}

INTEGRAL, unibertsoko gamma izpien begiralea

2002/10/02 Elhuyar Zientzia

Urriaren 17an abiatuko da espazio zabalera Integral satelitea. Bere baitan, orain arte inoiz eraikitako gamma izpien teleskopiorik aurreratuena darama eta gamma izpiak eta horien iturriak aztertzeko betebeharra dauka.

Gamma izpiak espazioan ezagutzen diren izpirik energetikoenak dira. Unibertsoko gertaera bortitzen ondorioz sortzen dira; esaterako, izarrak lehertzerakoan askatutako energia guztiaren zati handi bat gamma izpien gisan askatzen da. Neutroi izarrek eta zulo beltzek ere energia askatzen dute eta gehienetan gamma izpien moduan askatzen da.

Satelite berriak gamma izpien iturri guztien azterketa zehatza egingo du. Horretarako bi makina izango ditu, IBIS eta SPI deritzenak. Lehena gamma izpien kamera bat da eta bigarrena espektrometro bat, heltzen diren gamma izpien energia neurtzeko balioko duena. Horietaz gain, X izpiak eta uhin ikusgaiak ‘harrapatzeko’ kamara bana ere izango ditu sateliteak, informazioa osatzeko.

Sateliteak orbita eliptikoa egingo du Lurraren inguruan; lurrazaletik 9.000 eta 153.000 kilometro bitarteko distantziara ibiliko da bueltaka. Orbita eliptikoarekin, satelitea Lurrak duen erradiazio-gerrikotik kanpo izatea lortzen da. Erradiazio-gerrikoak ez du gamma izpiak ongi antzematen uzten eta, orbita eliptikoari esker, ibilbidearen % 90 gerriko horretatik kanpo egingo du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia