}

Immunosupresorerik gabeko transplanteak diabetearen aurka

2001/05/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako Alabamako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek 1 motako diabetea zuten tximinoei Langerhans-en irlak transplantatu dizkiete eta, epe luzeko immunosupresorik erabili gabe, urtebetean ez dute intsulina hartzea behar izan.

Intsulina odoleko glukosa-maila kontrolatzen duen hormona da, eta 1 motako diabetea hormona hori ekoizten duen arearen zelula-gabeziagatik sortzen da. Horregatik, gaixoek behar duten intsulina-dosia egunean bi edo hiru alditan injekzio bidez hartu behar izaten dute. Orain dela gutxi, arnasketa bidez ere har zezaketela iragarri zen (ikus "Arnas berria diabetikoentzat", 2001/02/09) baina erosoagoa izan arren intsulinarekiko morrontzapean jarraitu behar dutenez, hori saihesteko ahalegin ugari egiten dira.

Langerhans-en irlak.

Saiakuntza horien artean, transplantea da itxaropen gehien sortzen duena. Izan ere, iaz intsulina jariatzen duten are-zelulak (Langerhans-en irlak) transplantatuz arrakasta lortu zuen Kanadako ikertzaile-talde batek. Ordura arte egindako transplanteen arazorik larriena errefusa izaten zen, baina errefusa ekiditeko botika egokia aurkitu zuten nonbait, eta transplantatutako gaixoek intsulina hartzeko beharra gainditu zuten.

Errefusa saihesteko erabiltzen diren botikek immunoeskasia sortzen dute, horrela gorputzak ez du kanpo-zelulen aurka egiten. Baina epe luzera infekzioak izateko arriskua handitzen dute, eta gaixotasun autoimmuneak sor daitezke. Beraz, botika horiek erabili behar ez izatea lortzea zen hurrengo pausoa.

Alabamako Unibertsitateko ikertzaileek 11 tximinori beste tximino batzuen Langerhans-en irlak transplantatu zizkieten. Tximino horiei immunoeskasia sortzeko botika bat eta hanturaren kontrako beste bat eman zizkieten bi astez. Denbora hori pasatu ondoren, botikak kendu zizkieten eta, urtebete geroago, lau tximino botika gehiagoren eta kanpo-intsulinaren beharrik gabe osasuntsu zeuden.

Emaitzak proba klinikoak gizakietan egiteari atea irekitzen dio. Hala ere, badira arazo gehiago, adibidez emaileak lortzea; orain, hildakoen zelulak erabili behar ez izateko, ama-zelulekin ari dira ikertzen. Ea ikerketa horiek guztiak lehenbailehen onuragarriak gertatzen diren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia