Iparraldeko zuloa
2000/04/23 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
1970.ean ohartu ziren lehenengoz zientzialariak Antartika gaineko ozono-geruza mehetzen eta hondatzen ari zela. Britainia Handiko ikertzaile-taldea ibili zen urte haietan Antartikako atmosfera eta ozono-geruza zelatatzen, arazoaren larritasunak ikaratuta utzi zituelarik. Larritasun horren adibide dira lehen ikerketa haietan gertatutako zenbait pasadizo. 1985ean ikertzaileek ozono-mailaren jaitsiera neurtu zutenean, galera hain zen nabarmena, ezen neurgailuak hondaturik zeudela pentsatu baitzuten. Aparatuak aldatu eta neurketak berriz egin zituzten eta, orduan ere, hilabete batzuk lehenago lortutako balio berberak lortu zituzten. Neurgailuak ondo zeuden; Antartikako ozono-geruza ez, ordea.
. Ozono-geruzaren egoera larria ezustekoa izan zen ikertzaileentzat, baina hasierako ustekabea ikerketa bihurtu zen azkar asko. Giza eta teknologi baliabide ugari bideratu ziren ozono-geruza aztertzera eta segituan aurkitu ziren hondamendiaren erantzuleak: urtetan aerosol eta hozkailuetan erabilitako klorofluorokarburoak; hau da, CFC famatuak.
Konposatu hauek erabiltzea mugatzeko neurriak berehala hitzartu ziren eta 1996. urterako CFCen igorpena erdira jaisteko (eta aurten erabiltzeari uzteko) konpromisoa hartu zen Montrealen 1987an. Hitzartutakoa betez gero, 2050.erako ozono-geruza osasuntsuak babestuko gintuzke berriz ere, nahiz eta egin berri den zenbait ikerketak arazoak uste baino konponbide motelagoa duela iragarri duen.
Antartikatik Artikora
Orain arte Antartika gaineko ozono-geruzaren zuloa (zenbait gunetan mehetzea besterik ez da) aipatu dugun arren, Ipar poloak ere badu bere mehegunea. Badira urte batzuk Europako Batasuna (THESEO programarekin) eta Estatu Batuak (SOLVE programarekin) Artikoko ozono-geruzaren bilakaera aztertzen ari direla, eta hil honetan aditzera eman diren datuek kezka handia sortu dute ikertzaileengan. Dirudienez, Artikoko ozono-geruzak lodieraren % 60 galdu du negu honetan, 90eko hamarkadako galerarik handiena.
Ikertzaileen arabera mehetze honen eraginak hasi berri dugun udaberrian nabarituko dira Europan; Britainia Handian, Belgikan, Herbeheretan, Danimarkan eta Alemaniako iparraldean batik bat. Eragin horiek aski ezagunak eta oso kontuan hartzekoak dira, gainera. Ozono-geruza mehetzearen lehen ondorioa lur gainera heltzen den erradiazio ultramorea areagotzea da eta frogatuta dago horrek osasun-arazoak sortzen dituela. Ozonoaren kontzentrazioaren % 1eko jaitsierak larruazaleko tumore onberak % 5 ugalarazten dituela baieztatu da, baita minbizi hilgarriak % 1 gehiago izaten direla ere. Horrez gain, begiko gaixotasunak sortzeko arriskua handiagotu egiten da, sistema immunologikoa inhibitu egiten da eta handiagoa da herpes, hepatitis eta bizkarroiek eragindako gaixotasunak harrapatzeko probabilitatea. Eta hori guztia gizakioi zuzenean dagokigunez.
Landareetan duen eragina eta oreka ekologikoan sor ditzakeen aldaketak ere ikaragarriak dira. Ozono-geruzaren garrantzia eta Eguzkitik babestu beharra ez dira inolaz ere hitz hutsalak!
Zergatik poloetan?
Antartika eta Artikoko ozono-geruzaren murrizteaz mintzatu gara orain arte, bi gune haietan nabaritzen baita bereziki fenomeno hori. Nahiko fenomeno paradoxikoa da, bestalde, bi eskualde horietan CFCak igorriko dituen inor gutxi bizi baita. Hau da, hau, mundu aldrebesa! Poluituko duen inor egon ez eta arazo guztiak bertan. Nahiago hala balitz, baina, jada susmatuko zenuenez, ozono-geruzako meheguneak ez daude poloetan zoriak hala nahi izan duelako; zuloek kokapen geografiko hori izateak badu bere azalpena, ozono--geruzaren murriztearen arazoa larriagotu eta gure kezka areagotzen duen azalpena.
Ozono-geruza Atmosferan 10 eta 50 km bitarteko altitudeetan dagoen ozono- -kontzentrazio handiko geruza da (kontzentrazio handiena 25 km-ko altitudean dago) eta estratosfera deritzon atmosferako eskualdea betetzen du gutxi gorabehera. Estratosferan ez dago hodeirik, oso eskualde hotzetan izan ezik, hau da, poloen inguruan izan ezik. Tenperatura -80 ºC-tik behera jaisten denean, 20 km-ko altitudetik gora dauden hodeiak sortzen dira. Baina hodei horiek ez daude ur tantaz osatuta, eta konposizioa berezia izanik, portaera ere berezia dute: hodei horien babesean CFCen osagaiek erreakzio biziak jasaten dituzte eta sortzen diren deribatuek ozono-geruza suntsitzen dute. Ekuazio matematiko bat bailitzan: CFCak gehi hodei estratosferikoak berdin ozono-geruza desagertzea. Suntsipen hori, gainera, ozono-geruzaren lodiera maximo eta garrantzizkoen den altitudean izaten da, 20-25 km-ko altitudean.
Horra hor, beraz, zergatik dauzkagun zuloak poloetan eta ez beste edonon. Hala ere, Ipar eta Hego poloen inguruan sortzen diren hodei horiek neguan bakarrik sortzen dira, tenperaturak oso baxuak direnean. Udaberrian, tenperaturak berriz ere gora egiten duenean, hodeiak desagertu egiten dira eta ozono-geruzaren lodiera berreskuratu egiten da. Azken mende erdian, ordea, CFC gehiegi igorri dugu atmosferara eta argaltze/loditze zikloak hankaz gora jarri ditugu. Antartikan, esaterako, ozono-geruza erabat suntsitu da zenbait lekuetan. Ipar Poloan arazoa ez da inoiz hain larria izan, bertako estratosfera beroagoa baita.
Baina azken hau ere aldatzen ari da. Azken urteetan ez ohiko tenperatura baxuak neurtu dira Ipar poloan, eta ohiz kanpoko ozono-galerak izan dira. Eta harritzekoa dirudien arren, berotegi-efektua izan liteke tenperatura baxu horien erantzulea. Hots, planeta berotzen duen efektu berberak estratosfera hoztu egiten du. Antza denez, atmosferako behe-geruzetan pilatzen den karbono dioxidoak geruza horiek berotzea eragiten du eta, aldi berean (berdintzeko edo), goragoko geruza hoztu egiten du.
Prozesua horrela gertatzen denik ezin ziurta daiteke oraindik, baina ikerketa batek baino gehiagok landu du hipotesia. Hau egiaztatuko balitz, berotegi-efektua eta ozono-geruza galtzea ez lirateke gehiago arazo independente izango. Baina ez hori bakarrik, berotegi- -efektua tarteko, ozono-geruzaren berreskuratze-epeak asko luzatuko lirateke. 1995, 96 eta 97ko estratosferako neguak oso hotzak izan ziren eta ozono-pila desagertu zen.
1998 eta 99koak berriz, oso beroak izan ziren eta ozono-maila nahiko konstante mantendu zen. Aurtengo negua berriz ere oso hotza izan da eta Artikoak ozono-geruzaren % 60 galdu du. 6 negutako datuak ez dira nahikoa portaera-eredua osatzeko, baina bai susmo sendoak eragiteko.
Berotegi-efektua berriz ereLurrak dituen ingurugiro-arazo asko eta askoren eragileak (baina ez erantzuleak) aipatzen ditugunean, berotegi-efektua zerrendaren hasieran agertu ohi da gehienetan. Berotegi-efektua klimaren aldaketa globala eragiten ari da, eta klimaren aldaketak hurakanak, uholdeak, lehorteak eta beste hainbat hondamendi ugaritu egin ditu. Orain arte, bazirudien ozono-geruza zela berotegi-efektuarekin zerikusirik ez zuen ingurugiro--arazo orokor bakarrenetakoa. Atmosferako behe-geruzetako gehiegizko ozonoak berotegi-efektua areagotu egiten du, baina goiko geruzetako ozonoak Eguzkiaren erradiazio kaltegarrietatik babestu egiten gaitu. Ozonoa ezinbestekoa da 15 km-tik gora eta oso kaltegarria hortik behera. Bikoiztasun honek nahasmena sortu du jendearengan, baina ez ikertzaileengan. Horiek arazo independente gisa aztertu dituzte beti berotegi- -efektua eta ozono-geruza galtzea. Oznonoa CFCek suntsitzen dute eta eskualde polarretako hodeiak suntsitze-erreakzio horientzako babes paregabea dira. Azken ikerketek, ordea, hirugarren faktorea gehitu diote suntsipen-prozesuari: berotegi-efektua. Hotzago behar lukeen Atmosferako behealdea berotu egiten duen, eta beroago behar lukeen atmosferako goialdea hoztu egiten duen berotegi-efektua. Gustu txarreko bromaren itxura handia du honek. Dirudienez, kalkulatu baino denbora gehiago beharko du orain ozono-geruzak berreskuratzeko. Berotegi-efektuak ozonoa suntsitzea areagotu eta berreskuratze-prozesua moteldu egiten omen du. Kontrolatu beharreko bi faktoreko arazo handia, hiru faktoreko arazo ikaragarri bilaka daiteke. |
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia