Iritzi ona zientziaz eta teknologiaz FECYTen inkestan, baina joera argirik ez AAz eta klimaz
2025/06/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) gizarteak gai horiekiko duen iritziari buruzko inkestaren emaitzak aurkeztu berri ditu. 2002. urtetik egiten du inkesta hori, bi urtez behin, eta, hala, iritziaren bilakaera azter daiteke. Orain aurkeztu duen galdeketa iaz egin zen, eta gaurkotasun handiko bi alderdi sartu ditu: adimen artifiziala eta klima-aldaketa.
Oro har, gizartean handitu egin da gai zientifiko-teknologikoekiko interesa, baina ez oso nabarmen. Gizonek emakumeek baino interes handiagoa aitortzen dute, medikuntza- eta osasun-arloekiko izan ezik. Bestetik, jaitsi egin da ingurumenarekiko eta ekologiarekiko interesa; bereziki, emakumeen artean. Zenbat eta gazteagoak izan eta zenbat eta ikasketa-maila altuagoa eduki, orduan eta interes handiagoa.
Nolanahi ere, jendeak duen interesa eta hautematen duen informazio-maila alderatuz gero, ikus daiteke ez zaiela iruditzen nahikoa informazio jasotzen dutenik. Hori bai, konfiantza handia dute zientzialariengan, eta hirutik bik uste du guztion mesedetan aritzen direla. Alabaina, ez dute uste gizartea aintzat hartzen dutenik ikerketetan.
Teknologia berriei buruz galdetuta, zuhurtzia printzipioaren aldekoak dira, eta erdiak baino gehixeagok uste du, zientzialariei nork ordaintzen dien, haren araberako emaitzak lor ditzaketela. Antzeko ehunekoak (% 51,4) dio metodo zientifikoa modu fidagarri bakarra dela ezagutza lortzeko.
Aipatzekoa da zientzian konfiantza ez duen jendeak uste duela informazio zientifikoa iruzurtia, azalekoa edo hanpatua dela (% 10-20 inguru dira).
Zientzialarien arteko eztabaidak emaitza onak lortzeko lagungarriak direla irizten diote, eta hazi egin da metodo zientifikoa ondo azaltzen duten pertsonen ehunekoa. Hala, % 78,6k baieztatu du metodo zientifikoak lortzen dituen emaitzak frogatu eta berretsi egin behar direla, denboran zehar.
Hirutik bik uste dute zientziaren eta teknologiaren onurak kalteak baino handiagoak direla, baina arlotik arlora aldatu egiten da iritzia: gaitzei eta izurriei aurre egiteko oso onuragarriak direla uste dute, baina ez ingurumena kontserbatzeko, lanpostu berriak sortzeko eta askatasun pertsonala hobetzeko. Batez ere, kalteek onurei gain hartzen dietela uste dute herrialde aberats eta pobreen arteko arrakala murriztean.
Inbertsioak handitu behar direla uste dute; baina jaitsi egin da oinarrizko zientziari dagokionean.
Informazio-iturriak
Zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten jarduerak egin dituztela adierazi dute: gai horiei buruz hitz egin ingurukoekin, telebistako edo irratiko saioak kontsumitu, dibulgazio zientifikoko liburuak edo aldizkariak irakurri, edo museoren batera joan. Dena dela, jaitsi egin da dibulgazioko jardueretan parte hartzen dutenen ehuneko, hala nola hitzaldi, jardunaldi edo herritarren zientziako proiektuetan parte hartzea.
Telebistaren ondotik, sare sozialak dira kanal nagusia zientzia eta teknologiari buruzko informazioa jasotzeko; bereziki, gazteen artean. Eta iturririk egokiena unibertsitate eta ikerketa-zentro publikoak direla uste dute, dibulgatzaileen aurretik. Haien ondotik datoz ikerketa-zentro pribatuak, eta atzerago prentsa, museoak…
Gehienek uste dute zientziari buruz jasotzen duten informazioa positiboa dela, eta askok (ia % 70) uste dute egiazkoa dela eta ulergarria. Baina are gehiagok uste dute ez dela nahikoa (% 80).
Adimen artifiziala eta klima-aldaketa
Adimen artifizialari buruzko galderan, aplikazio ezagunenei buruzko iritzia eskatu zitzaien, eta jende askok ez zekien zer erantzun. Erantzun zutenen artean, aurpegiaren ezagutzako teknologiei onura gehiago ikusi zizkieten kalteak baino, baita ahots-laguntzaileei ere. Onurak eta kalteak nahiko parean daude, berriz, testuak, irudiak edo bideoak sortzeko sistema automatikoetan. Eta arriskuek onurak gainditzen dituzte sare sozialetan eta webguneetan edukiak edo produktuak aholkatzeko algoritmoetan.
Klima-larrialdiari dagokionez, gehienentzat gai larria edo oso larria da (% 80 baino gehixeago). Gutxiengo batek baino ez du uste arriskuak puztu egiten dituztela (% 18,7). Beste muturrean, % 21,8k uste du atzeraezina dela eta ezin dela ezer egin. Eta ia % 30k uste du aurre egiteko neurriak hartzeak bizi-kalitatea okertzea ekarriko duela, batez ere, diru-sarrera txikiak dituztenentzat. Egia esan, iritziak oso banatuta daude neurriei buruzko galdera zehatzetan: zenbateraino izango diren onuragarriak bizi-kalitaterako, lana sortzeko eta eros-ahalmenerako. Horietan, ez dago adostasun handirik. Interesgarria izango da alderdi horiei jarraipena egitea, eta xehe aztertzea populazio-taldeak, ea, horien arabera, joera batzuk sailka daitezkeen.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia