}

Intsektizidadun pintura, dengeari eta zikari aurre egiteko

2024/03/20 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

intsektizidadun-pintura-dengeari-eta-zikari-aurre
Intsektizidadun pinturarekin etxeak margotu zituzten boluntarioak. Arg. Universidade Jean Piaget de Cabo Verde

Cabo Verden egin duten ikerketa batean frogatu dute etxeetan intsektizidadun pintura erabiltzea eraginkorra dela eltxoek transmititzen dituzten gaixotasunei aurre egiteko. Pinturak gutxienez urtebeteko eraginkortasuna duela ikusi dute, eta, hala, proposatu dute gaixotasun-bektoreak kontrolatzeko estrategia berri gisa erabil daitekeela. Emaitzak Frontiers in Tropical Diseases aldizkarian argitaratu dituzte.

Bektore bidez transmititzen diren gaixotasunak gaixotasun infekzioso guztien %17tik gora dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, eta, eremu tropikaletako eta subtropikaletako populazio pobretuenei eragiten die gehien. Malaria da larriena, eta dengea ugariena. Bi horiek eltxoen bidez transmititzen dira; baita zika, chikungunya, sukar horia eta Mendebaldeko Niloko sukarra ere, besteak beste. Gainera, klima-aldaketaren ondorioz, bektore horiek gero eta gehiago hedatzen ari dira munduan.

Cabo Verden, gaixotasun horiei aurre egiteko egungo programa nazionala indartzeko helburuarekin, intsektizidekin egindako hiru pinturaren eraginkortasuna probatu dute. 228 etxe margotu zituzten, eltxoen bidez transmititutako gaixotasunekiko bereziki zaurgarriak diren bi auzotan (drainatze txarragatik uholdeak ohikoak dira eta hondakin-uren kudeaketa eskasa da). Lehenengo hilabetean hiru pinturek Aedes aegypti eltxo guztiak hil zituzten. Hiru hilabetera % 80tik gora hiltzen zuten; eta horixe da OMEk ezarritako eraginkortasun atalasea. Sei hilabetera, bi pinturaren eraginkortasuna atalase horretatik behera gelditu zen, baina hirugarrenak eraginkortasun hori izaten jarraitu zuen, baita 12 hilabetera ere. Azken pintura horrek intsektizida-kantitate oso txikiak askatzen ditu denbora luzean, eta, ondorioz, iraunkorragoa da eta ingurumena ere gehiago errespetatzen du, ikertzaileen arabera.

Hala, ondorioztatu dute, pintura hori eraginkorra dela A. aegypti eltxoa hiltzeko, gutxienez urtebetez. Gainera, ikertzaileek nabarmendu dute biztanlerian harrera ona izan duela esperimentuak, eta ez dutela inolako eragin esanguratsurik topatu egoiliarren osasunean. Egoiliar gutxi batzuek kontrako ondorio arinak jakinarazi zituzten: begietako edo sudurreko narritadura arina (% 10) eta buruko mina (% 4).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia