}

Industria kimikoa eta biokatalizatzaileak Gaikerren

1996/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txoko honetan maiz aipatu izan ditugu nazioarte-mailan egiten diren ikerketa-proiektuak. Laborategiko fasea gainditu orduko, industriako erabilpenera zuzentzen dira proiektu horietako emaitza gehienak eta berehala izan ohi dute gure bizimoduan eraginik. Zorioneko albistea da beraz, era horretako ikerketa-proiektu batean Euskal Herriko ikerketa-zentro bat buru izatea. Eta horixe da irakurle, orain kontatzera goazena.

Gaikerretik azaldu digutenaren arabera, industria kimikoetan katalizatzaileek sortzen dituzten arazoak saihesteaz gain, entzimen erabilera ahalbidetzeko urratsak ematen ari dira Innovation izeneko programan.

Gaiker Zamudioko Ikerketa-zentroa Europako Innovation izeneko programaren zuzendaritzaz eta koordinazioaz arduratuko da abendua bitartean. Hilabete horretan izan ere, hainbat ikerketa-taldek egindako lanaren emaitza ezagutzea espero da. Gaikerretik azaldu digutenaren arabera, industria kimikoetan katalizatzaileek sortzen dituzten arazoak saihesteaz gain, entzimen erabilera ahalbidetzeko urratsak ematen ari dira.

Zenbait prozesutan erabiltzen diren katalizatzaile kimikoak progresiboki baztertzeari begira ari dira ikerketa horiek egiten. Izan ere, katalizatzaile kimikoek eragin negatiboa izan ohi dute produkzio-prozesuan, lan-baldintza oso gogorrak behar baitira substantzia horiek manipulatzeko. Katalizatzaileen ordez entzimak erabiliko balira, produktuaren kalitateari eta lan-baldintza jasangarriagoei eusteko modua egongo litzateke eta gainera, entzimek ez lukete ingurugiroan ondoriorik sortuko. Gaikerren behintzat, uste horretakoak dira eta arlo hori aztertzen eman dituzten urteetan emaitza oso positiboak lortu dituzte.

Zalantzarik gabe, Ikerketa-zentro honek duen esperientzia Innovation proiektuko buru izendatzeko pisuzko arrazoia izan da. Produkzio-prozesu desberdinak zehatz-mehatz aztertu behar dira behar desberdinetara egokitzen diren entzimak zeintzuk diren jakiteko eta hortik, entzima horien erabilera definitu ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia