Ingurugiroaren nazioarteko eguna
1999/06/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Izan ere, Nazio Batuen Giza Inguruneari buruzko Konferentziak 1972an Stockholm-en egun hori aldarrikatu zuenean ingurugiroak duen garrantziaz eta ura zaintzeko beharrez ohartaraztea zuen helburu nagusitzat. Horretarako askotariko ekintza sinbolikoak antolatu ohi dituzte ingurugiroaren defentsan diharduten taldeek eta erakundeek.
Batetik gero eta biztanle gehiago gara munduan, urtero 78 milioi pertsona gehiago. Bestetik duela urte gutxi arte inor gutxik ikusten zuen natura edo ingurugiroa zaindu beharreko elementu gisa (ustiatu beharreko gisa baizik) eta, gainera, baliabide agortezinen gordailu gisa. Hiru elementu horiei tokian tokiko berezitasun eta baldintzak gehituta, naturak jasandako narriadura gogorra izan da benetan. Adibidez, gaur egun, eta kalkulu baikorrenen arabera, urtero 27.000 bizidun-espezie desagertzen dira: orduero 3 espezie, alegia. Eta hurrengo 30 urteetan espezie guztien % 20 desager daitekela uste dute zientzialariek. Naturak inoiz jasan duen suntsipen-abiadura handiena!
Euskal Herrian ere makina bat espezie desagertu da giza-populazioaren presiopean eta gure paisajeren hainbat eta hainbat toki guztiz hondatuta daude (eraikuntza desegokiak, ur eta lur poluituak...).
Azken urteetan, ordea, gauzak aldatzen hasiak dira. Badirudi apurka-apurka gizartea naturak eta ingurugiroak duten garrantziaz jabetzen hasia dela. Zenbaitentzat arrazoiak estetikoak eta sentimetal edo filosofikoak dira; beste askorentzat, ordea, arrazoi naturalistiko, etiko edo zientifikoak daude. Gainera, guztia dirutan neurtzen duen mundu honetara moldatu nahian edo, natura kontserbatzeari balio komertzial eta ekonomikoa atxikitzerik badagoela ere ikusi da (Nafarroan, naturak 14.000 milioi pezetatik gorako mozkinak eman zituen iaz). Jendearen kontzientziazioa oso garrantzitsua da zalantzarik gabe, eta bultzatu beharrekoa, baina azken finean, dirua da gauzak mugiaraztea (edo ez) "erabakitzen" duena eta ekologia edo naturaren zaintza dirutan etekingarria izateak garrantzi handia du erabaki sendoak hartu behar direnean.
Naturarekiko ikuspuntu-aldaketa eta haren ezagutza areagotu ahala, ingurugiroa, berez, bat bakarra dela nabarmentzen ari zaigu. Guztia elkarri lotuta dagoela, alegia, eta lurralde, toki edo ingurune jakin batean egiten den kalteak edo jaurtikitako poluzioak beste lurralde, toki edo ingurune askotan eragin dezakeela ikusten eta ikasten ari gara, nahiz eta hori kasu askotan kaltearen araberakoa izan. Hau da, Txernobil-eko istripuaren ondorioz aireratutako erradioaktibitatea munduko toki askotan neurtu zen (baita Euskal Herrian ere, lerro zuzenean 2.500 km-ra egon arren); edo Alnazcollar-eko istripuaren ondorioz pozoitutako hegazti asko Doñanara joan-etorrian dabiltza, baina, gainera, udaberria iritsi denean Europa osoan zehar barreiatu dira, poluitzaileak kilometro gutxi batzutan edo milaka kilometrotan zabalduz; edo Tolosako paper-fabrikek Oriara jaurtikitako koloratzaileak ibaian behera 5-6 kilometrora dagoen Billabonan ere ikus daitezke. Eta horrela jarraituz eskala txikiagotu dezakegu, baina egiten dena edozer dela ere, beti izango du ondorioren bat. Eta norberak egindakoa euri-tanta adinakoa izan arren, guztiok dakigu zer gertatzen den euri-tanta asko elkartzen direnean: uholdea. Gainera euri-tanta horiek poluitu egiten baditugu, azkenean uholdeko urak zikinagoak izango dira, eta uholdea sortuko ez balitz ere, ur-tantek poluzioa toki askotara heda dezakete.
Hala ere, askotan, ingurugiro osoari eragiterik ez dugunez, gugandik gertu ingurugiroari eragiten dioten jakineko faktoreak jakinak kontrolatu behar izaten ditugu. Faktore horiek hainbat dira eta horietako bat, oso garrantzitsua, gainera, industria eta honek sortutako hondakinak. Ildo horretan, azken urteotan Produkzio Garbirako planak abiarazi dira hainbat enpresatan, besteak beste, bertan sortutako poluitzaileak gutxitze aldera.
Produkzio garbia Euskal Herrian
Industri sektoreak, ikuspegi ekonomikotik begiratuta Euskal Herriko hainbat lurraldetan sektore garrantzitsua izaten jarraitzen du. Eta industri-jarduera orok, bere produkzio-prozesuaren ondorioz, gutxi-asko hondakinak sortzen ditu.Hondakin horiek bi arrazoirengatik sortzen dira nagusiki: 1) lehengai nagusiaren aprobetxamendua % 100ekoa izatea oso zaila delako (pieza metalikoen mekanizazio-prozesuan txatarrarik ez sortzea adibidez, zaila da) eta 2) fabrikazio-prozesuan produktuari gehitzen ez zaizkion lehengai lagungarriak behar izaten direlako eta horiek erabilgarri izateari utzitakoan hondakin bihurtzen direlako. Hondakinak sortzearen eta industri prozesuen arteko lotura, beraz, saihestezina da, baina sorkuntza-bolumena prozesuaren eraginkortasunaren araberakoa izango da. Eraginkortasuna handiagotu ahala, sortutako hondakin-kopurua murriztu egiten da, erabilitako lehengaiak hobeto aprobetxatzearen ondorioz.
"Garbiago" izateko eragiletan, garapen horretatik etekin ekonomikoa lortzea garratzitsua izan da, zalantzarik gabe. Izan ere, askotan, hondakin gutxiago sortzea eta produkzio-errendimendua gauza bera dira, hots, energia eta lehengaien erabilera doituagoa (eta beraz, hasierako gastu gutxiagokoa) eta sortutako hondakinak berriz erabiltzea edo tratamendua eta balorazioa.
Beste hainbat herrialdetan bezala, Euskal Herrian ere aldaketaren bat sumatzen hasiak gara enpresa-kontzeptuaren inguruan. Izan ere, enpresetan ingurune naturala garrantzi ekonomikoa hartzen ari den ondasun gisa ikusten hasi dira eta produkzio-prozesuak, uste osoz edota halabeharrez, garbiagoak izaten hasi dira. Horretarako plan desberdinak jarri dituzte indarrean hainbat enpresatan.
Produkzio garbia: zer da? Zein helburu ditu?
Orain artekoak, ordea, kontsiderazio orokorrak dira, edozein ekintzaren aurretik beharrezkoak direnak, baina hori besterik ez dira, eta horregatik hainbat galdera sortzen zaizkigu. Adibidez, zer da orain arte aipatu bai baina azaldu ez dugun produkzio garbia?
Hitz batean esanda, prebentzioa. Hainbat urtetan arazketa izan da erabili dugun hitza eta irtenbidea. Zenbait hondakin araztu izan ditugu, isurketako ura edo airea garbituz, baina azkenean, nahiz eta bolumen txikiagoa izan, hasierakoa baino kontzentratuagoa den beste hondakin bat sortzen da. Hori arazoari erdizkako irtenbidea ematea besterik ez da, eta neurri batean, arazoa atzeratzea. Beste aukera bat, aurrekoa baino interesgarriagoa, birziklapena edota berriz erabiltzea da. Hondakinak, tratatuta edo tratatu gabe berriz erabiltzea. Bide hori hainbat kasutan, beirarenean esaterako, interesgarria da oso, erabili-(birziklatu-)berriz erabili zikloa amaigabea izan baitaiteke. Baina beste zenbaitetan zikloa ez da hain eraginkorra edo zeharkako hondakinak sortzen dira. Beraz, zentzuzkoa da haratago doan aukera kontuan hartzea, hondakinak sortzea galaraztea, alegia. Hots, prebentzioa. Eta prebentzioa produkzio garbia da, hain zuzen ere. Filosofia produkzio-prozesuaren eraginkortasuna hobetzea da; lehengaien erabilera-errendimendua hobetzea eta hondakinen sorkuntza-bolumena murriztea, azken helburua ingurugiroari ahalik eta kalte txikiena eragitea eta ondorioz gu guztion bizitza-kalitatea hobetzea izanik. Eta hori guztia, askotan, etekin ekonomikoa lortuz. Polita ezta? Polita eta lortzeko modukoa.
Hala ere, hondakinak sortu, sortuko dira, baina hondakinek eragindako poluzioaren arazoan, jatorrian jarduteko aukera guztiak agortu ondoren baino ez zaio ekingo sortutako hondakin eta emisioak berreskuratu eta berriz erabili edo tratatzeko beharrak ebaluatzeari. Hori egin behar izanez gero, hondakinak berriz erabiltzea, eta posible ez balitz, tratatzea ere jarrera positiboak dira, baina beti ere azken hauek produkzio garbiak baino ingurugiroarekiko interes gutxiago dutela kontuan izanik. Gainera, guztiok dakigu konpontzea saihestea baino garestiagoa dela, ikuspuntua edozein dela ere.
Zein dira produkzio garbirako egin beharrekoak?
Produkzio garbiaren giltzarria produktu-kopuru bera lortzea litzateke, baina lehengai gutxiago erabilita eta hondakin gutxiago sortuta. Hartu beharreko neurriak edo ekinbideak ugari eta era askotakoak dira eta, horrexegatik, kasu jakinetan hartu beharreko neurriak produkzio-prozesua sakon analizatuta erabakiko dira.
Horrela, enpresa batzuetan hondakin jakin bat ez sortzea lortu ahal izango da lehengaiak aldatuta; beste batzuetan berriz, ingurugiro-hobekuntzarako puntu nagusia antolakuntza-neurriak eta eragiketa-praktikak edota mantenimendukoak aldatuta lortuko da; badira hondakinak berriz erabil ditzaketen enpresak, eta azkenik, zenbaitetan, produkzio-prozesua aldatu edo optimizatu egin beharko da eta, zergatik ez, baita produktu beraren diseinua edo osakera ere. Beraz enpresa bakoitzean egoera desberdina izango da eta hartu beharreko neurriak ere bai. Ikus ditzagun adibide batzuk:
Aldaketak lehengaietan eta hauen erabileran
Erabilitako lehengaiek eta horiek erabiltzeko erak, eragin erabakiorra izan dezakete sortutako hondakinetan.
Koipea kentzeko disolbatzaile kloratuen ordez ura erabiltzea
Kanilak, balbulak eta termostatoak egiten dituen enpresa batean, olioz eta taladrinaz igurtzitako pieza metalikoei koipea kendu behar zaie zenbait mekanizazio-lanen artean. Koipea kentzeko lehen perkloroetileno (PER) izeneko disolbatzaile toxikoa erabiltzen zen makina irekietan.
Horretarako olioa eta taladrina zuten piezak PERaren upelera eraman behar izaten ziren, ondoren mekanizatu ahal izateko.
Hondakinak eta atmosferako jaurtiketak ahal zen neurrian minimizatzeko, enpresak koipea kentzeko tresna berriak erosi zituen.
Horrela, koipea kentzeko PERaren ordez ura erabiltzen hasi ziren. 8 makina automatiko jarri zituzten, lerro bakoitzaren ondoan bat. Geroztik olioz eta taladrinaz bustitako piezak ez dira lantegian alde batetik bestera eraman behar, eta ondorioz, ez da tanta-isuririk (hondakinik) izaten. Eraginkortasuna hobetu egin da eta olioa eta taladrina ez dira piezak alde batetik bestera eramaten direnean lehortzen.
Antolakuntza-neurriak
Antolakuntza-neurriek nabarmen murrizten dute sortutako hondakin-kopurua. Horrez gain, epe laburrean emaitzak hobetzen laguntzen diete enpresei, ez da ia inbertsiorik egin behar izaten eta langileentzat elementu motibatzaile izan ohi dira.
Desugerketa-azidoa % 38 aurreztu da lehengaien biltegiratzea hobetuz
Azido klorhidrikozko desugerketa-bainuaren eraginkortasuna eta desugertu beharreko txapatik kendutako oxidoetako burdinaren saturazio-maila zuzenean erlazionatuta daude. Burdin kontzentrazioa maila jakin batera iristen denean, bainuak ez du balio eta berritu egin behar izaten da.Enpresak desugertu beharreko txapa kanpoan gordetzen zuen. Euriak herdoildu egiten zuen hau. Lehengaiak leku estalian gordetzen hasiz gero desugerketa-azidoaren kontsumoa, eta, beraz, gestionatu beharreko hondakinak ere bai, asko murriztu dira.
Makineria lekuz aldatuz erregaiak aurreztea
Gernika inguruko bi enpresak, okupatutako lekua hobeto aprobetxatu eta enpresan piezak batetik bestera eramatean egin beharreko bidea laburtu eta pasatu beharreko denbora murrizteko makineria lekuz aldatu zuten. Argiztatzeko kontsumo elektrikoa eta berogailuetako erregai-kontsumoa ere nabarmen murriztu ziren. Enpresetako batean berogailuetan erabiltzen duen fuel-kontsumoa % 50 jaitsi da eta bestean % 15.
Fabrikan berriz erabiltzea
Produktu gehienak, produkzio-prozesuan erabili ondoren, berriz erabil daitezke. Berriz erabiltzeak sortutako hondakinak murrizteko aukera ematen du eta, produktu berririk erosi behar ez denez, ekonomikoki aurrezteko aukera ere bai.
Lurrun-purgaketa birziklatzea ideia "onuragarria"
Enpresa jakin bateko lurrun-galdaretan 170° C-ko tenperatura lortzen zen, eta purgatutakoa tenperatura berean ateratzen zen.Beraz, zati bat lurrun-fasean ateratzen zen. Probetxu gehiago ateratzeko lurruna berriz galdarara sartuz, sisteman aldaketa batzuk egin dira. Ondorioz purgaketa % 50 murriztu da, erregai-kostuak jaitsiz eta atmosferako emisioak txikiagotuz (240,6 tona CO2 eta 3,6 tona SO2 hain zuzen).
Kontsumitutako olioaren % 12 txirbiletatik berreskuratutako olioa da
Piezak mekanizatzean sortutako txirbilek olio dezente eramaten dute. Zurgintzako enpresa batean 104 kg/urte olio berreskuratzea lortu dute zentrifugatzailea jarri ondoren. Zentrifugatutako olioa, kontsumo totalaren % 12 alegia, mekanizazio-prozesuan berriro erabiltzen da.
Teknologi aldaketak
Enpresak teknologi aldaketako prozesuari ekiten dionean, ekipo batzuk, produkzioaren ikuspegitik ez ezik ingurugiro-ikuspegitik ere eraginkorragoak diren beste ekipo batzuez ordezkatzea kontuan izan behar du, horrek gero izaten den hondakin-bolumenean zeresan handia izan baitezake.
Gutxiago poluitzen duen eta urte eta erdian amortizatzen den labea erabili
Metalaren sektoreko enpresa batean, piezak fuel-labean urtutako berun-bainuan tenplatzen ziren, eta ondoren olio-bainuan hoztu behar ziren. Prozesu horretan arragoa-hondakin zulatuak, berun-zipriztin eta -mintzak, eta erabilitako olioak sortzen ziren. Halaber, berun-bainuek emisio toxikoak sortzen zituzten, eta fuel-errekuntzak, berriz, gasak eta olio-lurrunak.
Arazo horiek guztiek labea aldatzera bultzatu zuten enpresa. Labe berriak gas naturala erabiliz 2.750 milioi kilokaloria lortzen ditu, eta olioa urtu eta erabiltzeko ez dago jada lehengo 10 tona berun erabili beharrik.
Aipatutako neurriak direla eta, hondakin eta emisioak asko murriztu dira, eta langileek lanordu gutxiago behar dituzte prozesua burutzeko. Kostuetan aurreztutakoari esker, 19 milioiko inbertsioa urte eta erdi baino lehen berreskura daiteke.
Aldaketak produktuan
Fabrikazioaren inguruko alderdiak ez ezik, produktuaren bizialdia luzatzeko ahalegina eta gero osorik edo zatika birziklatzea errazteko bideak jartzeko ahalegina ere egin daiteke.
Produktuaren diseinu berriak zianuroak enpresatik erabat desagertaraztea eragin du
Pistolen fabrikazio-prozesuan diharduen enpresa batek armaren armazoia osatzen zuten pieza batzuk soldatu egin behar izaten zituen. Armen ezaugarri den kolore beltz urdinska hori ematen dien ilunketa-tratamendua egin aurretik, soldatutako piezak desmetalizatu egin behar izaten dira zianuro-bainuan.
Produktua zehatz-mehatz aztertu ondoren, osagaiak berriz diseinatu ziren eta tarteko soldadura-faseak kendu egin ziren. Aldaketa horiek azken produktuari ez ziotela eragiten ikusi zen eta, beraz, dagoeneko enpresan ez da zianurorik erabiltzen.
Zein onura ditu produkzio garbiak?
Aurreko adibideetan jada suma daiteke zeintzuk izan litezkeen produkzio garbiaren abantailak. Dena den, hona hemen guri bururatu zaizkigunen zerrenda, bai ingurugiroari eta bai enpresei dagokienez:
- Lehengai-kantitatea eta sortutako hondakin-kantitatea murriztea.
- Poluzioaren murrizketa.
- Aurrezki ekonomikoa, lehengaien kontsumoa eta kostua murrizten baitira eta baita hondakinen arazketa-kostua ere.
- Lehiakortasunean abantaila, produktuaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzen dira eta. Gainera, estrategia komertziala enpresaren balio erantsi nagusietakoa da. Ingurugiroari arreta eskaintzen dioten enpresek lurrak erosteko edo baimenak lortzeko zailtasun gutxiago izango dute, bizilagunen eta udalen aldetik alegazio eta protestak ere gutxiago izango baitira.
- Hobekuntzak lan-osasunean. Ingurugiro-arazoen eta lan-osasunaren arazoen arteko lotura nabarmena da, batez ere produktu toxikoak erabiltzen direnean. Produkzio-prozesuan prebentzio-neurriak erabiltzeak amaieran hondakin eta emisio gutxiago sortzeko aukera ematen du. Horrekin langileen lan-baldintzak hobetu egiten dira eta ondorioz, lan-bajak, gai horien inguruko erreklamazio sindikalak, etab. gutxiagotzea lortzen da. Esangabe doa enpresaren inguruan bizi direnek ere osasunean hobekuntzak nabariko dituztela.
- Gizarteak enpresari buruz duen iritzia hobetzea. Izan ere, enpresak bere jarduera burutzen duen ingurunetik gertu egon behar du eta, horrela, gizarte-ingurunea, lanekoa eta ingurugirokoa ere gogoan izan behar ditu. Oraintsu arte produkzioa handiagotzeari besterik ez zitzaion ematen garrantzia; gehienez ere (eta ez da gutxi) herriko kiroldegiren bat edo antzeko lanak egiten ziren. Gaur egun, ordea, ingurugiroari errespetua diola erakusten duen enpresak, irudi hori ez duenaren aldean, gero eta ospe handiagoa izango du gizartean. Gainera enpresa askorentzat, irudiaz gain, ingurugiroa babestea helburu estrategiko ere bihurtu da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia