin zutela ikerketa errepikatu (errepikagarritasuna da metodo zientifikoaren oinarrietako). Otsailean, RIKENek barne-ikerketa bat egin zuen, eta artikulu zientifikoen sinatzaile nagusiak, Haruko Obokatak, jokabide okerra izan zuela ondorioztatu zuen. Korapiloa estutzen joan zen, eta, uztailean, Naturek atzera bota zituen bi artikuluak.

Sasairen suizidioa alde batera utzita, batek pentsa lezake artikulu iruzurtiak atzera botatzea mekanismo eraginkorra dela zientziaren zuzentasuna bermatzeko. Alabaina, iruzurrarekiko kezka aareagotzen ari da. Batetik, atzera botatako artikuluak ez direlako baztertzen beti; askotan, ontzat emanak eta aipatuak izaten jarraitzen dute. Eta, bestetik, gero eta gehiago direlako argitaratu ondoren atzera botatzen diren artikuluak: 2000. urtean, 30 artikulu ziren; 2014ean, 400 baino gehiago.

Hala, iruzurra eragozteko neurriak hartzeko garaia dela uste dute aditu askok, bestela zientziak sinesgarritasuna galdu dezakeelakoan . Bada, ez dute lan makala: Naturek berak egindako aurreikuspenaren arabera, aurten, 2015ean alegia, 470 artikulu botako dira atzera.

 

Berria egunkarian argitaratua.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia