}
Inma Arostegi Madariaga Matematikaria

“Nahiko nuke proiektuen sakontasuna garrantzitsuagoa izatea itxura baino”

2020/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Inma Arostegi Madariaga Fikan jaioa da, 1966an. Matematikan doktorea da, eta bioestatistikan aditua. Hain zuzen, John Hopkins Unibertsitatean egin zuen masterra. 1996tik dabil irakasle-lanetan Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzaile kolaboratzailea da BCAMen (Basque Center for Applied Mathematics) eta Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutuan. Aitortu duenez, ikertzea eta irakastea, biak ditu gustuko. Gogo onez hartu du Elhuyar aldizkariaren gonbidapena ere, nahiz eta galderak “zailak” iruditu zaizkion. Erantzunak emateko denbora pixka bat eskatu du, eta nabari zaio ongi hausnartutakoak direla, gogoeta sakonak eskaini baititu, iraganera zein etorkizunera begira.
inma-arostegi-madariaga-nahiko-nuke-proiektuen-sak
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Gehien harritu nauen gertakizuna teknologiaren garapena eta horrek ekarri duen iraultza izan da. Eta iraultza hori zein arin hedatu den, norantza guztietan.

Ni aurreko mendean murgildu nintzen ikerkuntzan, AEBn. Posta elektronikoa eta Internet ezagutu eta erabiltzen ikasi nuen han. Ezagutu, ezagutzen nituen hemen ere, baina urrutitik. Han konturatu nintzen ti-ta batean gure egunerokotasunean txertatuko zirela, eta hala izan zen, espero nuen baino askoz ere lasterrago eta sakonago, gainera.

Eta esan beharra daukat iraultza teknologikoak aipatzen diren hiru erreakzioak sortarazi dituela nigan. Hasieran, aurreko mendearen bukaeran, harritu egin ninduen, itxuraz edozeinen esku ez zegoen teknologia bat-batean denon eskura egotera pasatu baitzen, egun batetik bestera. Hortik urte batzuetara, zientziaz aparte, teknologiak gizartean eta bizitzeko eran izango zuen eraginaz ohartu nintzen, eta horrek txunditu egin ninduen. Komunikazioak, tratamendu medikuak, eta beste hainbat aurrerapenek gure bizitzan izan zuten bultzada nabarmena zen. Azken urteotan asaldatuta egotera pasatu naiz, ordea: garapena geldiezina dela eta zenbaterainokoa den ikusteak horren arriskuaz jabetzera eraman nau.

Hausnarketa honek teknologiaren onurak eta arriskuak balantzan jartzera behartu nau, eta honela laburbilduko nuke: teknologiak bizitza errazten digun arren, beronen erabilpenak hainbat beldur azaleratzen dizkigu.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Galdera hau erantzutea zailagoa da niretzat. Aurkikuntzaz ari naizenean, teknologia datorkit burura, eta egia esan arlo teknologikoan hainbesteko aurrerapenak izango ditugula uste dut, ezen ez bainaiz ausartzen esaten zein ikusi nahiko nukeen eta zein ez.

Gure gizartean bizitzeko daukagun eran, ostera, argi daukat zer bizi nahiko nukeen. Nahiko nuke proiektu eta ekimenen edukia eta sendotasuna garrantzitsuagoak izatea, itxura eta intentzioa baino.

Garapen jasangarriaz hitz egiten dugu, baita horretarako planak garatu eta konpromisoak hartu ere. Hainbat eta hainbat proiektu edo ideia aurkezten ditugu, intentziorik onenez, eta itxura paregabeaz, baina hitz hutsez beterik maiz. Adibide bi jarriko ditut, gure etorkizuneko agendan erronka potoloak direnak. Lehena, gizon eta emakumeen berdintasuna. Zenbakiak bete bai, baina aldatu egiten dugu ezer? Bigarrena, kontsumo eta ekoizpen jasangarria. Ia-ia edozer birziklatzeko milaka proiektu daude, baina berrerabiltzeaz, erabilpena gutxitzeaz edo konpontzeaz erdi ahaztuta. Eta edozeini burura etorriko zaizkigun beste asko. Azaletik sakonera pasatuko al gara inoiz? Seguruenik, hori denon artean txiri-txiri egin beharrekoa da. Gizaki eta zientzialari moduan, zer esan eta zer egin izango dugu, eta aldaketak denbora beharko du. Bada, aldaketa horren lekuko izan nahiko nuke nik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia