}

Ipar-polokoa ez den hartz zuria

2001/09/19 Elhuyar Zientzia


Irudian ikusten den hartza zuria da, bai, baina ez da ipar-poloko hartz zuria. Ezta albinoa ere. Kanadako Britainiar Columbian bizi den hartz berezi bat da eta, gaur, Science aldizkariaren web gunean, ile zuriaren jatorri genetikoaren berri eman dute.

Kermode hartza edo hartz zuria eta Ameriketan bizi den hartz beltza espezie bereko kideak dira, biak Ursus americanus. Baina Kermode hartz batzuk zuriak dira. Britainiar Columbiako kostaldeko oihanetan bakarrik bizi dira eta 100-200 bat ale zuri besterik ez dira gelditzen aske.

Kermodeko hartzaren izen zientifikoa Ursus americanus kermodei da eta, esan bezala, ale batzuk zuriak direlako da hain berezia. Zehazki, hamar aletik batek du ile zuria. Hasieran, hartz zuriak albinoak zirela pentsatu zen, baina geroago ikusi zen gene errezesibo batek eragiten zuela hain aldaketa ikusgarria. Vanvouverreko Britainiar Columbiako Unibertsitateko ikertzaileek Current Biology aldizkarian deskribatu dute gene hori zein den.

Ikertzaileek 22 ale zuri eta 198 ale beltzen ileetako ADN-laginak hartu dituzte. Pigmentu beltz eta zuriekin erlazionatutako gene bat aztertu dute eta hartz zuriena eta beltzena desberdina dela ikusi dute. Desberdintasuna oso txikia da, baina ilearen kolorea aldatzeko nahikoa. Izan ere, desberdintasun txiki horren ondorioz, hartz zuriak ez dira pigmentu beltza eta horia sintetizatzeko gai.

Kermode hartzaz gehiago jakiteko:

Kermode hartzaren babesgunearen berri
Ritland-en web gunea Kermode hartzari buruz

Kemode hartzaren web gune bat eta loturak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia