“Interes sozialetan oinarritutako garapen bat nahiko nuke”
2025/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Olatz Arbelaitz Gallego (Errenteria, 1970) Informatikan lizentziaduna eta doktorea da. 1995etik, EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da, eta, bertan, Adimen Artifiziala Osasunean eta Ikasketa Automatikoko Eredu Esplikagarriak eta Bidezkoak lantzen ditu. Halaber, UEUko Informatika Saileko sailburua izan da, eta Ikergazte kongresuko koordinatzailea da azkenaldian. Horrekin guztiarekin batera, teknologia-arloan emakumeen presentzia areagotzeko eta emakumeak ikusgarri egiteko ekintzak bultzatzen ditu. Bestalde, 2025aren hasieratik, Puntueus Fundazioaren lehendakaria ere bada. Ez dira gutxi, beraz, dituen ardurak eta zereginak; hala ere, tarte bat hartu du atal honetako galderei erantzuteko, zehatz erantzun ere.
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
Ni informatikaria naiz, eta urte asko daramat hemen lanean. 1995etik nago irakasle, eta ikertzen lehentxeago hasi nintzen; aurrena robotikan, eta gero pasa nintzen adimen artifizialera edo ikasketa automatikora. Eta gehien harritu nauena da ordutik hona izan den aldaketa. Azkenean, paradigma beraz ari gara hizketan, baina ez dauka zerikusirik; egiteko moduek ere ez daukate zerikusirik. Informatikari euskaldunen lehenengo bilkuran, gure gaia zen euskarazko softwarea, apenas zegoelako ezer arlo horretan eta beharrezkoa zelako, mundu digitalean euskaraz aritu nahi bagenuen. Gero Internet etorri zen, eta gaiak ziren euskararen presentzia Interneten eta beste asko, baina beti mundu mailan boladan dauden gaiekin lotuak.
Hasierako aldaketa horiek natural bizi izan ditut, baina orain hizkuntza-eredu handiekin eta sistema sortzaileekin etorri dena beste maila batekoa da, eta beste abiadura batekin ari da gertatzen. Adimen artifizialean ikertzen dut, eta ikusten dut hau guztia datorrela: batetik, geroz eta ahalmen gehiago duten makinak dauzkagulako eta, horrekin batera, datu pila bat ditugulako; baina, bestetik, horiei guztiei zukua ateratzeko baliabide piloa erabiltzen delako. Eta horrek kezka sortzen dit. Une honetan, ni ez nau kezkatzen AAko sistemak autonomo bihurtuko ote diren eta horrelako gauzek, baizik eta zenbat baliabide kontsumitzen dituzten eta zer inpaktu duten. Horrek arduratzen nau.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?
Pixka bat aurrekoarekin lotuta, nahiko nuke, alde batetik, iraultza bat, eta, beste aldetik, aurkikuntza batzuk edo. Eta iraultza zera izango litzateke, adimen artifizialaren garapena ikertzaile independenteen eskutik joatea. Izan ere, orain enpresa handien eskutik doa, eta haiek beren interesen mesedetan jokatzen dute; haiek agintzen dute norabidea, eta besteok ia ez dugu zeresanik. Nik interes sozialetan oinarritutako garapen bat nahiko nuke, interes ekonomikoetatik harago.
Eta aurkikuntza, berriz, ez dakit nondik etor daitekeen. Ez dakit konputazio kuantikoaren eskutik etorriko den edo justu kontrakoa gertatuko den, baina nahiko nuke zorioneko aurkikuntza batek ahalbidetzea lehen aipatu dudan ingurumen-arazoa konpontzea. Hau da, algoritmo ahaltsuak diseinatzea, baina askoz ere baliabide gutxiago erabiliz, eta datu gutxiago behar dituztenak. Agian mirariak eskatzen ari naiz, baina eskatzea libre denez…

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia