Inoizko materialik zaharrena aurkitu dute meteorito batean

2020/01/14 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Silizio karburozko pikor bat, 8 mikrometro inguru dituena. Arg. Janaína N. Ávila

Inoiz topatu den materialik zaharrena aurkitu dute, duela 50 urte Australian erori zen meteorito batean. Silizio karburozko 40 pikor dira, mikra gutxiko tamaina dute, eta eguzki-sistema sortu baino lehenagokoak dira.

Silizio karburozko pikor horiek benetako izarren hautsa dira, izar bat suntsitu ondoren meteorito batean harrapaturik gelditu zirenak, milaka milioika urtez, 1969an Australian erori arte. Murchison izena eman zitzaion meteorito hartatik, 100 kilo material jaso ziren, eta material horretan aurkitu dituzte orain 40 pikor horiek.

Izpi kosmikoek nola eragin dieten aztertuta, kalkulatu dute gehienek 3.600 eta 3.900 milioi urte artean dituztela, eta gutxi batzuek 5.500 milioi urte arteraino (Eguzkiak 4.600 milioi urte ditu, eta Lurrak 4.500 milioi). Horrez gain, ikertzaileek iradoki dute material hori izarren sorkuntza bereziki oparoa izan zen garai batean sortu zela seguruenik, duela 7.000 milioi urte inguru.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia