Elkarrizketa

Nerea Ezeiza Ramos

«Informatikan ezinbestekoa da alde humanistikoa lantzea; ez da kontu tekniko hutsa»

Nerea Ezeiza Ramos (Donostia, 1970) duela gutxi izendatu zuten EHUko Informatika Fakultateko dekano, eta, justu, orain egin ditu 50 urte Informatika Fakultateak. Une aproposa da, beraz, Ezeizaren ibilbideari eta Informatika Fakultatearen bilakaerari begiratzeko. Baina atzera eta barrura bezainbeste begiratzen du aurrera eta kanpora Ezeizak; etorkizunean eta gizartean ditu jarriak begiak. Eta emakumeetan: bulegoaren atean, bi aipu ditu itsatsiak, egileen argazkiaren eta izenaren ondoan. Bata Malala Yousafzai hezkuntzaren aldeko ekintzailearena da, eta bestea, Karen Spärck Jones konputazio-zientzialariarena.

Ezer baino lehen, Informatika Fakultatearen 50. urteurrena aipatu nahi duzula esan didazu. Izan ere, lotura estua duzu fakultate honekin.

Ni 1988an hasi nintzen hemen, baina fakultate hau, fisikoki, 83an sortu zen. Berez, estatuko lehen Informatika fakultateak 1976an sortu ziren. Martxoan argitaratu zen buletina, eta hiru gara

aitzindariak: Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa (UPC), Madrilgoa (UPM) eta Donostiakoa (hasieran, Valladolideko Unibertsitatearen baitan egon zen, eta, ondoren, EHU bihurtuko zen Bilboko Unibertsitatera pasatu zen). Hori baino lehenago ere ematen zen Informatika, baina ez zegoen araututa orain bezala, eta Informatika Institutuko Sistemen Teknikari titulazioa ematen zen.

Fakultateak sortu zirenean, ez zen ingeniaritzatzat hartzen, baizik eta zientziatzat: konputazio-­zientziak. Donostian bazegoen kalkulu-zentro bat, eta, 1970ean, informatika-zentroa sortu zen, Madrileko Informatika Institutuaren menpe informatika-­ikasketa ofizialak ematen zituena. Informatika fakultatea ofizialki 1976an sortu zen arren, ikasketak ez ziren hasi hurrengo ikasturtera arte, eta goi-mailako kurtsoekin hasi zen; doktoreak behar ziren, klaseak emateko. Gero hasi ziren Informatika Fakultatean lehenengo mailatik. Baina, tarte batean, bi zentroek irakasten zuten aldi berean, bai irakasleak eta bai profesionalak, behar baitziren.

Eta euskaraz, noiz hasi ziren?

Euskarazko lehenengo bi irakasgaiak 1984-1985 ikasturtean eskaini ziren, eta, hortik aurrera, pixkanaka handitzen joan zen eskaintza. Hasi nintzenean, oraindik ez zegoen lizentziatura osoa euskaraz. Lehenengo eta bigarren mailak bai, baina hirugarrengoan jada ikasgai batzuk bakarrik genituen euskaraz.

Eta nola bururatu zitzaizun Informatika ikastea?

Ba besterik ezean izan zela uste dut. Sei anai-­arreba gara, eta ni Donostian geratzea komeni zen. Anaietako batek bultzatu ninduen Informatika aukeratzera. Ingurukoek esaten zidaten ordenagailurik ez nuela ukituko, baina gu sartu ginenean bazeuden terminalak, lehenengo PCak ekarri zituzten, eta bazegoen aukera praktikak egiteko. Hori bai, gaupasak ere egin behar izaten genituen, txanda eskatu behar baitzen ordenagailua erabiltzeko.

«Hau unibertsitate publikoa da: guk eman behar dizkiegu baliabideak eta lekuak ikasketak egiteko.»

Orain asko aldatu da kontua, jakina; ikasleek eskura dituzte behar dituzten ekipoak. Adibidez, ate irekien egunetan etortzen direnean, gazteek galdetzen digute zer ordenagailu erosi behar duten Informatika ikasteko. Izatez, ordenagailu ahaltsu bat eros diezaieten aitzakia nahi dute, baina, hona sartzeko, ez dute ordenagailurik behar. Hau unibertsitate publikoa da: guk eman behar dizkiegu baliabideak eta lekuak ikasketak egiteko. Zailtasunak dituzten familia askok bidaltzen dituzte seme-alabak ikastera, beraiek ere eskubide osoa dute, eta EHUk inor atzean ez uzteko ahaleginak egiten ditu horretarako.

Baliabide urriekin hasi zineten, baina, bestela ere, asko aldatuko ziren informatika bera eta zure jarduna, ordutik hona.

Bueno, hasi nintzenean, matematika, fisika, programazioa, estatistika eta era horretako gauzak gustatzen zitzaizkidan. Hirugarren mailan, hizkuntzaren prozesamenduko ikerketa-taldean beka bat zegoela esan zidaten, eta nik ez nekien hori zer zen ere. Orduan uste nuen, informatika eginda, enpresa batera joango nintzela, banku batentzako programak egitera; hori zen une hartan hemen inguruan zeuden enpresa askotan gertatzen zena. Hortaz, erabat aldatu zitzaidan ikuspegia: euskararekin lotuta egotea, eta ez izatea ekonomiarekin lotutako zerbait, baizik eta onura publikorako eta gizartearentzako ekarpena egin ahal izatea... Txipa aldatu zidan.

Gizarteari ekarpen bat egiteko aukera bat zela ikusi nuen. Eta, gainera, elkarlana egiten genuen hizkuntzalariekin, eta hor, diziplinarteko lan horretan, asko ikasten da.

Nik uste dut jendea ez dela ohartzen Informatika leku guztietan dagoela, eta, leku guztietan baldin badago, behar da profil-mota guztiak edukitzea. Hori inportantea da.

Nondik dator, orduan, estereotipoa: bakartutako mutil edo gizon bat, ordenagailuaren pantailaren aurrean, mundutik aparte…?

Tira, egia da lan batzuk bakarka egiten direla, kontzentratuta egon behar duzulako, adibidez, garapena egiten. Baina, lehen esan bezala, informatika leku guztietan dagoenez, irekita egon behar duzu. Estereotipo horretan, uste dut kalte handia egin dutela filmek eta telesailek. Errealitatea beste bat izan daiteke eta da, baina oso zaila da jendeari helaraztea, etengabe bonbardatzen baitzaituzte irudi horrekin: pertsona bat, zazpi pantailarekin. Ba, informatikaria bazara, seguru asko, ez dituzu zazpi pantaila beharko, eta, gainera ekarpen handia egin dezakezu.

«Informatika leku guztietan dago, eta, beraz, beharrezkoa da profil-mota guztiak edukitzea»

Bestalde, momentu batean ikasketak aldatu egin ziren: zientziatik ingeniaritzara pasatu ginen. Eta horrek eragina izan du, mundu osoan. Ez da bakarrik titulua aldatzea. Ingeniaritzara igaro ginenean, gure promozioetan, gutxi gorabehera, erdia eta erdia edo 45/55 proportzioan ginen gizonak eta emakumeak. Orain, aldiz, % 10 gara. Eta hori ez da posible, ez da posible. Emakumeok badugu zer esanik. Beste ikuspegi bat daukagu, eta ezinbestekoa da ikuspegi hori ere egotea.

Ikerketa pila bat egin dira aztertzeko zergatik Informatika ez den erakargarria emakumeentzat. Baina ez da hori. Emakumeek zientzia egin nahi dute, ikertu. Orain bekak eta dirulaguntzak adimen artifizialera joan dira, eta agian ematen du han ez dela ikertzen, edo ez direla gai sozialak lantzen.

Baina lantzen dituzue gai sozialak, ezta?

Bai, noski. Adibidez, talde batzuek desgaitasunak dituzten pertsonentzako laguntzak garatzen dituzte; teknologiak, ez bakarrik fisikoak, baita softwareak ere. Medikuntzarekin lotutako gauzak ere egiten dituzte; esaterako, gaur egun jende askok daramatza sentsoreak diabetesa kontrolatzeko; mugikorra hurbildu eta irakurtzen da. Ingurumenaren zaintzarako ere sentsore eta sistema pila bat garatzen dira. Hori guztia egiten da.

«emakumeak ez bagaude hor, nork erabakiko du zer eduki garatu, zer den garrantzitsua, nola diseinatu? Gizonek.»

Kontua da ez dela ikusten zer dagoen aplikazio horien atzean. Guztiok dugu mugikor bat, eta erabiltzen dugu gauza guztietarako, baina ez gara jabetzen atzean dagoena norbaitek garatu duela. Eta emakumeak ez bagaude hor, nork erabakiko du zer eduki garatu, zer den garrantzitsua, nola diseinatu? Gizonek.

Hor, atean, pare bat kartel ditugu. Bat Karen Spärck Jones konputazio-zientzialariarena da, eta hark esan zuen: “Konputazioa garrantzitsuegia da, gizonezkoen esku uzteko”.

Hori esan zuenetik denbora asko igaro bada ere, oraindik ez dago parekidetasunik.

Ez da bakarrik emakumeak falta direla; alborapenak daude ereduetan. Gaur egun, edozer txorakeriarako erabiltzen dugu adimen artifiziala, eta, generoa zehaztu gabe eskatzen badiozu goi-kargu baten irudia, gizonezko bat erakutsiko dizu. Eta emakumezkoa eskatzen badiozu, jarrera oldarkorra eta janzkera maskulinoa duen emakume bat emango dizu. Alegia, hor egoteko, gizona izan behar duzu, edo gizonezkoek omen duten itxura eta jarrera izan behar dituzu; ereduak hori dauka barneratuta.

Gauza bera sexu-aukerekin, erlijioarekin, hizkuntzekin eta gainerakoekin. Hau da: gizonezkoa, heteroa, zuria, anglosaxoia eta klase sozial jakin batetik gorakoa ez den guztia dago baztertuta.

Aplikazioak denentzat baliagarriak izan daitezen, mundu erreala izan behar duzu kontuan. Udal baterako egiten baduzu lan bat, jakin behar dituzu arauak, baina jakin behar duzu baita ere nola bizi den jendea. Borondate ona izanda ere, ez baduzu hori kontuan hartzen, jende asko utziko duzu bazterrean.

«jakin behar duzu nola bizi den jendea. Borondate ona izanda ere, ez baduzu hori kontuan hartzen, jende asko utziko duzu bazterrean.»

Gainera, kontuan izan behar da gaur egun jendea behartuta dagoela teknologia erabiltzera, gauza asko online bakarrik baitaude. Zailtasunak dituztenei laguntzeko, lan handia egin daiteke; adibidez, ahots bidezko laguntzaileekin. Ahotsarekin arazoak dituztenentzat, adibidez, asko aurreratu da teknologia. Aholaben, esaterako, ahotsa distortsionatu dezaketen gaixotasunak dituzten pertsonak kontuan hartzeko lan handia egin dute; adibidez, parkinsona dutenak laguntzeko, eredu arrunt batek ez bailuke haien ahotsa ondo ezagutuko. Horrelakoak, berariaz landu behar dira. Lan asko egin da, eta are gehiago egin daiteke eta egin behar da. Horretarako, ikuspegi inklusiboa daukan jendea erakarri behar da.

Ematen du hemen, informatikan, zenbakiekin eta makinekin egiten dela lana. Eta falta da gizartea jabetzea pertsonentzako egiten dela lana. Uste dut alderdi sozial hori ezkutuan gelditzen dela, ez dela hainbeste bistaratzen, edo jendea ez dela hainbeste jabetzen.

Eta sormena duen jendea behar da, gai dena egoera bat irudikatzeko eta soluzioak pentsatzeko. Eta, gainera, elkarlanean egiten dira gauza horiek. Entzun egin behar da, eta taldean aritu.

Eta ingurumen-inpaktuaz jabetzen gara?

Ez da erraza. Izan ere, askoz ere ikusezinagoa bihurtu da. Lehen, ordenagailuak erraldoiak ziren, gela osoa betetzen zuten. Ikusten zenuen zenbat gastatzen zuten. Orain ordenagailu pertsonalak ditugu, tabletak, mugikorrak… Egia da orain ordenagailu kuantikoa ere badugula, justu hemen, eta funtzionatzeko behar duen hotzak eskatzen du izatea oso gela handi bat, babestua. Hori ikusi egiten da. Baina, teknologiaren bilakaeran, behar materialak ikusezinago bihurtzen joan dira.

Une oro konektatuta gaude, eta ematen du magia dela. Bat-batean hodeian daukagu informazioa, baina, izatez, ez daukagu guk. Ez digu ardurarik non dagoen. Hor dago paradoxa: ikasleak badirudi oso arduratuta daudela natura-baliabideekin, baina gero ez dakigu zenbat kontsumitzen duen erabiltzen dugun teknologiak. Gimnasioan dutxatu eta etxean urik ez duela gastatzen esaten duenarena bezala da. Eta adimen artifizialarekin, gauza bera: edozer txorakeria galdetzeko edo egiteko erabiltzen dugu, pentsatu gabe zenbat kontsumitzen duen.

Ez gara arduratzen, ez kontsumoaz, ez pribatutasunaz, ez segurtasunaz… Dena onartzen dugu, irakurri ere egin gabe, eta sare sozialetan ere edozer gauza jartzen dugu, ondorioez jabetu gabe. Informatika Fakultatean alderdi horiek zaintzen irakatsi behar dugu, eta gizartean ere egin behar da pedagogia, arduragabekeria hori oso arriskutsua baita eta kostu ekonomiko-ekologiko handia baitu.

Guk, unibertsitate bezala, badaukagu ardura hori. Baditugu ikastaroak, eta gure graduan badugu zibersegurtasuneko hainbat irakasgai ere. Gainera, Gipuzkoan Ziur zibersegurtasun industrialeko zentroa dugu, eta haiekin unibertsitate-enpresa gela bat dugu. Orain, hautazko gisa jarri nahi dugu, zibersegurtasunarekin eta adimen artifizialarekin lotuta.

Zer beste asmo dituzue aurrera begira?

Badirudi gaur egun mugitzen ari diren arloak direla adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta konputazio kuantikoa, eta dirulaguntzak ere bideratu dituzte arlo horietara. Baina beste arlo batzuk umezurtz bezala geratu dira, eta horiek ere beharrezkoak dira. Adibidez, software-ingeniaritzaren arloan kalitatea, bermeak eta abar lortu ahal izateko behar diren oinarriak, metodologiak, garapenak… Horiek nola egin eta zer teknologia dauden ikertzeko jendea ere behar da.

Dena ez da adimen artifiziala. Gertatu dena da jende guztiarengana iritsi dela, baina 1960. hamarkadatik ari gara adimen artifizialarekin, gutxienez. Green computing [konputazio berdea] deitzen dutena ere hor dago. Nola lortu energia gutxiago gastatzea?

«Edozer txorakeria galdetzeko edo egiteko erabiltzen dugu adimen artifiziala, pentsatu gabe zenbat kontsumitzen duen»

Oraintxe ari gara plan estrategikoak egiten [oharrez betetako arbela seinalatu du], eta lehenengo aztertu behar dugu ea nola ari den aldatzen informatikariaren lanbidea. Seguru asko, orain informatikari batek ez du hainbeste kode sortuko, baina teknologia gehiago kontrolatu behar ditu. Jakin behar du zer dagoen alboetan, non kokatzen den informazioa, zer legedia aplikatu behar zaion, nola kudeatu behar den, nola babestu behar den informazioa. Agian, beste ikuspegi bat eduki behar du profesionalak, eta hori ikasketetan nola txertatu asmatu behar dugu.

Mundua ere hala dago, eta geopolitikak eta enpresa handien garapenak eragiten digu. Hala ere, etorkizunari begira, garbi daukagu ikertzen jarraitu behar dugula; hori beti izan da gure berezko nortasuna ezaugarria. Jarraitu behar dugu, halaber, kalitatezko formakuntza ematen. Eta kalitatezkoa izateko, denbora osoan berrikusten joan behar dugu nola egokitu behar diren edukiak. Batez ere, hautazkoekin joka dezakegu; adibidez, zibersegurtasunean hasi ginenean bezala, eta kuantikan… Kuantikan, esaterako, apustu bat egin da, konputagailu kuantikoa ekarrita Gipuzkoara, Donostiara. Ondo ateratzea espero dugu, baina oraindik badago ziurgabetasun puntu bat.

Badago gauza bat munduko beste lekuetan egiten ez dena, eta da euskaraz eta euskararentzat egiten dena.

Hala da, bai. Ni neu horretan hasi nintzen, Xuxenekin, eta gaur egun ere segitzen dugu IXA taldearen ikerketa-proiektuekin eta masterrekin. Orain, adimen artifizialarekin, ahalmen izugarria dago corpus handiak tratatzeko estatistikoki, eta ematen du ez dela beharrezkoa sintaxia, morfologia, semantika eta halakoak jakitea. Baina hizkuntzaren analisiaren eta prozesamenduaren atzean beti egongo da hizkuntza, eta hizkuntza hitzak eta estatistika baino gehiago da.

Gure ardura da gizarteari erantzuna ematea, eta alde humanistikoa ere landu behar da. Uste dut norazko horretan jarraitu behar dugula zer behar egongo diren ikusten. Ez zerekin aberastuko ote garen, baizik eta zer beharko dugun ondo bizitzeko. Hori ez da kontu tekniko hutsa, eta garrantzitsua da jendeak hori ikustea.

«Gure ardura da gizarteari erantzuna ematea, eta alde humanistikoa ere landu behar da»

Alderdi humanistiko horretan sartzen da burujabetza digitala?

Ba, begira, horrekin ere badugu kezka-puntu bat. Unibertsitateak berak jarri du ikasleen eskura Microsoften zerbitzu bat. Eta badaude intsumisoak, baina, neurri batetik aurrera, oso zaila da intsumiso izatea. Europar Batasunak badu proiektu bat unibertsitateek eta erakunde publikoek beharko luketen software librea garatzeko. Hori egingo balitz, errazagoa izango litzateke, baina, epe motzean, behintzat, ez dut posible ikusten.

Europar Batasunak apurtu egin behar luke Estatu Batuekiko duen menpekotasun teknologikoa, eta software libreak ematen du horretarako aukera. Baina gauza hauek ondo koordinatu behar dira, eta erabiltzaileen beharrak aurreikusi behar dira; adibidez, erakundeetako langileak software berrietan trebatzea. Iruditzen zait, Europak proiektu hori aurrera eramatea lortuko balu, erakunde publiko zein pribatuetarako aukera oso ona litzatekeela menpekotasun horiek gainditzeko. Ikusiko dugu, nire ustez EHUrentzat ere aukera bikaina izango litzateke aldaketa egiteko.

Gauza asko ditugu etorkizunerako [plan estrategikoaren arbela seinalatu du]. Ea norabide egokia asmatzen dugun.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Nerea Ezeiza Ramos, EHUko Informatika Fakultateko dekanoa. Argazkia: Gorka Rubio/©Foku

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali