Informazioa oso azkar eta ia berorik sortu gabe gordetzeko modua aurkitu dute
2017/01/18 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Oso azkar eta oso bero gutxi sortuz informazioa grabatu eta gordetzeko teknika baten berri eman dute Nature aldizkarian argitaratu duten lan batean. Argia eta magnetismoa erabiltzen ditu teknikak, eta etorkizunean informazioa gordetzeko gailu hobeak sortzeko balio lezake.
Ordenagailuen disko gogorretan aspalditik erabiltzen dira material magnetikoak informazioa gordetzeko eta irakurtzeko. Baina disko horietan informazioa grabatzea nahiko prozesu motela izateaz gain, bero asko sortzen da. Eta, ondorioz, bero hori kanporatu beharra dago, memoriak eta ordenagailuak ongi funtzionatuko badute.
Orain, Bialystok Unibertsitateko (Polonia) eta Radboud Unibertsitateko (Herbehereak) ikertzaileek aurkeztu duten teknika berrian, laser polarizatu berezi bat erabili dute informazio-unitate edo bit magnetikoak idazteko. Laser-pultsuen polarizazioa aldatuz, 0ak edo 1ak idatz daitezke, nahieran. Modu horretan argiarekin bit magnetiko bat idaztea 2007an lortu zuen, lehenengoz, ikerketa-talde honek berak. Baina aplikazio teknologikoetarako egokia ez zen material berezi batean lortu zuten. Orain, berriz, oxido magnetiko batean oinarritutako isolatzaile batean egitea lortu dute. Eta material horretan teknika hori aplikatuta inoizko eraginkortasun energetiko handiena lortu dute.
Brnoko Unibertsitate Teknologikoko ikertzaile Jon Ander Arregi Uribeetxebarria nanomagnetismoan eta magneto-optikan aditua da. Haren ustez, aurkikuntza handia da: “bit magnetiko bat idazteko behar den energia ia mila milioi aldiz murriztu dute, gaur egun erabiltzen den teknologiarekin alderatzen bada”. Ikertzaileek, halaber, azpimarratu dute egungo disko gogor edo flash memorietan baino askoz bero gutxiago sortzeaz gain, prozesua izugarri azkarra dela: 20 pikosegundo (segundo baten trilioiren bat da pikosegundo bat) behar dira bit bat grabatzeko; “gaur egun baino mila aldiz gutxiago”, azpimarratu du Arregik.
“Munduko informazio digitala bikoizten ari da bi urtetik bi urtera, eta ia 10 aldiz biderkatu liteke 2020rako. Ezinbestekoa da informazioa gordetzeko eta prozesatzeko energia gutxiago xahutzen duten teknologia eta prozesu fisikoak garatzea”, azaldu du Arregik. Hala ere, teknologia hau gure eguneroko gailuetara pasatzeko, erronka pare bat ikusten du Arregik: “Batetik, ezinbestekoa da bit magnetiko txikiagoak jasan ditzakeen material magnetiko isolatzaileak diseinatzea. Horrez gain, informazioaren epe luzeko egonkortasuna ere hobetu beharko litzateke oxido magnetikoetan (40 urte edo gehiago), egun erabiltzen ditugun grabaketa-euskarrien fidagarritasun bera izan dezaten”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia